Dokumentuaren akzioak
Zigorrak laster
Unanuko inauteriek ez dute etenik ezagutzen, ezta 36ko gerra garaian ere; mamuxarroak kalean izan dira aurten ere, karatula eta hurritz makilarekin korrikaldi ikusgarriak egiten eta eragiten.
Mamuxarroak dira Unanuko inauterietako pertsonaia nagusiak. Galtzazpi zuri luzeak eta kamiseta mahuka luzea soinean, gerriko gorri edo beltza bueltan, zapi koloredunak buruan, txano zintadunak gainean eta bi metroko baino gehiagoko hurritz makilak eskuan. Inaute igandean eta asteartitan Unanuko kaleetan harrapatzen dutena hankatan jotzen dute, salto egin, lasterka hasi edo belauniko jartzen den arte.
Unanun bi egun horietan ospatzen dituzte inauteriak. Sakanako herriak aberatsak dira Garizuma aurreko egun horien ospakizunetan, eta zenbaitzuetan ohitura da inauterietako pertsonaiek makilekin kalean daudenak jotzea. Unanuko mamuxarroek eta Urdiaingo momoxarroek makilak erabiltzen dituzte, baita Arbizuko txatarrek ere, eta Ihabarren moxorroek erratzak hartzen dituzte eskuan, uretan busti eta simaurretan zikindu ondoren. Aurten inauteriek egutegian sortu duten nahasmena tartean, azken herri horretan etzi aterako dituzte mozorroak.
«Unanuko inauteriak bereziak dira», horrela dio Mikel Nazabalek: «Egiazkoenak». Sakanako inauteriak ikertzen ari da Nazabal. Mamuxarroen bereizgarrietako bat karatula da. Aurpegia estaltzeko eta anonimotasuna gordetzeko erabiltzen dute, eta, herrikoen hitzetan, Erdi Arokoak dira gordeta dauden zaharrenak. Brontzezkoak dira, arinak, eta margoek aurpegi zurrunak eta beldurgarriak irudikatzen dituzte. Horien ondoan berriak ere badituzte Unanun, galdutako karatula zahar batzuk ordezkatzeko, eta margoa berriagoa izanagatik, beldurgarriak dira horiek ere, batez ere zuloetatik bi begi ezezagunek begiratu eta mugitzen ez den aho batek, builaka, laster egiteko esaten duenean.
Herriko gazteak bazkalondoan elkartzen dira, eskoletako lokalean. Kristobal Mozok eta Balentin Mozok 81 eta 88 urte dituzte, hurrenez hurren, eta diotenez garai batean soldaduskako kintoak janzten ziren mamuxarro. Gaur egun, herriko gazte guztiak janzten dira, ez baita lehen bezain beste jende, baita senideak unanuarrak dituzten beste herri batzuetako gazteak ere. Pasa den igandean hamalau aritu ziren lasterka, eta herenegun, sei. Asteartean «zaharrak» ateratzen dira, 18 eta 30 urte bitartekoak gutxi gora-behera, eta bi egun lehenago «zaharrak eta gazteak», 15 eta 30 urte bitartekoak. Guztiak lokalean janzten dira. «Gure garaian 13:00etan elkartzen ginen, eta berandu iristen zenak litro bat ardoko isuna ordaintzen zuen. Sorotik bueltan joaten ginen», dio Kristobalek.
Inaute igandea baino astebete lehenago prestatzen dute inauteria Unanuko gazteek. Larunbatez edo igandez, basora joan eta hurritz makilak biltzen dituzte. Astebete lehenago egiten dute, lehortu ez daitezen, horrela egin ezean, lehor, min gehiago emango luketelako. Euren asmoa ez omen da min egitea, jendea korrika eginaraztea baizik. Korrika egin nahi ez duenak, ohitura jarraituz, belaunikatu eta mamuxarroari belaunean musu emanez geratuko da zigorretik salbu. Unanuarrak, ordea, etxean gordetzen dira mamuxarroak ateratzen direnerako. Leihoak eta ateak itxita, beiraren beste aldeak erakusten du barruan daudenen urduritasuna, batez ere, mamuxarroak leihotik zintzilik edo etxeko atean bultzaka hasten direnean. «Gure garaian ganbaratxo edo baztardan ezkutatzen dira», dio Kristobal Mozok. Lasto artean zuloak egin eta barruan ezkutatuta egiten zuten arratsaldea garai bateko haur unanuarrak.
PANPAXILEN HOTSAREN BELDUR. Herriko kaleen isiltasunean, panpaxilek salatzen dituzte mamuxarroak. Txintxarri edo panpalina handi batzuei esaten diete panpaxil Unanun, eta mamuxarroek sorbaldan janzten dituzte, gurutzatuta. Karatularen zorroztasuna eta zigorraren luzea bezain izugarria da panpaxilen hotsa mamuxarroengandik ihes egin nahi duenarentzat. Hori gutxi balitz, gainera, panpaxilik janzten ez duen pertsonaia ere badago. Mutua esaten diote, eta soineko zaharrak jantzita, salatuko ez duen panparik gabe, ezustean ematen ditu makilakadak. Karatula janzten dute horiek ere, eta zigorra dute eskuan, nahiz eta dirudienez garai batean besteak harrapatzea zutela helburu, mamuxarroen esku uzteko.
