Dokumentuaren akzioak
Ziganoak oholtzara
Xiru festibalaren barnean emanen dute 'Ederlezi' pastorala Gotainen, igandean, 15:00etan; ziganoen historia kontatzen du
Ez da bide ofizialeko pastorala. Igandean, Xiru festibalaren barnean estreinatuko den pastorala ez da izanen aurtengo bakarra, Sohütak emanen baitu udan eman ohi dena, Rene Cassin ardatz harturik. Asteburu honetakoaren gaia, ziganoek Euskal Herrian egin duten ibilbidea da.
Abotia elkarte antolatzaileak, Mixel Etxekopar buru duela, ez du lehen aldiz emanen pastoral berezi bat. Duela hamar bat urte, Mustraka ikuskizuna eman zuten festibal berean; pastorala prestatzeko entseguei deitzen zaie mustraka. Pastoralaren forma harturik baina sormen askatasunez, aurten Ederlezi pastorala prestatu dute.
«Noizbait ere Eüskal Herrian / igaran eta egon ziren / Taula hontan familia batek / menteak dütü zeharkatüren», dio pastoralaren entradak edo sarrerak. Ziganoek Euskal Herrian eraman bizimodua aipatzen du pastoralak. Mixel Etxekoparrek idatzi du eta Nicole Lougarot errejentak taularat. Eta sarrerako pasarteak dioen bezala, mendeak zeharkatzen dituen historia aipatzen du, XVII. mendetik XXI. mendera.
Buhameak Zuberoan
Gaiaren zergatia ulertzen lagundu dezake 2009an Nicole Lougarotek Bohemiens (buhameak) liburua argitaratu zuela jakiteak. Ziganoen kontrako sarekada handi bat eta maskaradetan haietaz egiten den errepresentazioa aztertu zituen, besteak beste. Xiru festibalean bestelako presentzia bat ere ukanen du gaiak, bihar Hebentik elkartearen Maskaradak eta buhameak erakusketa estreinatuko baitute Maulen.
Ederlezi-rekin berriz, zigano familia bat ibiliko da Gipuzkoatik Zuberoara —ama bat eta haren zazpi alabak—, De Lancreren Lapurditik iraganez eta historiako zenbait garai zeharkatuz. Dena salatu gabe, Mixel Etxekoparrek zehaztu du alabak kantariak direla, eta haien ama presondegian hil ondoren, «alabek jarraitzen dute integratuak edo asimilatuak izan arte; zenbaitek jarraitzen dute beren bizimoldearekin eta beste zenbait ezkontzen dira hemengoekin».
Pastoraletan ohikoa denez, oholtzara sartzeko bi ate izanen dira. Mixel Etxekoparren ustez, «halako koadro batek bortxatzen zaitu sinple egitera, ez duzu ñabarduretan galtzerik hor. Ama Ederlezi eta alabek badute alderdi bat, ona ala gaiztoa ez dut hautatzen, eta herritarrek edo gizarteko jendeek badute beste alderdi bat; ez dut erraten ona ala gaiztoa, nahiz eta testuan badudan ene aburua».
Orotara, hamalau dira Ederlezi antzeztu eta kantatuko dutenak, musikari eta dantzariez gain. Amaren Alabak eta Xiberotarrak Iruriko kantari taldeetako kideez gain, hainbat zuberotar gazte ariko dira. Forma aldetik, testuaren aldetik bezala, umore puntuak izanen dira, hala nola arropetan (satan dantzariak deabruz jantziak dira) edo hitz-jokoetan.
Xiru, ostiraletik igandera
Xiru festibalarentzat prestatu pastorala izang da hiru egunetako momentu bereziena, baina bestelako eskaintzak ere izanen dira bihar hasirik. Kanpotik jinik leloaren inguruan antolatu dute aurten jaialdia, eta Portugaldik, Afrikatik eta Indiatik hainbat artista eta lan ekarri dituzte.
Ostiralean, 21:00etan hasirik, Mauleko Dede ostatuan, Lorrena eskualdetik (Frantzia) II. Mundu Gerran etorri zirenen gertakizunak aipatuko ditu Andre Thiriatek, bere lekukotasunaren bidez. Horren ondotik, Jean Christian Galtxetaburu eta Michel Macias esku soinulariek kontzertua emanen dute.
Larunbatean, 11:00etan hasiko dira Mauleko Ondarearen etxean, Maskaradak eta buhameak erakusketaren bisitarekin. 15:30ean, La photo déchirée Portugalgo diktadura garaiko emigrazio garaian kokatzen den dokumentala erakutsiko da Irabarneko elizan. Iluntzean, Gotainen, 21:00etan hasirik, François Rosse eta Mixel Etxekoparren Transhumantzia eta afrikar dantza eta euskal musika nahasten dituen Hirualde ikuskizunak izanen dira. Igandean, 15:00etan, Ederlezi pastorala emanen dute, eta ondotik, Joxe Replay taldeak joko du.
Ederlezi pastoralak ama zigano bat eta haren zazpi alabak ditu protagonista nagusiak. Beste taldean herritarrak dira nabarmentzen. / JOANES ETXEBARRIA
Ziganoen taldean, Amaren Alabak taldeko hainbat kide izanen dira. / J.E
Herritarren taldean maskarak erabiltzen dituzte batzuetan. / J.E
Dokumentuaren akzioak