Dokumentuaren akzioak
Zirraraz beteriko urratsak
Sanferminak Iruñean. Dantza jaialdia
«Izugarria». Dantzari batek horrela deskribatu du
jaialdia. «Izerdi patsetan nago, baina oso gustura geratu naiz», azaldu
dio Otsagabiako jantzia daraman mutil batek besteari. Txupinazoaren
ondotik, jendetza bildu ohi da Foruen plazara dantza jaialdiaz gozatzeko
asmoz. Aurten ere dantzariek jendez mukuru aurkitu dute plaza.
Eguraldia lagun izan dute Iruñerriko dantza taldeek, eta Agintariena,
Otsagabiako dantzak, Matelota eta Pilindros jota dantzatu dituzte
iruindarren begiradapean.
Euriaren mehatxuak loak hartu ezinik
utziko zuen bat baino gehiago bart. Baina goizean goizetik argi geratu
da euririk ez zuela eginen. Hodei bakan batzuk zeruan, eguzkiak gogor jo
du Foruen plazan. 13:00etan, 25 gradutik goiti markatu du termometroak.
Bien bitartean, dantzariak urduri egon dira plazan sartzeko tunelean
zain. Urdaileko tximeletak lasaitzeko-edo, kantuan eta dantzan ibili
dira gehienak. Izan ere, dantzaldia bezain garrantzitsua da tuneleko
momentua. Plazara sartu aurreko kantuak gogoko dituzte batzuek.
Garaiz
atera dira dantzariak plazara, Ortzadar taldeko musikarien kalejira
doinuarekin. Batzuk plazan zirelarik, beste batzuek kantuan jarraitu
dute tuneleko iluntasunean. Ortzadar taldea atera da lehenbizi, aurten
eurek eraman baitute Agintariena dantzatzeko ikurrina. Atzetik izan ditu
Txori Zuri, Amaiur, Ardantzeta, Duguna, Elordi, Harizti, Iruña Taldea,
Larratz, Mikelats, Muthiko Alaiak eta Oberena.
Ikurrina hemen ere
Aurten
inoiz baino leku gutxiago izan da dantzatzeko, tabernek eta terrazek
urtetik urtera leku gehiago hartzen baitute. Dantzari aunitz kexatu da
egoera ikustean. «Ez dago eskubiderik, urtetik urtera geroz eta leku
gutxiago uzten digute», esan du neska batek. Beste bat txantxetan ibili
da esanez urteren batean errepidean dantzatu beharko dutela.
Plazari
itzuli osoa eman ondotik hasi da jaialdia. Agintariena izan da
lehenbiziko dantza. Zinez momentu hunkigarria izan da dantzari oro
ikurrinaren eta Nafarroako banderaren aurrean makurtzea. Bigarren
bandera normalean ez da haizatzen. Udalak prestaturiko egitarauaren
barnean euskal kulturari eta identitateari eskainitako leku bakanetakoa
da dantza jaialdia, eta jendeak ere eskertzen ditu horrelakoak; txalo
zaparrada eta irrintziak izan dira horren lekuko.
Mutilen txanda
ailegatu da ondotik. Otsagabiako dantzak plazaratu dituzte, eta makilik
gabe geratu da bat baino gehiago. Enperador, Katxutxa eta Modorro
aurkeztu dituzte lehenik; jota eta Pañulodantza gero. Jendeak aski
txalotu ditu mutilak, eta aunitz izan dira, makila noiz apurtu zain-edo,
adi-adi begira zeudenak.
Neskak izan dira dantzatzen bigarrenak,
eta Matelota plazaratu dute. Aurrekoak baino dezente freskoago etorri
dira haiek, arrantzale jantziekin. Eguraldia bezala, jendea berotuz joan
da emanaldiak aurrera egin ahala, eta Matelota dantzatu dutenek animoak
eta bibak jaso dituzte ikusleen artetik.
Hirugarren dantza
Tafallakoa izan da: Pilindros jota. Mutil eta neskak irribarretsu ibili
dira dantzan, eta ziurrenik ikusleen artean izan da altxatu eta haiekin
dantzatzeko gogoa izan duenik. Kalejira handi batek eman dio amaiera
dantzarien emanaldiari.
Berritasunak amaieran
Dantzariek
egin beharrekoa egin dute lau dantza horiekin. Hala ere, amaitzeko
inoiz ez da Larrain dantza falta. Gainera, aurten berritasun bat izan
da. Ortzadarreko musikariek jauzi bat jo dute begira zirenak plazara
ateratzeko. Baten bat ausartu bada ere, gaita doinuak aditu arte ez dira
atera gehienak.
Foruen plaza txiki geratu da Larrain
dantzarekin. Batzuk zuriz, besteak txupinazoan zikindutako arroparekin
eta dantzariak haien trajeekin. Denak bildu ditu Lizarrako dantzak.
Entrenatzeko balio du, sanferminetan gehien dantzatzen den dantzetariko
bat baita Larrain dantza. Ikasteko ere, eta batzuk parekoaren urratsak
jarraitzen ibili dira. Bakoitza alde batera, bakoitzak bere urratsa,
baina denek elkarrekin gozatu dute dantzan.
Irribarrea ahoan izan dute neskek Matelota dantzatzean. Egun oso berezia denik ez dute ezkutatu Iruñerriko dantzariek. / LANDER F. ARROIABE/ ARGAZKI PRESS
Pilindros jotak elkartu ditu neskak eta mutilak. / LANDER F. ARROIABE/ ARGAZKI PRESS
Mutikoek Otsagabiako jotarekin gozatu dute. / LANDER F. ARROIABE/ ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak