Dokumentuaren akzioak
Zezen artean dantzan
Israel Galvanen 'Arena. Seis coreografías para seis toros' ikuskizuna eskainiko dute gaur Hamabostaldian
Arena. Seis coreografías para seis toros zezenen munduan inspiratzen den konplexutasun eszenografiko handiko ikuskizuna da. Israel Galvan da ikuskizunaren bihotza, eta bera da dantzari bakarra. Obran, ordea, Galvanez gain, jende askok hartzen du parte. Pedro Garcia Romero da formatu handiko ikuskizun honen arte zuzendaria, eta besteak beste, Enrique Morentek eta Miguel Povedak abesten dute. Oholtzan dantzan Israel Galvan bakarrik ariko da.
SEI ZEZEN. Israel Galvanek sortutako sei koreografiaz osatua dago lana. Toreatzaile ospetsuren bat harrapatuta hil duten zezenen izena hartzen du koreografia hauetako bakoitzak. Bailador, Granaino, Pocapena, Burlero, Playero eta Cantinero koreografietarako musika flamenkoa Miguel Povedak, Alfredo Lagosek, Diego Carrascok eta Diego Amadorrek sortu dute. Haietako batean, ordea, Francisco Guerreroren perkusio garaikidea jotzen da, eta azkenekoan, Cantinero-n, fanfarre batek jotako sevillana eta pasodobleen erritmora dantzatzen da Galvan.
Ikuskizun honekin, Galvan zezenen festara hurbildu da. Dantza flamenkoaren barruan askotan errepikatu da zezenketaren gaia, eta toreatzearen ikuspegi berriztatu bat ematea da Galvanen asmoa. «Jendeari artearen eta heriotzaren artean zezen bat dagoela sinetsaraztea da nire asmoa», Galvanen hitzetan. Funtsean, tauromakiak nola funtzionatzen duen analizatu eta hortik abiatuta dantza flamenkoa parametro berriekin aberastea izan da Galvanen helburu nagusia. Hala, dantzaria zezen, banderillero, zezen hiltzaile, pikadore eta ikusle bihurtzen da; bizitza eta heriotza.
Koreografiak zezenketen mundutik hartutako elementuekin sortu dituzte, baina Galvanek ez ditu imitatzen zezenaren edo toreatzailearen mugimenduak. Dantza flamenkoak espresio artistiko gisa tauromakiatik atera dezakeen etekinari erreparatzen dio Galvanek; berriztatze koreografikoari, traza, pauso eta forma flamenko berriei eman die garrantzia dantzari espainiarrak
HERIOTZA OHOLTZAN. Ikuskizunaren zuzendari artistikoa, Pedro Garcia Romero, eta Israel Galvan bera Donostian izan dira aste honetan, ikuskizuna aurkeztu eta haren inguruko xehetasunak argitzeko. «Ikuskizuna bukatuta, jendeak izerditan uzten du aretoa. Estutasuna, urduritasuna sortzen du publikoarengan», argitu du Garcia Romerok.
Zuzendari artistikoak azaldu du Israel Galvanek erabaki dituela ikuskizunaren nondik norakoak, eta lan egiteko garaian berak gainbegiratzen duela guztia. «Zezenen festara beste ikuspegi batetik hurbildu nahi izan du Israelek. Izan ere, gai hau jorratzen den bakoitzean, kanpoko elementuak bakarrik agertzen dira, hala nola, kapak, banderillak edo zezenketarien kapelak», azaldu du zuzendariak.
Arena. Seis coreografías para seis toros-ekin, zezenketaren ikuspegi tragikoago bat azaldu nahi izan dute; «heriotzaren, isiltasunaren ikuspegia». Barruko elementu horietara iristeko, Galvanek zezenketetan bizitzaz eta heriotzaz diharduten elementuei erreparatu die. Horretarako, Dominguin toreatzailearen esaldi bat hartu du abiapuntutzat: «Publikoa heriotza da». «Edozein unetan toreatzailea agertokian hil daitekeela azaltzea da lanaren helburuetako bat», esan du dantzariak.
Israel Galvanek, bestalde, Arena berarentzat teknika aldaketa lantzeko ariketa bat izan dela adierazi du. «Ikuskizun honen bidez, ikusi dut zezenketa afizio bat baino gehiago filosofia bat dela», esan du. Hala, eszena barruan klima berriak bilatzeko balio izan dio Arena-k. Dena den, lanean elementu tradizionalak ere sartu dituzte, eta sei koreografietako batean, Cantinero-n, «labanekin egindako dantzaren zenbait elementu hartu dira». Hala ere, hurbilketa hauek sinbolikoak direla eta ikuskizunean toreatzailearen mugimenduen mimika baztertzen saiatu direla nabarmendu du Galvanek.
HURRENGOAN, LABOA. Romerok eta Galvanek beren hurrengo lanari buruz zenbait xehetasun ere eman dituzte. La francesa izena eman diote ikuskizunari, eta Iradier eta XIX. mendeko beste euskal musikagileen zenbait pieza sartu dituzte. «Euskal musika ezagutzea erabateko aurkikuntza izan zen niretzat. Nire estiloarekin bat datorren indarra eta malenkonia daukate euskal doinu horiek», argitu du dantzari eta koreografoak.
Hala, hurrengo ikuskizunean, Mikel Laboaren kantaren batetik abiatuta koreografia bat sor dezake Israel Galvanek. «Laboaren doinuetan flamenkoa dantzatzeko erritmo berezia topatu dut, dantzari sentimendu gogorrago bat ematen diona», Galvanen hitzetan.
«Dantza flamenkoaren osagaietako bat tragedia da, eta euskal
doinuekin drama sentsazioa areagotu egiten da», adierazi du Israel
Galvanek.
sei KoreoGraFia
Bailador'. Joselito hil zuen zezenaren izena. Alfredo Lagos gitarra joz eta Miguel Poveda abestuz.
Granaino'. Sanchez Mejias hil zuen zezena. Andaluziako Gazte Orkestraren perkusioaren erritmora, Galvanek hiltzear dagoen zezenaren aurrean dantzatzen du.
Pocapena'. Manuel Granero akabatu zuen zezena. Mercedes Bernalek gaita jotzen du. Toreatzailea hil egiten da.
Burlero'. El Yiyo hil zuen zezena. Enrique Morentek zezen-plazan korrika dabilen zezen bati abesten dio.
Playero'. Manuel Montaño hil zuena. Dantzaria zezen eta zezen hiltzaile bilakatzen da.
Cantinero'. Pepete hil zuena zezena. Txarangaren doinura, zezena eta oinetakoetan labanak dauzkan dantzaria parez pare jartzen dira, nor baino nor gehiago.
Dokumentuaren akzioak