Dokumentuaren akzioak
Zientzia eta flamenkoa batzen dituen ikuskizuna estreinatuko dute Donostian
Donostiako Victoria Eugenia antzokiak esperientzia eszeniko berezia hartuko du bihar arratsaldeko 19.00etan. Donostia International Physics Centerrekn (DIPC) eskutik aurkeztu dute ‘Dantzaren kristalizazioa’ izeneko ikuskizun «berritzailea». Obrak zientzia eta flamenkoa batzen ditu, kristalak oinarritzat harturik.
Donostia International Physics Centerretik kristalak historian zehar eduki duen garrantzia nabarmendu nahi izan dute ikuskizun honekin: «Kristalek antzina-antzinatik liluratu dituzte gizakiak. Frogatuta dago hominidoek bildumatutako lehen objektuak kuartzozko eta kaltzitazko kristalak izan zirela. Ordenaren, simetrien eta harmoniaren mundu horrek zirrara handia eragin zuen garaiko pentsamenduan. Sorkuntza artistikorako eragin eta inspirazio bihurtu zen, eta, besteak beste, arkitekturan, pinturan eta dantzan islatu zen».
Gonbidapen guztiak banatu dira dagoeneko. Hala ere, jakinarazi dutenez, ekitaldia hasi baino bost minutu lehenago, ateak irekiko dituzte ikusleek doan sartzeko aukera izan dezaten, eserleku guztiak bete arte.
Donostia International Physics Centerretik adierazi dute ikusleek «esperientzia eszeniko originala eta berezia» bizitzeko aukera izango dutela. «Hitzak, irudiak, dantza eta zuzeneko musika uztartzen dituen eszenaratzearen bidez, ikuskizunak bide ematen dio pentsamendu zientifikoaren eta gorputz-adierazpenaren arteko elkarrizketari», gaineratu dute.
Juan Manuel Garcia-Ruiz zientzialari eta Vanesa Aibar dantzari eta koreografoaren arteko topaketatik sortu da ikuskizuna; Vanesak Max Saria irabazi zuen 2023an.
Juan Manuel García-Ruiz Ikerbasqueko irakaslea da gaur egun eta kristalizazio-fenomenoak ikertzen ditu. Vanesa Aibar, berriz, flamenkoaren berritzaileetako bat da. Horiekin batera, Maria Marin gitarra-jotzaile eta kantariak musika jarriko dio ekitaldiari.
Dokumentuaren akzioak