Dokumentuaren akzioak
Zirrarari eutsi ezinik
Kritika, Lyongo Operako Balleta
Fantasie izeneko koreografiak zabaldu du egitaraua, eta haren bitartez Sasha Waltz koreografoaren estiloa eta konpainiaren maila bikaina ezagutzeko parada izan dugu. Hasierako uneak erabateko isiltasunean igarotzen dira, eta haietan kamera geldo-geldoan balitz bezala ikusten dugu bi gizonen arteko borroka. Beranduago, baina, soineko urdin ederreko neska bat sartuko da eszenan, eta hortik aurrera gero eta paisaia onirikoagoak deskribatuko ditu Waltzen koreografiak, Schuberten piano musikak lagunduta. Pieza honetan estimagarriak dira dantzarien beso eta zangoen luzapenekin lortutako konposizio eskultorikoak, Martin Hauken argi diseinuari esker balio piktorikoa ere hartzen dutenak. Kontrako platerean, aldiz, luzeegia egin zaigu gizaki-hegaztien pasartea, eta horrek zertxobait moteldu du pieza osoaren distira.
Bitxia bada ere, Victoria Eugenia zaharrean ikusi genuen William Forsytheren Steptext, 2000. urtean, baina oraingoan ere harridura sortzen du 80ko hamarkadan sortutako piezak, badirudielako koreografoa ikusleekin jolastu nahian dabilela. Izan ere, Forsythek berak sortutako argi diseinuak aretoko argi arruntak, ikusleei begirako fokuak eta erabateko ilunaldiak tartekatzen ditu, eta Bachen musika ere etenaldi bortitzez josita erabiltzen da. Anartean, beltzez jantzitako hiru gizonak eta gorriz doan emakumea bikoteka aritzen dira gehienbat, ballet klasikoko teknikatik irten gabe baina pisutasunik gabeko mugimendu libre, aratz eta etereoak eraikiz, koreografoaren ariketa algebraiko perfektua zeharo osatu arte.
Baina emozioen igoera Jiri Kylianen Bella figura-rekin heldu zen bere mailarik gorenera. Lukas Foss, Pergolesi eta Alessandro Marcelloren pasarteak integratzen dituen soinu-giroak lehen momentutik harrapatzen gaitu, eta eszena-oihalen desplazamendu ezohikoek artega moduko bat eragiten dute gugan. Dimentsio berezi horretan murgilduta, dantzariek energia eztanda labur-laburrekin zipriztintzen dute euren pausoen muturreko leuntasuna, eta dantzak aurrera joan ahala, gero eta nabariagoa da koreografoaren ideia jario agortezina. Gorputzen biluztasun ia osoak eta alboetan piztutako sugarrek erritual estrainio batean egotearen sentsazioa areagotzen dute, eta amaiera pasarteko isiltasun erabatekoan ez naiz ausartu ezta listua irensten ere, hain izan da trinkoa gu guztiongan sortutako zirrara...!
Piezak eta koreografoak: Fantasie (Sasha Waltz), Steptext (William Forsythe), Bella figura (Jiri Kylian).
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia.
Data: Apirilak 14.
Dokumentuaren akzioak