Dokumentuaren akzioak
Zirtzilen agurra
'Libertimendua'-k ongietorria eginen dio udaberriari, antzerkia, dantza eta bertsoa elkartuz
Iaz lehen aldiz entseatu eta, esperientzia kolektiboak funtzionatu duela oharturik eta gazteen artean sinergia sortu dela ikusirik, igande honetan Donibane Garazin berretsiko dute Libertimendua. 09:30ean kabalkada abiatuko da, eta 11:30ean trinketaren parean jarriko dira Garaztarrak taldeko dantzariak, Lizeoko zirtzilak eta Ameztoi, Erremundegi, Hiriart, eta Mateo bertsolariak, Libertimendua-ren emateko.
Aurten, gainera, zentzu berri eta egokiagoa biltzen du hitzorduak, iaz ez bezala aldi honetan Santibate ospatua baitute. Joan den otsailaren 2an izan zen hori. Eta Libertimendua-k Santibateri oposatuz biltzen du bere zentzu guztia.
Santibate zirtzilen inauteria da, gauekoa da, negukoa. Ostatuz ostatu eske iragaten den gaua. Libertimendua, berriz, dantzariena da, udaberriarena, egunaz dena. Zehazkiago, Libertimendua zer den esplikatzeko, Antton Lukuk, proiektu honen eramaileetako bat denak, Maskaradarekin konparatzen du. Biziki hurbil ikusten baititu izpirituan, nahiz eta estetikan desberdinak izan: «Zirtzilen agurra bezala ikus daiteke Libertimendua. Horiek mendian bizi zirenak ziren. Zaldun inautez primaderan sartzen baikara, badakigu joanen direla. Eta joan aitzin, berenak erraten dizkiete bazter guztiei, ez baitira hor izanen biharamunean ondorioen jasateko». Zirtzil horien artean, badira urtero berriz heldu diren pertsonaiak. Kabana handia anitz iduri duen Xebastian Gillomet, adibidez, bertso zaharrek diotenez, nahiz eta maskarada biziki hobeki kontserbatu den. Garaziko Gillomet ez zen hain definitua. Inprobisatzen zen gehiago.
NOSTALGIARIK GABE. Dena dela, Libertimendua-ren proiektua ez dute nostalgiaz birsortua. Bertsoetan atzeman pertsonaiak ez dituzte berriz ezartzen, berriz ezartzeko: «Uste dut folklorekeria hutsa litzatekeela hori egitea. Zer nahi dugun erran, eta gero hautatzen dugu pertsonaien katalogoan. Horrekin egiten dugu oraino balio duen Libertimendua. Betiko printzipio horiekin oraingo jendeei, gatazkei eta funtsari mintzo zaie». Nor den zirtzila gaur egun? Zer diren gai minberak? Eta horri egokitu. Gaiak lizeoko ikasleek hautatuak dituzte, haiek baitira zirtzilak izanen. Egunkarietan atzemanak dituzte, eta gero taldean elkarri josiak. Gaiak lehia batean ere eraikiak dira. Lehia bat baita dantzari eta zirtzilen artean. Zirtzilak kanpokoak dira; dantzariak, Bolantak, berriz, bertakoak dira. «Dantzari izateak diziplina bat eskatzen du. Metodoa. Kolektibitatearen kontzientzia handia. Zirtzilen hautua bestelakoa da. Ausartzia, utzikeria da. Eta hori ere behar da. Denok badakigu bizian zerbaiten egitekotan behar dela ausartu, eta aldi berean kolektiboa ere ukan».
Bien erdian, arbitroaren lekuan, bertsolaria dago: «Zirtzilaren ausartzia badu, baina aldi berean, hitz neurtuz ari dela, badu dantzariaren metodoa, elegantzia eta zibilizazioa». Zirtzil, bertsolari eta dantzarien arteko jokoa bururatu eta, Libertimendua dantzan bururatzen da, hots, beti primaderak irabazten dio neguari: «Eta guk euskaldun bezala sinesten baitugu lanean, ba, lanak irabaziko dio utzikeriari».
«Betiko printzipioak hartuz gaur jendeei, gatazkei eta funtsei mintzo zaie 'Libertimendua'»
ANTTON LUKU
'Libertimendua' proiektuaren eramaIlea
Dokumentuaren akzioak