Dokumentuaren akzioak
Zirimolak agertokira
Euskal arte eszeniko garaikideen Zurrunbilo jaialdia antolatu du Gasteizko Baratza aretoak, hirugarrenez. Gaur hasi eta igandera bitarte, askotariko emanaldiak izango dira ikusgai
Egitarau «oparoa» antolatu dute Zurrunbilo jaialdiaren hirugarren aldirako. «Denetarik egongo da: antzerkia, dantza, musika, poesia... Arte eszenikoen barruan diziplina asko sartzen dira, eta horiei guztiei leku egin nahi izan diegu oraingoan ere», azaldu du Suarezek. Hori baita jaialdiaren xedea, finean: eszenaren haize guztien elkargune izatea. Izen handiko emankizunak izango dira, baina baita ibilbidea hasi berri dutenak ere. Suarez: «Euskarazko arte eszenikoak kalitatezkoak dira; oso ugaria da sorkuntza, eta maila onekoa». Hala ere, hirian euskaraz programatzeko zailtasunak daudela aitortu du. «Aretoak ez betetzearen beldur edo kezka hori hor dago». Bada, Baratza aretotik «bultzada txiki bat» eman nahi diote eszenari. Aurreko bi aldietan, gainera, beste ekitaldi batzuekin bat etorri da denboran jaialdia, baina aurten ez da halakorik gertatuko, eta aretoak betetzea nahiko lukete.
Gaur abiatuko da jaialdia, 21:30ean, Oihaneder Euskararen Etxean. Antzerki inprobisatua eskainiko dute: Bufoi ipurterreak vs. Titiritero ahoberoak. «Inprobisaziorako ohitura handia dago hirian, baina ez da euskarazko aukera handirik», dio Suarezek. Hala, Jose Teran aktorearen gidaritzapean Oihanederren egiten ari diren ikastaroa baliatu nahi izan dute horren emaitza agertokira eramateko.
Bihar, berriz, Monstrenko kolektiboaren Maitasunezko bi istorio eta marko teoriko bat lana aurkeztuko dute. Maitasunaren jiran arituko dira Itziar Rekalde eta Eñaut Armentia Baratza aretoan. Horren ostean, zinema eta dantza uztartzen dituen Oskara plazara emankizun arrakastatsua taularatuko dute Kukai dantza taldeko kideek.
Larunbatari dagokionez, aldiz, TOMIRIS, mendeku zilegi baten istorioa ikuskizunaren estreinaldia egingo du ATX konpainiak. Indarkeria matxista du ardatz obrak, eta errealitatea eta fikzioa uztartzen ditu. Emanaldiaren ostean, solasaldi bat antolatu dute konpainiarekin. «Pieza berria denez, sortze prozesua ikusleari gerturatu nahi diogu», nabarmendu du Suarezek. «Estreinaldia ez da beti erraza izaten, baina ikusleen erreakzioaren berri izatea beti da aberasgarria».
Hozkailua antzezlana eskainiko du Huts Teatroak igandean. Unai Iturriagak idatzi, eta Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak gorpuztutako obrak umore beltza du oinarri. Emankizunaren ostean, Ibon RG bakarlariaren kontzertuarekin emango zaio Zurrunbilo jaialdiaren aurtengo edizioari amaiera.
Zurrunbilo jaialdiaren antolatzaileak, Gasteizko Baratza aretoan. JUANAN RUIZ / FOKU
Dokumentuaren akzioak