Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zerutiarra eta lurtarra

Dokumentuaren akzioak

Zerutiarra eta lurtarra

'Stabat Mater' eta 'Le Sacre du printemps'

Konpainia: Maribor Balleta. Koreografiak: Edward Clug. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Eguna: Irailak 13.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/09/15
Lotura
Berria


Maitaldia festibaleko lehen asteburuaren amaieran Maribor Balletaren bisita jaso dugu. Esloveniako konpainiarik prestigiotsuena 2006an etorri zen festibalera Radio & Juliette lan zoragarriarekin, Romeo eta Julietaren kontakizuna Radioheaden musikarekin eszenaratuz. Koreografia hura Edward Clug errumaniarrarena zen, eta oraingo honetan ere berarenak izan dira gaualdiko bi piezak.

Kasualitatez edo, bigarren aldiz agertu da Stabat Mater liturgia-musika egun hauetan —aurrekoan Malandainen Estro-n izan zen, Vivaldiren beste pasarte batzuen artean—, baina Edward Clugek Pergolesirena hobetsi eta haren gainean eratu du amek beren semeekiko duten arrangura, jatorrizko musikaren adieratik abiatuta, hau da, Jesusen Nekaldia haren amaren ikuspegia kontuan hartuta. Perspektiba gizatiar horretatik, hainbat koadrotan banatu da koreografia, eta haietariko batean ama bat bere semea ziegan bisitatzen ikusi dugu, semeak amaren animoa sostengatzen zuelarik. Beste batzuetan amak ikusi ditugu korrika, bakoitzaren semearen bizia arriskuan zegoenean, eta koadro denetan nagusitu da tratamendu alegorikoa, narratibotasunetik eta figuraziotik ihesi, gurutziltzatzearen eta berpizkundearen eszenetan bereziki zaila zen arren.

Dantzaren diseinuari dagokionez, manikiak balira bezala baliatu ditu Clugek dantzarien figurak, eta haien keinu kementsuek zehaztasun hotza transmititu dute. Figura estatiko/dinamiko horien bidez lortu da nortasun indibidualak ezabatzea eta kontakizunak bere izaera orokorrera heltzea, jatorrizko istorioaren partikulartasuna gaindituz.

Eta zeruko eremutik lurreko paganismora igaro gara Le Sacre du printemps famatuarekin. Honezkero zaila zirudien zerbait berri egitea Stravinskiren partituraren inguruan, baina Clugek lanari ekin dio eta denboran iraungo duen bertsioa sortu du, kondairaren oinarrizko primitibotasunean sakonduz eta ura bezalako elementu eszeniko ikusgarria txertatuz.

Bide horretatik, itxura biluzian agertu dira dantzariak —gizonek bizarra eta neskek txirikorda luzeak zeramatzaten— eta beren mugimendu kementsuekin partituraren inflexioak azpimarratu dituzte eta talde eskultoriko indartsuak eratu. Gainera, ura lurrean agertu denetik, edertasun goreneko eszenak sortu dira, neskak zisneen antzera irristatzean gizonen eskuek eramanda, eta taldea eromen kolektiboan sartu denean, udaberria erakartzeko biktima aukeratu ostean.

Dokumentuaren akzioak