Dokumentuaren akzioak
Zerutxu: herriko dantza taldea eta harrotasun ikurra
37 urte euskararen eta bertako dantzen aldeko lanean
Orain 37 urte sortu zen Zerutxu taldea, herriko euskaltzaleen ekimenez. Orduz geroztik hamaika aldiz jaso dute hanka buruaren gainetik Zerutxuko gazteek. Egun, Udalak utzitako lokal batean, 80-90 markinar inguruk egiten dituzte entseguak, Alex Larrinaga gidari dutela. Larrinagak, baina, badu laguntzaile fin bat ere: Felipe Amutxastegi. Amutxastegi Zerutxu dantza taldea sortu zuten talde hartakoa da eta aurten arte gertu-gertutik jarraitu du Zerutxuren ibilbidea. Haren ahotik jaso du Egunkariak 37 urte horietako ibilbidearen berri.
«Euskarak beherakada handia izan zuen eta herriko hainbat gurasok ikastola sortu genuen. Ikastola sortu genuenean, nik dantzak sustatzeko ardura hartu nuen», adierazi dio kazeta honi Felipe Amutxastegik. Bestelako asmoen gainetik, bertako dantzei eusteko dihardu lanean egun Zerutxuk, Amutxastegik nabarmendu digunez. «Ohiturak ez galtzea nahi dugu. Soka-dantza, esate baterako, Lea Artibai inguruan Markinan bakarrik egiten dela pentsatzen dut, eta guk egiten dugulako egiten da hemendik kanpo», zehaztu digu horren harira. «Geuri ere nagusiek erakutsi ziguten, eta orain hemen gabiltza, gustura, gaztetxoei erakutsi nahian», dio Amutxastegik.
Aurtengo Karmen jaien barruan, bihar ikuskizun nagusi bat eskainiko dute Zerutxukoek frontoian, Kataluniako Cubilles herriko dantzariak lagun dituztela. 35-40 lagun inguru ariko dira eta, Markinako bertako dantzez gain, beste euskal dantza batzuk eta Kataluniako dantzak ikusteko aukera izango da bertan. Zerutxuko gazteek, baina, gogotik egin beharko dute dantza egunotan: gaur, danborradako aurreskua egingo dute; etzi, erretiratuen bazkarian ariko dira; Karmen egunean, tradiziozko soka-dantza dantzatuko dute... «Gogorra da jaietan dantzan aritzea, batez ere gazteentzat. Bihar, katalanak datozela eta, herriko bazkariari uko egin beharko diote gureek, esaterako. Gero auskalo non galduko diren. Karmen egunean ere, dantzariak batzeko, estu eta larri ibiltzen gara. Zenbat bider atera ote ditugun tabernatik, dantza egin behar zutela eta. Baina, hori bai, dantzan ondo egiten dute beti», adierazi digu Amutxastegik barrez.
Irabazi asmorik gabeko taldea da Zerutxu; guraso, udal eta herritarren artean zaindutako taldea. Dantza talde izateaz gain, herriko beste ekitaldi askotako ikur bilakatu da Zerutxu urteen joanean.
ospakizuna
Markina eta Xemein, herri bi... bat eginda
50 urte bete dira Markina eta Xemein herriek bat egin zutenetik (1952an). Urteurren hori ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Maiatzean hasi ziren ospakizunok Karmen jaietan ere izango dute islarik. Hala, gaur hasi eta hilaren 19a bitartean, Markina eta Xemeingo argazki erakusketa izango da ikusgai herrian. Dena den, urria bitartean izango dira beste ekintza batzuk ere.
Dokumentuaren akzioak