Dokumentuaren akzioak
Zeruaren eta lurraren artean
Eskola sortu zuenetik 75 urte bete direnean, New Yorkek Martha Graham dantzariari eskainiriko omenaldia jasoko du
Denishawn eskolan izena eman zuenerako Grahamek 22 urte zituen: dantzarien hizkuntzaren arabera zaharregia taulen gainean jartzeko. Baina egoskorra erabat irlandar sustraiei egozten zien izakera gogor hori, aise lortu zuen zentroko dantzaririk onena bihurtzea. Handik gutxira, ordea, eskolako metodologia txiki geratzen zitzaiola ohartu zen. Grahamek dantza zerbait inpultsiboagoarekin lotzen zuen, gorputzak arima islatzeko duen trebeziaz baliatu beharra zegoen. Dantza klasikoaren mundu ameslarietatik urrun, gizakien dramei buruz hitz egin nahi zuen berak. Buruan zuen teknikan sakondu asmoz, Martha Graham Dantza Garaikide eskola zabaldu zuen. Graham bizirik zela, dela ikasle dela gonbidatu gisa gerora dantzari handi bilakatuko ziren gazteak jaso zituen aretoak: Merce Cunningham. Erick Hawkins, Paul Taylor, Rudolf Nureyev, Margot Fonteyn...
Graham eskolak bere ateak ireki zituenetik 75 urte bete direnean 76 Grahamek lehendabiziko emanaldia eskaini zuenetik, zentroaren oinordekoek ekitaldi beroa antolatu dute apirilerako amerikar dantza garaikidearen ama omentzeko. Egitaraua prestatzea ez da zeregin erraza izan, arazo legalak direla-eta oinordetza kontuagatik Graham eskolakoak epaiketetan dabiltza Graham trustarekin kostata lortu baitute Grahamen koreografiak eszenaratzeko baimena.
Heretikoa eta jainkosa
Probokatzailea eta erotikoegia iritzi zion estatubatuar gizarte puritanoak Grahamen hasierako lanari. Agertokitik erdi biluzik zebiltzan dantzariak Isadora Duncanengandik jaso zuen oinutsik dantzatzearen ohitura, pelbisa etengabe mugitu eta zorura erori besterik ez zutenak egiten... Gainera, gaiek ere ez zuten askorik laguntzen. Mitoek obsesionaturik zeukaten Graham, greziarrenak eta amerikar indigenenak batik bat. Hortik ateratzen zuen bere lanetarako mamia, El penitente, Cave of the heart, Night journey edo Appalachian spring obretan erakutsi bezala. Baina dantza benetan ulertzen zutenak berehala konturatu ziren Graham harribitxia zela. Amerikar dantzari garaikidetasuna ekarri zion artista bihurtu zen.
Proposatzen zuen teknika ez zen batere asimila erraza, mutilentzat batez ere. Hain zuzen, bere burua oinarritzat harturik osatzen zituen koreografiak erretiratu zen arte bera izan zen obretako protagonista nagusia, eta hori dela eta estilo femeninoa sortu izana egotzi diote adituek. Kritikak kritika eta laudoriok laudorio, Grahamek hau esan ohi zuen: «Berdin zait jendeak egiten dudana ulertzen duen ala ez. Komunikatu nahi diedana senti dezatela da interesatzen zaidan bakarra».
Gurean ere izan du oihartzunik, txikia bada ere, Grahamen teknikak. Estatubatuarraren dantza moldearekin zipriztintzeko helburuarekin, euskal dantzari ugarik jo izan dute New Yorkera. Lexuri Gallastegi, adibidez, zazpi urtez ibili zen teknika ikasten, eta hari jarraiki osatu zuen Tortura lana, New Yorken bertan aurkeztu zuena. Etxera bueltan, Gallastegik Judith Ruizekin eta Maria Martinekin taldetxo bat eratu zuen baita ikasitakoa haiei irakatsi ere.
«Isadora Duncanekin batera, Martha Graham dantza garaikidearen aitzindaria izan zen. Koreografiatzeko modu berezia zeukan: berea oso teknika itxia da, gehiegi lotzen du dantzaria», dio Martinek. Hala ere, urteak joan ahala Europan teknikaz baliatzen den talderik aurkitzea geroz eta zailagoa dela azaltzen du: batetik Ameriketatik kanpo erro sendorik eduki ez duelako, eta, bestetik, hemengo tradizioa beste bide batetik joan delako. Martinekin bat dator Idoia Zabaleta dantzaria. Belaunaldi gazteago baten kide izanik, Graham nahiko urrun geratzen zaiola dio. «Dantza klasikoaren kanonak hautsi zituela eta sasoi batean modan zegoen New Yorkera joatearena. Baina nik ez dut mugimendu hori ezagutu».
