Dokumentuaren akzioak
Zerutxu Dantza Taldeak Zuberoako Maskaraden errepresentazioa egingo du
Zerutxu Dantza Taldeak Zuberoako Maskaraden errepresentazioa egingo du zapatuan [otsailak 22], 11:30ean, Udal Arraindegitik hasita. Iparraldekoak bezala, barrikada edo geraleku desberdinak izango ditu herrian zehar, bakoitzean dantza, antzerki eta kantu zati bat eskainiko dute eta jarraian mokadutxo arin bat.
Hurrengo geldialdia, Bikale eta Opela inguruan egingo dute, hirugarrena Babel atzeko plazan eta laugarrena eta azkena Arkupe aurrean. 13:00etan hasiko da azken emanaldia, luzeagoa izaten dela aurreratu dute. Alde horretatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete mokadutxoaren antolaketan parte hartzeko prestutasuna erakutsi duten hostalariei.
Zerutxukoen helburu nagusietako bat Euskal Herriko kultura, eta Arastusteetako zehazki, zabaltzea da herritarren artean, sentsazioa dute “gero eta jakintza gutxiago” dagoela. Horretarako, zabalkunde handiagoa emateko, moskeo kanpaina bat abiatu zuten sare sozialen bidez hedatutako bideoekin eta “erantzun oso ona” jaso dutela diote. Markina-Xemeinetik kanpotik ere jendea etorriko dela diote, inguruko herrietan ere kuriositatea sortu duela. “Gure kulturaren parte dira Maskaradak eta ezagutu beharreko tradizioa dela uste dugu, zabalpen handiagoa izan beharko zuena. Horregatik, markina-xemeindarrak gurera hurbiltzera gonbidatzen ditugu”.
Hori bai, ez da lehen aldia zerutxukoek Maskaradak interpretatzen dituztena, abuztuan Bilboko Aste Nagusian ere errepresentazioa egin zuten. Hau da, lan apur bat aurreratu ahal izan dute. Zerutxuko dantzariek parte hartuko dute soilik eta bi abeslariren laguntza izango dute. “Talde barruan jaiotako ekimena izaterakoan antolaketa aldetik errazagoa izan da”, azaldu dute.
Maskaradetan hiru zati nagusi egoten dira: dantza, antzerkia eta kantua. Dantzako atala menperatuta izanik, koplen sorreran izan dute lan gehiago, Iparraldekoak hartu dituzte oinarri. Antzerkia, berriz, guztien artean osatuko dute. Maskaradak ofizio desberdinek osatzen dutela gogoratu dute eta herriko gazte talde desberdinek hartzen dutela urte bakoitzean ardura. Protagonistak herriko jaun-andreak dira eta haiekin daude aitzindariak, bost pertsonaiaz osatuta, eta ofizio desberdinak herriko aberatsentzako lan egiten dutenak.
Handiago baten parte
Hain zuzen ere, Markina-Xemeingo Aratusteei bestelako buelta bat eman nahiean daude herriko zenbait kultur elkarte. Proiektua 2026rako aurreikusita badagoen ere, aurten zerbait berezia egin nahi izan dute eta testuinguru horretan kokatzen da Maskarada. Ander Lipusegaz eta Abarka antzerki taldeagaz daude elkarlanean, besteak beste. Helburua herri inauteri batzuk antolatzea da, Iparraldeko Xiberuko Maskaraden antzeko egitasmoa herrikoi bat.
Dokumentuaren akzioak