Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zinetika jaialdia Iruñera helduko da gaur

Dokumentuaren akzioak

Zinetika jaialdia Iruñera helduko da gaur

Komunikabidea
Euskalerria Irratia
Mota
Albistea
Data
2020/10/30
Lotura
Euskalerria Irratia

Zinetika jaialdia Iruñera helduko da gaur

'Bizimina' dokumentalaren irudi bat.

Nazioarteko film laburren proiekzioak, Jon Maia eta Pablo Ibarbururen Bizimina filma eta eskola magistrala, Jaco Van Dormael eta Michele Anne De Meyren eskola magistrala, Ziomara Hormaetxe konpainiaren performancea eta Becky Siegelen tailerra eskainiko dituzte.

Dantzaren, ikus-entzunezko lengoaiaren, gorputzaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzea helburu duen jaialdia da Zinetika, eta hibridazio hori oinarri duten obrei egiten die tokia. Bosgarren jaialdia da aurtengoa, hilaren 23an hasi zen, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur aretoan; ondoren, Bilboko BilboArtetik igaro zen; eta, azkenik, gaurtik igandera bitarte egoitza nagusian izango da, Iruñeko Baluarte auditoriumean.

El Trastero Creativo taldeak antolatzen du Zinetika diziplina anitzeko jaialdia 2016tik, hainbat entitateren laguntzarekin. Dantzak, ikus-entzunezko hizkuntzak, gorputzak eta teknologiak bat egiten dute jaialdian, gogoeta sustatzeko asmoz.

Zinema da jaialdiaren oinarria, eta osotara nazioarteko 24 film labur eskainiko ditu, lau ataletan banatuta: Sail Ofiziala, Open Screen, Zinetiks eta Dokumentala. Eskaintza zinematografikoaz gain, programazioak beste zenbait proposamen ditu. Batetik, Kukai dantza konpainiak eta Arena Comunicacion ekoiztetxeak elkarlanean ondu duten Bizimina dokumentala emango dute: dantza, espazioa eta argazkia lotzen ditu, eta konfinamendu garaian filmatu zuten oso-osorik. Horrekin batera, Jon Maia eta Pablo Ibarburu lana sortzeko prozesuaz solastatuko dira, eskola magistral batean. Igandean Iruñean eskainiko dituzte biak ala biak.

Hori ez da izango eskola magistral bakarra, ordea: Belgikako Jaco Van Dormael zinemagilea eta Michele Anne De Mey koreografoa beren obretatik abiatuko dira, ikusleak emozioak beste eskala batean aurkitzera gonbidatzeko. Iruñean emango dute eskola, gaur.

Bi performance ere izango dira, biak Iruñean. Bihar, Errioxako (Espainia) El Patio Teatro konpainiak A mano (Eskuz) performancea taularatuko du. Eskuekin eta lokatzarekin egiten den performance bat da; ez dago teknologiarik, baina osagai zinematografiko garrantzitsuak daude piezan, irudiak osatuz istorio bat kontatzen delako. Bihar, berriz,. Ziomara Hormaetxe konpainiak Biopiracy performancea egingo du, teknologiaren aukera «kezkagarri eta itxaropentsuenen» ingurukoa.

Azkenik, igandean ere, tailer bat egongo da. Becky Siegel koreografoak irakaskuntza metodologiak egokitzeko jarraibideak erakutsiko dizkie dantzako profesionalei, eta aniztasunak sormen prozesuetan duen aberastasuna aztertuko du. Jarduera guztiak aurrez aurre egingo dituzte, Van Dormaelen eta De Meyren eskola izan ezik.

Dokumentuaren akzioak