Dokumentuaren akzioak
Zirikolatz, 45 urte Senpereko herria dantzatik eraikitzen
«Euskara laguntzeko egin nuen. Ikusi genuen gazteak biltzen zituela, euskaradun edo euskara gabe, edozein alderditakoak ere bai. Gazteak biltzeko molde bat da zerbait ederren egiteko, biziki inportantea da», dio Henri Duhauk, Senpereko Zirikolatz euskal dantza taldearen lehendakari sortzaileak. Orain 81 urte dituen idazle lapurtarrak sortze horretaz geroztik 18 urte eman zituen taldearen buruzagitzan.
Gaur, hurbiletik segitzen ditu 1979an sorturiko dantza taldearen pausuak. Nahiz eta «1972an sortu ginen berez, hortik bost urtera, 1979an gure gain jarri ginen osoki», zehaztu du Duhauk. Senpereko oihan baten izena hartu zuen taldeak, Zirikolatz, eta urteetan zehar, ehunka dantzariren bilgunea bilakatu da. «Elkarte hau Senpereko biziaren zutabe nagusienetarik bat da», diote eramaileek.
Aurten bere 45. urteurrenera iritsi da Zirikolatz, egitarau berezi batekin ospatuko duena. Gaur egungo eta lehengo dantzariak elkartu dira, herriko musikarien erritmora, ‘Dantz’hari’ ikusgarria prestatzeko. Zehaztu dutenez, «zortzi eta 74 urte arteko ehun bat dantzarik parte hartzen dute. Dantz'hari hitz jokoa da: izen honek dantzaria, dantzan ari eta dantzak belaunaldi desberdinen artean sortzen duen haria aipatzen ditu». Bi emanaldi* eskainiko dituzte, apirilaren 26ko 20:30ean eta biharamuneko 18:30ean, Larreko gelan.
«Uste dut zerbait ederren apailatzen ari direla», dio taldearen lehen eramaileak, eta testuinguru horretan, «nik ere nire partetxoa ekarri behar nuela iduritu zait eta hasi naiz oroitzapenak biltzen eta lantzen». Lan horrek Zirikolatz dantzari taldea (2024) liburua eman du emaitza gisa. 200 orrialde pasatan, sortzetik, gertakari, argazki, bilkura, emanaldi, parte hartzaile, oroitzapen zein prentsan agerturiko artikuluak biltzen ditu. Leku-Onan salgai da, Senperen.
Saretzea eta transmititzea
Memoria ariketa izan da Henri Duhaurena, berea, taldearena, baina batez ere, etorkizuneko belaunaldiei begirakoa: «izigarri kaltekor da iragana ez ezagutzea. Ez dut bakerik ene baitan idatzi arte. Ikusi duguna, sentitu duguna, bizi duguna partekatu nahi nuen».
Azaltzen duenez, 1972an hasi zen dena. Senperen dantzari batzuk baziren, gehienak neskak, baina bozpasei mutiko ere, irakaslerik gabe. Beskoitzetik bertara iritsi berria zen Duhau eta «han ere gauza bera gertatu zitzaigun». Horrela, sorterrian harturiko erabakiak aplikatu zituen: «Koldo Zabala lorietan etorri zen Beskoitzera. Gauza bera egitea proposatu nuen Senperen eta hala gertatu zen. Horrela abiatu ginen, ahal zen bezala, aterbe batean».
1977an lokala eskuraturik, taldea egituratu eta buruzagitza hartzea proposatu zioten. Momentuan bere denbora beste borroka batzuei eskaintzen bazien ere, proposamenari heina hartu zion. «Garai hartan, Ikastolak doi-doia sortzen ari ziren, Korrikarik ez zen, zein ahul ginen… dantza sail horri lotzea iruditu zitzaien aitzina egiteko bidea». Senperen zein Ipar Euskal Herriko beste haimaka herritan, «bazen mugimendu bat arrunt handia dantzaren inguruan», Hegoaldean ere hedatu zena, «gordeka edo ikurrinarik gabe, Franco baitzen oraindik, baina bazen mugimendu bat».
Abertzaletasunak ezaugarritzen zuen dantzaren inguruko mugimendu hura gailurrera iritsi zen 80ko hamarkadaren inguruan, lehendakari ohiak oroitarazi duenez. «Pizkunde orokor» horren baitan dantza taldeek garrantzia hartu bazuten, Euskal Dantzarien Biltzarrari (gaur, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra) esker ere bada. «Dantzari Eguna, Dantzari Ttipi eta ikastaldiak eginez sekulako laguntza izan zen, hori gabe gure taldea ez zen sortuko». Ez da soilik senpertarren artekoa, «Euskal Dantzarien Biltzarraren errotik, horren baitan sorturiko taldea da».
*Sartzeak: 14 euro helduentzat eta 10 euro 5-14 urte artekoentzat. Esteka honetan salgai dira.
Dokumentuaren akzioak