Dokumentuaren akzioak
Zilegi bekit
Dantza solteko edo aurresku lehiaketetan aspertu egiten naute oholtza gainean ikusten ditugun dantzari garatu horiek. Perbertsioa izan liteke, baina nik nahiago dut inperfekzioa. Nahiago dut dantzan ikusi herren bat, haur bat edota amama potola bat, plazaren erdian edo ezkontza ondoko festa batean, oholtza gaineko atleta perfektu horiek guztiak baino. Errepikakorra eta sorpresa gabekoa egiten zait lehiaketako ikuskizuna. Gauza bertsua gertatzen zait bertsolariekin ere.
ULERTZEN dut horretan dabilenarentzat ezinbestekoa izatea teknikaren lanketa. Agian ez du beste biderik izango. Baina entzule bezala, arriskutsua iruditzen zait Txapelketak hartu duen bide hori, bertsolaritzarentzat berarentzat, gainera. Garapen teknikoa saritzen da, eta hala beharko du izan seguruenera, -jauna, ni ez naiz nor-, baina kontua da, nik neuk gozamen handiagoa edukitzen nuela beste bertsolari mota bat zegoenean oholtza gainean. Ene ustez, ezkutuan geratu dira bertsolari bikain asko eta asko teknika saritzearen kariaz. Interes handiagokoak eta biziagoak egiten zitzaizkidan saio haiek. Agirre, Peña, Telleria, Alkat, Mañu, Sarasua eta beste hainbatek, akatsak eginen zituen akaso, baina bazuten zer kontatua, arraioa!, eta gainera oso era partikularrean.
Orain dena iruditzen zait gezagoa eta sorpresa gutxiagokoa. Neu ere gogaituxe eta zahartuxe, agian. Irrigarria ere egiten zait maiz, bertsolaritza Parnasora eramateko ahaleginean, bertsolaritzatik eskolagabekeria oro ezkutatzeko desira hori, Amezketarra inoiz izan ez balitz bezala. Aurki Katedra bat nahi izango da Euskal Herriko Unibertsitatean eta izanen da horren alde agertuko den Doktorerik. Hala ere, benetan aitortzen dut saio teoriko bikain askoren lekuko izatea ere egokitu zaigula garaiotan, lehenago poesia izan nahi zuena orain erretorika bihurtuta ikusteraino. Bedi hori ere. Baina poesia eta bertsolaritza bi kontu direla esateagatik ere entzunak gara hamaika, gaur baino lehen.
DUDARIK gabe Unai Iturriagak eta Bertsozale Elkarteak dakite gai honetaz guztiaz nik baino mila bider gehiago eta hobeto, eta haiei egin behar zaie kasu, zalantzarik gabe. Zintzoki diot hori, haiena da eta egiazko kezka eta gogoeta. Ez nirea. Baina, hala ere, zilegi izango ote zait nahi dudana aitortzea inor hainbeste mindu gabe! Niri neuri, aspergarri xamarrak egiten zaizkit korrekzioa helburu duten ariketa artistikoak. Nahiago ditut askozaz, adieraztea helburu duten beste horiek, akats eta guzti. Zer egingo diogu, bada.
Eta amaitzeko beste kontu bat argitu nahi nioke Iturriagari, jakin beharko bailuke, honez gero, gauzak literalki adierazteko balio dutela kakotxek, eta ez beste ezertarako. "Idiotizante" eta "agriculturizante" hitzak egozten dizkit nire aspaldiko artikulu bat dela eta, baina hitz horiek ez nituen nik horrela sekula idatzi. Lupaz begiratu dut.
Dokumentuaren akzioak