Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zimurren tartetik dantzan

Dokumentuaren akzioak

Zimurren tartetik dantzan

50 urtetik gorakoekin sortu lana aurkeztuko du gaur EliralE konpainiak Urruñako Leclerc supermerkatuan

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2007/06/16

Gaur aurkeztuko duen Pastiche ikuskizuneko dantzariek 50 urte baino gehiago dituzte. Desafioa zorrozteko, gainera, denak dira esperientziarik gabekoak. Herri elkargoaren aldizkarian egin deialdiari esker atzeman ditu. Zortzi emazte eta gizon bat, erizain, fisika irakasle edo tren gidari, behingoan gizartearen kodigoak bazter batean utzi eta zinezko dantza garaikidearen sorkuntza baten aktore dira bihurtu. Horretarako, hasiera batean, dantza garaikideari buruzko mintegi bat jarraiki dute. Hasteko, dantza garaikidea zer den dastatzeko. Nola berotzen den gorputza, nola idazten den koreografia bat inprobisaziotik abiatuz, eta beste.

INPROBISATZETIK JALGI INDARRA. 25 minutuko obra bat osatu dute elkarrekin dantzari bakoitzak ekarri argazkietatik. Gustukoak zituen bost argazkien inguruan solo bana asmatu behar izan dute. Atera den energia dute kudeatu Telleriak eta Celia Thomas EliralE-ko beste koreografoak. Errepika oren anitz egin eta, azkena gaur beren burua dantzari gisa aurkeztu arte. Esperientzia aberasgarria izan da Telleriaren iritziz. Norberaren gorputza maitatzen ikasteko, bestearenari konfiantza egiteko: «Interesgarria izan da ohartzeko bizi izana den gorputz bat ere ederra izan daitekeela. Haiek ere oraino bizirik dute seduzitzeko gogoa. Gorputzak dituen mugekin, baina intentsitate berezi bat emanez altxatzen den besoaren mugimendua ederra izan daiteke». Teknika ez menperatu arren, emozioaren bidez landu dute dena, eta hori sentitzen dela segurtatzen du Telleriak. Hori bai, ez da beti erraza izan eta gaurkoari begira beldurra hor dago, baina baita gogoa ere.

Ez baitute ohiko leku batean emanen. EliralE konpainia azkenaldi honetan lanean dabil dantza antzokitik ateratzeko. Gaurkoari dagokionez, 12:00etan Urruñako Leclerc supermerkatuan estreinatuko dute beren dantza. 19:00etan Donibane Lohizuneko Louis XIV. plazan eta azken emanaldia bihar izanen dute Sarako plazan.

Ez ohiko lekuak, «dantza espero ez duzun lekura ekartzeko». Ikerketa bat: «Eguneroko toki bateko giroan dantzaria eta ikuslea alderatzea ikusleak zer erreakzio izan dezakeen begiratzeko. Nahi badu lekutzen ahal da, hori kontuan hartu behar den arriskua da».

Open Brass taldeko15 musikarik lagunduko dituzte dantzariak. Modest Mussorgskiren Les tableaux d'une exposition zatia interpretatuko dute.

Hiru emanaldi horiek izanen dira bakarrak. Proiektuari segida bat ematea zaila ikusten du Telleriak. Egonkortuz eta eguneratuz, azkenean, animazio hutsa bilakatzeko arriskuan dago, «intentsitatea galduko luke». Hor lan artistiko oso bat nahi izan du eraman. Adinekoekin bukatu eta, heldu den proiektuarekin haurren munduan sartzekoa da konpainia.

Dokumentuaren akzioak