Zisnearen euskal habia profesionala

DANTZA KLASIKOAN ESPEZIALIZAZIOA

Gaur egun, dantza-aurrea deritzen kontakturako ikastaroak dituzte, bost urtetik gorakoentzako, eta, gero, oinarrizko ikasketak eta ikasketa-profesionalak. Horrez gain, gradu ondoko kurtso bat ere badute, ikasketak bukatuta oraindik lanik ez dutenei eta entzunaldiak egitera dedikatu nahi duten ikasleei zuzenduta. Momentuz espezializazio bakarra dute, dantza klasikoa, baina euren nahia eta helburua dantza espainiarra eta dantza garaikidea ezartzea dira. Carmen Tercero: "Imajinatu piano espezializazio soilik irakasten den musika kontserbatorioa bat. Bada hori da gure kasua. Zenbat eta espezializazio gehieago, irakasleak eta ikasleak gehitu egiten dira edozein kontserbatoriotan". Uneotan, 161 ikasle ditu Jose Uruñuelak, Euskal Herrikoak eta bertotik kanpokoak, eta lan-taldea 20 pertsonek osatzen dute, ekipo osoa aintzat hartuta: atezaina, idazkaria, dantza eta musika irakasleak eta zuzendaria.
LAN-JARDUN DISZIPLINATUAREN EGUNEROKOA
Ikasketa profesionaletako azken kurtsoetako ikasleak -bosgarren eta seigarren maila- goizetan joaten dira kontserbatoriora, Batxilergoa gauean egin ostean. Arratsaldetan, aldiz, lehenengotik laugarren mailara bitarteko ikasleak joaten dira, eskola-orduak bete ostean. Ikasgai teorikoak eta praktikoak izaten dituzte: dantza garaikidea, arte dramatikoa, musika edota anatomia eta elikadura. "Aurten, estreinakoz, lehenengo lau kurtsoetan euskal dantza tradizionala txertatu dugu ikasketa-planean eta Gasteizko Folklore Akademiak irakasgaiaren programazioa egiten lagundu digu", adierazten du zuzendariak. Eta batzuek zein besteek guztira asteko 27 ordu egiten dituzte. "Eskolako eta Batxilergoko ikasketen lan-kargari kontserbatorioko orduak gehitu behar zaizkio eta, horregatik, ikasleak oso diziplinatuak dira denboraren antolaketari dagokionez eta baita helburuak lortzera eta lan-taldean funtzionatzera begira, egoerak kontrolatzeko gaitasun bereziak lantzen dituzte eta".
Jose Uruñuela edozein ikasleri irekita dago, hasieran behintzat. Zuzendariaren esanetan, "dantzarekin kontaktua izan nahi duen edonork egin ditzake hasierako kurtsoak". Gero, oinarrizko ikasketetan, jada, dantza-eskoletan edota akademietan ikasitako gutxieneko nozioak eskatzen zaizkie eta, hortik aurrera, bakoitzaren gorputzak dituen abilezien eta mugen araberakoa da dantza-mundua. "Karreran zehar teknikak ikasi eta trebezia lantzen bada ere, gorputzak uzten dizun eran egin behar da aurrera". Horretan irakasleak laguntzen du, ikasle bakoitzari zer esparru dagokion gomendatuz eta horretarako prestatuz; dantzaria, irakaslea edo entzulea izan nahi badu. "Gehiengoak dantzari-profesional izan nahi du, baina badira karreran zehar ideia aldatu dutenak ere, karrera oso gogorra baita: kirol-karrera guztiak bezala motza, baina gogorra", baieztatzen du Carmen Tercerok; errealitate hori gertutik ezagutzen du bere esperientziari esker. Lanbide honetan ez dela erraza karrera eta amatasuna uztartzea dio, 35 urtera arte profesionaltasunez lanean aritzeko lanbidearen edo amatasunaren arteko aukera egin behar izaten baita. "Gogorra da eta horretaz oso kontziente gara, baina gorputzak eskatzen diguna egiten dugu".
GASTEIZTIK MUNDURA: LEHEN, ORAIN ETA GERO
Jose Uruñuelak dantza irakatsi eta eskaintzen dituzten ekitaldien bidez dantza hedatu ez ezik -urtean 20-30 emanaldi egiten dituzte- lan bideratze funtzioa ere betetzen du, azken urtean ikasleari laguntza zuzena eskaintzen baitio lan-esparrura munduratzen. Izan ere, dantza-kontserbatorioak berak bekak eskaintzen dizkie ikasleei. Hauek ondo prestatuta bukatzen dute karrera eta izen handiko dantzari-profesional asko atera dira bertatik. Esaterako, Aiara Iturrioz John Crankorren eskolan hasi zen eta orain Stuttgarteko Balletean ari da. Aukera eta Dantzaz konpainietan ere ari dira ikasle ohi batzuk eta Frankfurten, Toulousen, Rotterdamen, Moscun edota English National Balleten ere aritu izan dira. Halaber, zuzendaria kontziente da, gaur egungo egoerarekin, lana aurkitzea ez dela erraza, diru-laguntzak eta subentzioak mantentzea oso zaila delako. Formazioaz eta kulturaz hitz egiten ari gara eta hori mantentzea ezinbestekotzat jo du, are gehiago Euskal Herrian bakarrak izanda.
Gaur egun, sektore askotako profesionalak utzi behar izan dute sorterria atzerrira lan bila joateko, baina dantzariek beti jakin izan duten eta orain ere badakite lanbidea profesionalki garatzeko aukerak izateko atzerrira joan behar dutela. Lehenengo entzunaldiak egitera eta, gero, plaza lortuz gero lan egitera. Izan ere, "entzunaldiak egiteak meritu handia du, mundu osoko konpainietako profesionalekin batera parte hartzen baituzu hautaketan eta, benetan, lan gogorra izaten da, askotan ezer lortu gabe buelta egin behar izaten duzulako etxera". Esfortzu handia eskatzen du norbere tokia bilatzeko lanak ere, nahiz eta gero, behin nazioartean izena lortuta, cachea duten dantzari profesional gisa ikusten dituen gizarteak oro har. "Euskal Herrian dantzariak eta konpainiak nahi badira aukera anitza eta osoa eskaintzen duten dantza-kontserbatorioak ezinbestez egon behar dira eta, gero, noski goi-mailako ikasketak egiteko aukera", alegia, egiturak ondo antolatuta egon behar duela, musika alorrean dagoen bezala.
