Ondarroako Zientziaren Giltzak Elkarteak Matematika eta euskal dantzak uztartuko duen hitzaldia antolatu du gaurko, arratsaldeko 18:30ean, Kofradia Zaharrean. Hizlaria Judith Rivas Ulloa matematikari gasteiztarra izango da. Hitzaldiaren aurkezpenean azpimarratzen den bezala “pentsa daiteke matematika eta dantza, bata bestetik oso urrun dauden diziplinak direla eta haien arteko loturarik topatzea ezinezkoa dela, baina hitzaldi honetan hori horrela ez dela erakutsiko dugu. Bereziki, euskal dantzen eta matematikaren arteko erlazio batzuk birpasatuko ditugu”.
Horretarako, argi uzten du hizlariak dantza guztietan musika zubi bat dagoela, dantza eta matematika lotzen dituena. “Era berean, ia edozein dantzatan aurki ditzakegu matematikatik ateratako izenak eta euskal dantzak ez dira salbuespena” gaineratzen du Judith Rivasek.
Matematikari honek azaltzen duenez geometriako oinarrizko kontzeptuak erraz aurkitzen dira dantzetan “alde batetik, dantzariek, dantzarako prestatzean eta haien urratsak egiten dituzten bitartean, zirkunferentziak, laukizuzenak eta beste poligono batzuk sortzen dituztela ikusiko dugu; bestetik, haien posizioen artean dauden simetriak deskribatuko ditugu biraketen, translazioen eta islapenen laguntzaz”.
Horrez gain, kontzeptu sakonagoak edo hain bistakoak ez direnak ere erabiltzen direla ere azaltzen du “zenbait euskal dantza deskribatzeko, hala nola, konbinatoriako permutazioak eta konbinazioak, eta baita topologiaren barruan dagoen txirikorden teoria ere”.
Nahiz eta formakuntza espezifikorik ez izan, dantza betidanik gustoko izan du Judith Rivas Ulloak. Eta orain dela urte batzuk, bere dantza zaletasunak diziplina horren eta matematikaren arteko erlazioari buruz ikertzera bultzatu zuen. Hori dela eta, dantzaren eta matematikaren arteko loturei buruzko hitzaldiak eman ditu eta 2020an zientziaren dibulgaziorako Ekaia aldizkarian Matematika eta Euskal Dantzak artikulua argitaratu zuen UPV/EHUko Matematika Saileko kidea den Osane Oruetxebarriarekin batera.
Rivas UPV/EHUn Matematikan lizentziatua eta doktorea da eta unibertsitate horretako Matematika Saileko irakaslea da 1998 urtetik. Zientziaren Giltzak elkarteak antolatu du hitzaldi hau, kultura zientifikoa Ondarroan eta inguruan zabaltzea baitu helburu, eta, horregatik, hilean behin gai horri buruzko hitzaldiak antolatzen ditu.