Dokumentuaren akzioak
Ziganoen historia jokatuko dute ‘Ederlezi’ pastoralean, Xirun
Liburuan aipatu zituenetatik hurbil dela onartzen badu ere, oraingoan "poetikoki" agertuko du ziganoek, historian zehar, Euskal Herrian ere sufritu izan duten diskriminazioa, ez zelarik errepresioa. "Ama bat izanen da, zazpi alabekin. XVI. mendetik XXI. medera doa, baina pertsonaia berberak dira taula gainean. Bestalde, badira edo herritarrak edo epaileak... Buhameen historia kontatu dugu", laburbildu du errejentak.
Formatu txikiko pastorala da Xiru festibalean estreinatuko dutena bihar, hamalau pertsona baizik ez baitira ariko. Pastoralean, beste pertsonaiez gain, Nicole Lougarotek zehaztu duenez, "Ederlezi ama eta zazpigarren alaba ontsa ageri dira; Ziganoen istorioetan, zazpigarren alaba sortzen delarik, beti erraten da sorgina dela. Ber ideia hartu dugu".
Lurrik gabekoen kontakizuna
Nicole Lougarot errejentak artxiboetan gaia ikertzen iragan denbora baliatu du Mixel Etxekoparrek pastorala idazteko. "Harritu naiz nola populu bat bizitzen ahal den lurrik gabe funtsean, mendez mende, galdu gabe beraien nortasuna eta mintzaira. Harriarazten nau zeren euskaldun gisa gu lotuak gara lurrari. Zigano populu horrek harriarazten nau beti alde horretarik".
Kontakizunak garai anitz hunkitzen ditu, beraz, ama baten eta haren zazpi alaben bizipenetatik. "Hainbat gertakari latz eta irusago" idatzi ditu Etxekoparrek, eta Euskal Herrian gaindi: Gipuzkoatik uxaturik izan zirenekoa, Lapurdin De Lancreren gertakizunak bizi dituzte, eta Zuberoako atxiloketa handia aipatuak dira. Hortik, gaurko errealitatera hurbiltzen da istorioa, ama hil ondoan "alaba zenbaitek jarraikitzen dute beren bizimoldearekin, beste batzuek hemen ezkonduz". Alemaniako kontzentrazio esparruan bizipenak ere taularatuko ditu Ederlezi pastoralak.
Hasiera batean bi kantari talderi pentsatu zuten antolatzaileek: Amaren Alabak eta Iruriko Xiberotarrak. Bietako lagun batzuk bildu dituzte, baina besteen mentsez, taldea beste hainbat zuberotar gaztek osatzen dute. "Testu anitz bada, eta 14 dira errateko, badute testu anitz... Behar zuten euskara jakin ontsa", zehaztu du Nicole Lougarot errejentak.
Gertakari gehienak ilunak badira, eta ez da umorerik eskas, topikoen trufatik hitz jokoetara. Testua, funtsean, Mixel Etxekoparrek idatzi baitu. Baina forma aldetik ezusteko bat baino gehiago ukanen ditu ikusleak. Dena kontatu gabe, Nicole Lougarot errejenta izanik ere, salatu digu "errejentaren rola taula petik eginen duela, aktore batek antzeztuko baitu errejentaren rola taula gainean". Satanen paperean ere, inauterietako arropaz beztiturik izateaz gain, berritasun zerbait ekarriko dute.
Ikerketen segida
Bohemiens liburuak segida ukanen du, beraz, taula gainean, baina hortik harago ere. Aste honetan bertan buhameak eta maskaradak ardatz dituen erakusketa bat ikusgai ezarri dute Maulen hilabete batentzat, Xiruren egitarauaren barruan. Bihar, 11:00etan eginen dute erakusketa horren estreina Mauleko Ondarearen etxean.
Gainera, Nicole Lougarot gaiaz ikertzen ari da oraindik. "Ari naiz xerkatzen XX. mendean eta gerlan nola zen hemen. Zeren eta buhameak hemen ziren, Frantziako ziganoak arrastaturik... Atzeman dut izen zenbait, ez anitz, baina nahi dut xerkatu jakiteko problemak ukan zituztenez".
Xiru festibala igandea arte
Gaur iluntzean hasiko da aurten Kanpotik jinik leloarekin aurkeztu duten festibala. Xiru festibalak, aitzineko urteetan bezala funtsean, kanpoko jendea jinaraziko baitu berriz ere, Lorraine eskualdetik (Frantzia), Portugaldik edo Afrikatik. Zehazki, afrikar dantzari bat, Portugalgo dokumental bat eta Lorraine eskualdetik Zuberoara jin pertsona baten (Andre Thiriat) lekukotasuna ekarri dituzte aurtengoan.
Bihar gaualdi musikatua izanen da, dantzaz eta argazkiz lagundurik. Lehenik, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat aldiz eman ondotik, Mixel Etxekopar eta Francois Rosse Alsaziako pianistak Gotainen emanen dute Transhumantzia ikuskizuna, inprobisazioari leku eginez.
Ondotik Hirualde ikuskizunean, banako eta beste musika eta dantza ezagunak entzuten ahalko da, baina Xiruren izaerarekin bat eginez, Chrysogone Dyangouaya Kongoko dantzariak bere interpretazioa gehituko du. Musikarietan Julen Axiari, William Legares, Tony Houziaux eta Matthieu Lebrun ariko dira. Gaualdian zehar, Xavier Pinon, Xirun jadanik ikusi den argazkilariaren lanak ikusgai izanen dira.
Igandean, berriz, Ederlezi pastorala 15:00etan eskainiko dute Gotaineko plazan. Ondotik, eta beti bezala musikaz bukatzeko, Joxe Replay taldeak Cumbia giroan murgilduko du festibala.
Dokumentuaren akzioak