Dokumentuaren akzioak
Zerura begira da PDF
Natalia Garcia dantzaria, atzoko lehen eguneko saioan.
Zerura begira ari da Pasaiako Dantza Festibala (PDF). Zerura, seigarren ekitaldiarekin goranzko beste urrats bat egin dutelako Haatik Dantza Konpainiako eta Pasaiako Udaleko antolatzaileek. Zerura, aldi berean, eguzkia behar dutelako. «Kaleko dantza festibala da Antxon egiten den hau, hori da jaialdiaren izaeraren ezaugarrietatik nabarmenetakoa. Beharrezko dugu eguraldi ona», esan dute Iurre Aranburu eta Aiert Beobidek, biak ala biak festibalaren arima. Atzo hasi zen seigarren PDF, eta igandean bukatuko da. Tartean, hemezortzi dantza pieza eta ikuskizun, zortzi agertoki urbano, eta ilusio asko. «Sekulako ilusioa dugu».
Aranburuk eta Beobidek badakite zer den urdailean inurritxoak izatea. Arte eszenikoena da haien mundua, tartean Haatik konpainiarekin dozenaka emanaldi eta estreinaldi egin dituztelarik. Baina PDF ezberdina da. «Urtetik urtera gauza berriak sartzen goaz, handitzen. Ea nola aterako den galdetzen diogu geure buruari. Urduri gaude, bai. Baina ziur gaude ederra izango dela seigarren PDF ere», aitortu du Aranburuk. Jada antxotarren, eta Euskal Herriko dantzaren zaleen agendetan gorriz biribildutako datak dira PDFrenak; Pasaiako barrutian zain dira dantzaren zirrara sentitzeko, publikoa bere dute jada, dantzarako ikusleak hezi dituztelako. «Hori oso pozgarria da guretzat. Horrelako kultur ekitaldi batek herritarren atxikimendua izatea sekulakoa da. Dantza jaialdi bat da, bai. Baina bizitzeko, mugitzeko, artearen esparru anitza ezagutzeko festibala da gurea. Ez ikusle bezala bakarrik. Ikusle eta parte hartzaile aktibo dira herritarrak», adierazi du Beobidek. Hau da, lehen edizioko distantzia hori jada ez da existitzen. Agian ulertzeko zailak diren ikuskizunen zati izateko prest dira ikusleak. Akaso pieza guztien esanahia ez ulertu arren, horrek emozioa sortuko diela badakite. «Urte batean gertatzen dena, hurrengorako espero dute ikusleek. Zirrara berriz ere sentitu nahi dute. Ikuskizun batean ikusleek zerbait sentitu badute, ulertu duten seinale da».
Kalean dira, beti bezala, PDFren emanaldi gehienak. Negoziaezina da hori. Dantza eta kultura herrira, herritarrak dauden lekuan jarri nahi dituzte. «Horrek jendea sorpresaz harrapatzen du. Ezustean, agian, harrapatuta gelditzen dira. Hori guretzat ikusleak heztea da. Kalean espero dituzte emanaldiak. Beharbada antzokietara joaten ez den publiko berriak sortzen ari dira PDFri esker. Garaipen txikia da hori guretzat», esan du Beobidek.
Erreferentzia
Erabatekoa da pasaitarrek PDFri dioten atxikimendua. Baina antolatzaileek nabarmendu dute udalerritik kanpo ere erreferentzia bihurtu dela dantza festibala. Horren adierazleak asko dira: kanpoko ikusleen emaria, festibalean parte hartzeko jasotzen dituzten eskaerak, jaialdian izaten diren konpainietako kideek antolatzaileei ematen dizkieten zorion mezuak… Aranburu: «Aurten, baina, erreferentzialtasun horren beste seinale bat izango dugu. Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak topaketa egingo du Antxon ostiralean. Sektorearen gaineko gogoeta egiteko eguna da. Haiek bilera hori egiteko PDF aukeratzea oso esanguratsua da. Euskal Herrian ez da gurearen tankera duen jaialdirik. Harro gaude».
Askotariko dantza saioak, Euskal Herriko ia txoko guztietatik etorritako konpainiekin. Aniztasun hori dute berme jaialdiaren antolatzaileek. PDF bakoitza bat eta bakarra da, ordea. Herriari bizkar eman gabe ari dira gainera. Izan ere, programazioaren barruan Antxoko Iker Murillo Studio24koek, Alkartasuna Dantza Taldekoek, herriko ikastetxeetako ikasleek, herri ekimenez sortutako Zaborren arteko loreak sormen zaparradak, edo Antxoko Topagunearen guneak tokia izango baitute. Udalaren babes osoa ere dute aldi berean. Antxon izanik ere, Euskal Herrira zabalik baita dantzaren zirrararen jaialdia.
Noemi Viana. Dantzaria.
«Jende arrunta gai da sorkuntza prozesu batean bere edertasuna ateratzeko»
Pasaiako Dantza Festibalaren (PDF) barruan herri ekimeneko egitasmoa gauzatuko da igandean, 13:00etan. Profesionalak ez diren dantzari antxotarrez osatutako talde bat da, eta Zaborren arteko loreak ikuskizuna antzeztuko dute. Noemi Viana da proiektuaren sustatzailea, eta iniziatibaren gakoak azaldu ditu.
Herri ekimeneko egitasmoaren bigarren ekitaldia antzeztuko duzue igandean. Nondik dator proiektu hori garatzeko ideia?