Fenix hegaztia bezala
Urteak ez ziren dantzariarentzat alferrik igaro. 60 urteko Martha Grahamek ez zuen jada 25 urtekoaren indar bera. Garai batean hain trebeak ziren eskuak artritisak jota zituen ordurako. Gaixotasunak eragindako deformazioak ezkutatzeko, eskularruak erabiltzen hasi zen eta askok kontaktu fisikoari nazka ziolako dantzariaren nabarmenkerietako bat zela pentsatu zuten.
1970ean dantzatzeari uztea erabaki zuen Grahamek, nahiz eta hori, neurri batean, bizitzeari uko egitea zela jakin. «Dantzaria, gainerako gizakiak ez bezala, birritan hiltzen da: fisikoki lehenengo, gorputzak nahiko lukeen moduan erantzuten ez dionean», idatzi zuen bere oroimen liburuan. Depresio aldi sakon bat igaro ostean, eskolako ikasleentzat koreografiak konposatzeari ekin zion. Fenix hegaztiaren berpiztearen modukoa izan zen berea. Hala ere, argi utzi zuen berak ez zuela bigarren Martha Grahamik sortu nahi: teknikaren oinordekoak berez zirenagatik nabarmendu behar ziren.
Azken urteetan, lanari eta idazketari emanak igaro zituen. Hain zuzen, hil baino hilabete batzuk lehenago amaitu zuen bere autobiografia: Bloody memory.
kronologia
Langile nekaezina eta berritzailea
Dantzari eskaini zizkion urteetan, ehun koreografiatik gora egituratu zituen Martha Grahamek. Goitik behera egituratu ere, osasunak huts egin ez zion bitartean berak diseinatu baitzituen jantziak, agertokiak eta argiztapena.
1894. Pittsburghen (AEB) jaio zen Martha Graham, maiatzaren 11n, hain zuzen. Lau neba-arrebetatik (oso gaztea zela neba txikia hil egin zen) zaharrena zen bera.
1911. Ruth Saint Denisen lan bat ikusi eta dantzari izatea erabaki zuen. Bost urte geroago Denishawn eskolan izena eman zuen, Saint-Denisek berak eta bere senar Ted Shawnek gidatzen zutena.
1926. Lehen emanaldia eskaini zuen New Yorken. Orduko piezak Denishawnen ikasitakoaren kutsua zuten.
1927. Teknika propio bat lantzeko gogoari jarraiki, Martha Graham Dantza Garaikide Eskola zabaldu zuen. Hasierako lanak gizarte arazoak ikergai zituzten (Inmigrant, Vision of Apocalypse, Lamentation, Revolt...).
1929. Lehendabiziko bakarkako lana estreinatu zuen: Heretic.
1936. Berlingo Olinpiar Jokoetara joateari uko egin zion. Orduko bi piezatan, Chronicle (inperialismoaren kontra), eta Deep song-en (Espainiako gerra zibilari buruzkoa), erregimen faxisten gehiegikeria salatu zuen.
1939. Merce Cunningham eta Erick Hawkins (gerora Martharen senarra izango zena) Graham konpainiari lotu zitzaizkion.
1956. Dance Magazine-ren saria jaso zuen.
1970. Artritis arazoak zirela-eta dantzatzeari utzi zion. Bere azken antzezpena Cortege of Eagles. Bere konpainiako dantzarientzat koreografiak diseinatzeari ekin zion.
1973. Rudolf Nureyev eta Margot Fonteynentzat (dantza klasikoaren barruan pisu handiko artistak biak), Lucifer eta The scarlett letter osatu zituen.
1991. Blood memory lan autobiografikoa amaitu zuen. Handik hilabete batzuetara hil zen. Bartzelonako Olinpiar Jokoetarako The eye of the Goddess prestatzen zebilen.
legatuaren etorkizuna
Oinordetza eskubideekin bueltaka
Hil aurretik, bere ondarea Ron Protasen esku uzten zuela jakinarazi zuen Martha Grahamek. Protasek ez zuen denbora askorik behar izan eskubide guztiak bereganatu eta Martha Graham Trust delakoa sortzeko, nahiz eta neurri horrek dantza eskola erabat ahuldu zuen. Hain zuzen, trustaren politikarekin ezados, Graham eskolak bere kabuz ibiltzea erabaki zuen, baina bi erakundeen arteko eztabaidak bere horretan jarraitzen zuela-eta, zentroak ateak itxi behar izan zituen 2000ko maiatzean. Epaitegiak konpondu behar izan zuen auzia, eta iragan urteko otsailean ikastetxeak eskolak emateari ekin zion berriro. Afera legalak, ordea, ez dira behin betiko amaitu, eta egile eskubideak aitortu arte auziekin jarraitzeko asmoa du Protasek.
Dokumentuaren akzioak