«Mamuxarro, xirri-xarro!». Itxita dagoen etxearen bigarren solairuko leihotik zirikatzen dituzte mamuxarroak. Horretarako propio abestia dute:
Mamuxarro, xirri-xarro
Ze emango dizut
Zazpina uzker afarirako
Zata ta begi gorri
Urtean behin etorri
Izan ere, korrikaldiak amaitzen direnean, mamuxarroek puska batzea egiten dute Unanuko etxeetan, ondoren afaltzeko. Igandean mamuxarroek soilik afaltzen dute, baina asteartean herri guztia elkartzen da afaritan. Bizilagunek puska batze horren aitzakian egiten diete burla mamuxarroei. Hiru orduz aritzen dira mamuxarroak kalean gora eta kalean behera. Arratsaldeko lauetan hasi eta seiak inguruan txistorra eta gazta askaria egiten dute herritarrek elizaren atarian, eta etxaferuak botatzen dituzte.
Mamuxarro eta mutuez gain, ordea, bada beste pertsonai bat Unanuko inauterietan. Josu Erize du izena. Iruindarra da eta Otsakarren bizi da (Nafarroa), baina hogei urte daramatza Unanuko asteartitan soinua jotzen. Berak ere izaten du zigorra. «Lehen bortitzagoak ziren mamuxarroak. Leihoak apurtzen zituzten, etxeetara sartzen ziren... orain lasaiagoak dira. Baina, tira, beti primeran egon izan naiz». Soinujolearen arabera, garai batean, ez ziren horren gazteak mamuxarroak eta gehiagora ausartzen ziren, «maltzurragoak ziren». Balentin Mozo ere iritzi berekoa da, baina ez Kristobal bere laguna: «Orain ere hanketan makil horrekin jo ezkero...».
Zigorrarekin edo gabe, indar gehiagorekin edo gutxiagorekin, zintzotasunez edo maltzurkeriaz, Unanuko kaleetan inauterietan negarrak entzuten dira oraindik orain. Haurrak eta neska gazteak dituzte begi artean mamuxarroek, baina inor gutxi libratzen da euren ziztadaz. «Amona! Amona! Ez utzi!», egiten du oihu neska gazte batek mamuxarroek amonarengandik urruntzen saiatzen ziren bitartean. Gupidarik ez dute, ez autoetako kisketa ireki eta barrutik jendea ateratzeko, ezta etxeetan sartu eta airean ateratzeko. Izua festaren osagaia da, nahiz eta beldurra gehiago eman mamuxarroen itxurak, zigorrak baino. Zitala dirudien arren, haurren malkoak eta izua Unanun inauterietako adierazgarri dira.
Jabier Mozo Mamuxarroa
«Niretzat urteko egunik hoberena da»
Unanuarra da, eta zazpigarren urtea du aurten mamuxarroz jantzita. Zalantzarik ez du zer diren egun horiek beretzat, eta noiz iritsiko zain egoten da.
Nola gogoratzen dituzu mamuxarroak haurra zinenean?
Beldurra dut gogoan, izugarria. Etxean bertan hasita, osabak panpaxilak ateratzen hasten zirenean, entzutearekin batera izugarrizko beldurra izaten genuen.
Orain zigorrarekin zuk ematen duzu, baina jaso ere jasoko zenituen makilakadak garai batean.
Asko, gainera. Herrikoei beti gogo gehiagorekin ematen zaie beti, igandean eta asteartean, bi egunetan.
Zer da egun hau zuretzat?
Niretzat, urteko egunik hoberena da.
Zer sentitzen duzu kalean gora eta behera zigorrarekin korrika?
Niretzat gustu handia da, ez dakit nola esan; oso gauza ona sentitzen da. Herrikoa izanda, beti daukazu txikitatik gogoan egun hau, eta noiz iritsiko zain egoten gara mamuxarro janzteko.
Zer egunetan hurbiltzen da jende gehiago mamuxarroak ikustera?
Asteartean. Kanpotarrekin batera, argazkilari eta kamerari gehiago ere egoten dira.
Joseba Imaz Mutua
«Gure asmoa korrika eginaraztea da»
Donostiarra da izatez, baina, ama unanuarra izaki, berak ere parte hartzen du herriko inauterietan. 18 urte ditu. «Ondo-ondo pasatzera» joaten da Unanura.
Urtero ateratzen al zara Unanuko inauterietan?
Ez. Denboraldi batean ez naiz atera, baina gehienetan bai. 14 urterekin hasi nintzen.
Karatula jantzita eta zigorra eskuetan, zer sentitzen duzue herriko kaleetan korrika?
Karatularen babesean lotsa galtzen dugu. Gauza polita da.
Eta herriko jendeak zer dio?
Kexatzen dira, jo egiten ditugulako, baina gure makilakadak ez dira ezer. Gure asmoa ez da jendea jotzea eta min egitea, korrika eginaraztea baizik eta ondo pasatzea.
Makilakada on bat edo beste, ordea, ematen duzue.
Guk keinua egiten dugu, eta noizean behin gertatzen da indarrak alde egin eta gogorrago ematea.
Txikitan horrenbesteko beldurra ematen al dute?
Bai... Gure etxean lehenago bazkaltzen genuen, eta mamuxarroak ateratzerako beste herri batera joaten ginen. Lehengo zaharrek gehiago jotzen zuten, eta errespetu handia izan diegu beti mamuxarroei, izugarriak ziren.
Dokumentuaren akzioak