Dantza mundutik nator, eta iaz pentsatzen hasi nintzen askotan dantza bakarrik dantzari profesionalentzat gelditzen dela. Hori oso ondo dago, eta dantza publiko guztietara iristen hasi da PDF bezalako jaialdiei esker. Baina pentsatzen dut jende arruntak baduela zerbait kontatzeko, eta baduela gaitasuna sorkuntza prozesu baten bitartez bere edertasuna edo magia ateratzeko. Hor etorri zitzaidan ideia dantzariak ez diren pertsonekin lan egitekoa. Iaz lehen pieza egin genuen, Zanga handia izenekoa. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta jendea oso eskertuta azaldu zen artearen bitartez barruan zuten hori islatu ahal izan zuelako. Orduan pentsatu genuen ezin zuela emanaldi bakar batera mugatu eta jarraipen bat eman diogu. Lehena, iazkoa, herriari buruz izan zen. Aurten zaintzan jarri dugu arreta; guk, batez ere, herriaren zaintzan kokatu dugu. PDFk ematean digun aukera ere nabarmendu nahi dut, guretzat erakusleiho bat da, eta azpiegitura jartzen digu guk hau egin ahal izateko.
Aurtengo emanaldiak Zaborren arteko loreak du izena. Zertan datza?
Ikuskizunak partaideen ekarpenak ditu. Nik ideiak ordenatzen eta erabakitzen ditut, baina haiek ekarpenak egiten dituzte. Antxoko Topaguneak aurten hamar urte beteko ditu. Haiek duela urte batzuk bota zuten Zaborren arteko loreak kontzeptua, eta asko gustatu zitzaidan. Ez diot Antxori zaborra deitu nahi, baina toki guztietatik, nahiz eta itsusiak, gogorrak edo zaratatsuak izan, edertasuna landatu, jaio, eta hazi daiteke. Irudikatu nahi dugu nola jaiotzen diren loreak eta gauza ederrak zabor artean.
Denbora daramazue emanaldia prestatzen. Nolakoa izaten ari da prozesua?
Prozesua Gabonetan hasi zen. Tailer batzuk egiten ditut jendea elkartu eta mugimenduarekin jolasteko, eta gaia planteatuta probatxoak egiten joaten naiz. Hasieran helduekin hasi nintzen, eta gero haurrak eta nerabeak txertatu nituen. Nire asmoa da– eta udalari planteatu diot– tailer hauek egonkortzea eta ikasturtean zehar egin ahal izatea. Horrela, taldeak sortuko lirateke eta denbora gehiago eta lasaitasun handiagoa izango genuke sortzeko.
Dantzari ez profesionalez osatutako taldea duzue. Ohiko formatutik harago doan pieza bat ikusi ahal izango da?
Uste dut horrelako proiektu batek edonorentzat izan behar duela. Iaz, batez ere, Antxoko dantza elkarteetara joan ginen dantzan ibilitako jende hori erakartzeko eta zerotik ez hasteko. Aurten beste pauso eman dugu, eta dantzarekin zerikusia ez duten pertsonek parte hartzen dute.
Aurtengoa herri ekimeneko pieza bigarrenez. Nolakoa izaten ari da esperientzia?
Niretzat opari bat da, etxera bueltatzen naiz esanez honek zentzua duela. Jasotzen dudana haiengandik oso positiboa da. Sentsazioa daukat gure bizitzak, orokorrean, oso azkar doazela, eta nahi gabe nahiko grisak direla. Gurpil horretan sartzen garenean nahiko gris bilakatzen da dena, eta beti pentsatzen dugu edertasun pixka bat behar dugula gristasun horri kolore pixka bat emateko. Proiektu honetan egunerokotasuneko bizitza ero hori koloreztatzen dugu. Beti esaten diet dantzariei oso pribilegiatuak garela hau egin ahal izateagatik. 30 pertsona inguru gara, adin ezberdinetakoak. Txikienak 9 urte ditu eta jende jubilatua ere badugu. Eta hori da klabea, herri oso bat ordezkatzen dugu, denek dute haien ispilua
GAUR, OSTIRALA
• 18:00etan eta 20:00etan. Ibaiondo pilotalekuan, Elirale konpainiaren O!. 40 minutu.
• 19:00. Skate parkean, Neri(h)ari konpainiaren Iceberg. 25 minutu.
• 19:30. Skate parkeko harmailetan, Victor Fernandezen Triade. 17 minutu.
• 21:00. Luzuriagako parkean, Haatik konpainiaren Lau eme. 20 minutu.
• 21:30. Luzuriagako parkean, Lasala konpainiaren Alive. 13 minutu.
BIHAR, LARUNBATA
• 11:30. Luzuriagako parkean, Alkartasuna Dantza Taldeko eta Iker Murillo Studio 24ko ikasleen erakustaldia.
• 13:30. Biteri plazan, Lindy Hop topaketa.
• 18:30. Luzuriagako parkean, Kukai konpainiaren Giza. 17 minutu.
• 19:15. Ziomara H. Cia konpainiaren Ahotsak. 18 minutu.
• 20:00. Luzuriagako parkean, Led Silhouette konpainiaren Los perros. 32 minutu.
• 21:30. Skate parkean, freestyle txapelketa.
ETZI, IGANDEA
• 12:00. Katuen Etxadian, Iker Murillok eta Vitali Safronkinek gidatutako barra klasiko erakustaldia. 30 minutu.
• 13:00. Biteri plazan, herri ekimeneko saioa: Zaborren arteko loreak. 40 minutu.
• 13:40. Biteri plazan, Ttipika taldearen eskutik dantzaldi gidatua.
Dokumentuaren akzioak