Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zirku dantzatua

Dokumentuaren akzioak

Zirku dantzatua

Momix Forever

Konpainia: Momix. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 1.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2016/11/03
Lotura
Berria

Garai batean ohiko kontua zen Momix konpainia estatubatuarra Arriaga antzokian ikustea. Gutxi gorabehera bi urtean behin etortzen zen, eta hamarkada batean Moses Pendletonek sortutako bost ikuskizun ekarri zituzten. Azkena 2011n izan zen eta orain Momix forever izenekoa dugu, konpainiaren 35. urtemuga ospatzeko.

Esku-programan dakarren konpainiaren testuak izenburu hau darama: «Momix, 35 urte azkengabeko berrikuntzan». Gauzak zer diren, hainbeste urte funtsezko ideia bera errepikatzen eta haren bildukinen erakustaldian galduta, eta orain 'azkengabeko berrikuntza' deitzen diogu pasa den mendetik darabilgun hutsaltasun sideralari.

Arte eszenikoen arlo komertzialean ohikoa denez, etekin polita atera dakioke tiraderetan gordetako material zaharrak berreskuratuta, eta urtemuga borobilek aukera ona ematen dute horretarako, batez ere dantzarako inspirazioa hasi bezain laster agortu zenean. Bide horretatik, Pendletonek aspaldiko lan batzuetatik hartutako pasarteak hautatu ditu, hiru sorkuntza berri gehitu eta hamabost pieza laburreko egitaraua ekarri digu oraingo honetan.

Konpainiaren betiko estiloari jarraikiz, muturreko arduraz zaindu dira mugimenduaren inguruko alde eszeniko guztiak, eta beharbada haiengatik joan gara emanaldia ikustera. Ulertzekoa denez, distira eszenikoan eta ikusleen erosotasunean oinarritzen den ikuskizun orok arreta berezia jarri behar du jantzietan, argietan eta musikan, zirkuan bezalaxe, eta hori berori gertatzen da Momixen emanaldietan, halako moldez non bakarrik jantziak eta argiak ikusi eta musikaz gozatzearren mereziko zuen sarrera ordaintzea. Ez ordea, dantzaren planteamenduengatik, haietako batzuei begiratuz gero atarramentu hobea aterako genukeelako Olinpiar Jokoetako gimnastika erritmiko saioak ikusiz gero.

Izan ere, zirku-kutsu garbia eduki duten lau saioak dira salbatzeko moduan geratu diren bakarrak, gainontzeko guztia betelan hutsa izan delako, ahanzturaren zulora bidaltzeko modukoa. Beraz, Pole dance piezarekin geratuko gara, hiru gizon atletikok haga luze banarekin egin duten edertasun eta indar erakustaldiagatik, eta Table Talk ere gogoratuko dugu, Steven Ezra ahalmentsuak mahai baten inguruan sortu duen zirku-koreografia umoretsuagatik. Izan ere, Steven Ezra eta Rebecca Rasmussen artista handien pare ibili dira, eta beraien esku egon dira beste bi saio nabarmen bakarrak: Dream Catcher, Moebiusen zinta gogoratzen duen tramankulu metalikoan jiraka, eta Tuu, bi gorputzen arteko akrobazia geldoan murgilduta eta harriarena bezalako giharra eta tinkotasuna erakutsiz.

Dokumentuaren akzioak