Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zerura bidean

Dokumentuaren akzioak

Zerura bidean

'The Great Mass'

Koreografia, eszenografia eta jantziak: Uwe Scholz. Zuzendaria: Leipzigeko Operako Balleta. Lekua: Bilboko Arriaga Antzokia. Eguna: Otsailak 15.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/02/17
Lotura
Berria

Kantu gregoriarrak lagunduta egin du bere lehen agerpena Leipzigeko ballet konpainiak, multzo trinko batean eta dantzariak belauniko zeudela. Besoak leun-leun zerurantz altxatu direnean hasi da Mozarten Meza Nagusia, eta dantzarien teknika klasiko orbangabeak bake handia eta espiritualtasuna transmititu digute, musikaren maiestatearekin batera.

Uwe Scholz koreografoa (Stuttgart, 1958 - Berlin, 2004) tematuta omen zegoen konpositore klasikoen musika, eta bereziki Mozartena, dantza bihurtzearen ideian; eta bere lan handienetariko bat den honetan behintzat, argi dago asmatu egin zuela. Mozarten lanari fidel izanik, araztasunaren kolore zuria nagusitu da emakumeen soineko luzeetan eta gizonen praketan —haiek gorputz-enborra biluzik eta bilorik gabe agertu dira—, eta dotorezia handia erakutsi du partituraren inflexioak dantza bihurtzerakoan, talde-eskultura dinamiko baina lasaiak han-hemenka tartekatuz eta solistentzako agerraldi distiratsu eta delikatuak diseinatuz.

Bide horretatik ballet programatikoen amildegitik hurbil ibili da askotan, baina egiatan ez du inoiz jarri mugimenduaren diseinua musikaren zerbitzura, elkarren arteko dialogo emankorrean baizik. Izan ere, beldur barik esan dezakegu Scholzek Mozarten inspirazio berberarekin sortu zituela neoklasiko estiloko dantza koreografia zerutiarrak.

Hala ere, ez da Mozart izan piezako konpositore bakarra, eta proposamenaren erdialdean erabateko aldaketa gertatu da musikan, eszenatokian eta jantzietan. Tarte horretan Thomas Jahn, Gyorgy Kurtag eta Arvo Part-en zatiak entzun ditugu, eta nik esango nuke azken horrenak direla Bachen edertasun matematikoaren harira sortutako pasarteak. Interludio horretan, zenbait irudi espresionista eta pantomima kutsuko koadro laburrak gertatu dira, eta horren ostean, koreografoak lehen aldiko bidea laga eta askoz giro garaikideago batean murgildu gaitu, Mozarten musikaren pean batzuetan eta beste konpositoreen laguntzaz besteetan, tentazioaren eta infernuaren irudikapena gauzatzeko.

Zeremonia amaitutakoan, teknikariak beheko linoleoa hasi dira jasotzen, eta dantzariak kaleko arroparekin agertu, aurpegiko makillajea kendu eta bakoitza bere gisara eseri dira behegainean. Orduan, konpainia eta ikusleok elkarri begira geratu gara, Mozarten Kyrie-a berriz ere entzuten zen bitartean.

Dokumentuaren akzioak