Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zerua betilun, oholtza irribarrez

Dokumentuaren akzioak

Zerua betilun, oholtza irribarrez

Kresala taldeak Euskal Herriko dantza tradizionalen lagin ederra eskaini du Konstituzio plazan, Donostian

Egilea
Idoia Etxeberria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/08/16

Zerura begira igaro zuten arratsaldea Kresala dantza taldeko lagunek herenegun. Euria zegoen iragarrita. Ekaitz gogorra. Eta nola ahaztu iaz, halako egunez, gertatu zitzaiena: zortziak bost gutxitan, egundoko zaparrada. Emanaldia bertan behera utzi beharra. Aurten ez: laino beltzek dantzak amaitu arte itxaron zuten. Oholtzako erritmo eta kolore biziek, gerri mugimendu eta hanka-jokoek bereganatu zuten ikusleen eta lainoen arreta. Azken txalo zaparradarekin batera hasi ziren erortzen euri tanta mardulak, 21:00etan. Eta Konstituzio plaza bete bezain azkar hustu zen.

Zortziak hamar gutxitan ez zegoen plastikozko aulki librerik. Zapi zuri-urdinak banatzen ari ziren ikusleen artean. Bi andre tortilla ogitarteko bana jaten hasiak ziren, gogo biziz. Eta ume bati puxikak gorantz egin zion ihes: priiiiiiiiiii. Zerua goibel zegoen, baina jendearen aldartea, alai. Murmurioa zen nagusi, berriketa. Gurasoak haurrekin, adineko jendea, gazteak ere bai. Jende mordoxka zutik. «Berandu iritsi gara!», andre edadetu batek penaz; «lekurik ez dago, eta hori aurreko egunean baino aulki gehiago jarri dituztela». Tabernetako mahaiak ere lepo zeuden.

Mutikoa baloi erraldoi berdeari eutsi ezinik. Atzerritarra garagardoarekin. Eta ikuskizuna hastera zihoan: musikariak oholtzara irten ziren. Bi andreek ogitartekoak bukatuta zeuzkaten; hura zen jan beharra! Maskarada iragarri zuten bozgorailutik. Eta luze gabe dantzan ziren zaldizkoak, hartza eta gainerako pertsonaiak. Orain batera, orain banaka, elkarri aginte makila emanaz. Godalet dantzaren unea izan zen ikusmin eta urduritasun handiena eragin zuena: bederatzi edalontzi lurrean, ardoz beteta. Dantzariek gainera igo behar zuten, irauli gabe. «Porra: lauk botako dute!», mutil batek aldamenekoari. Baina ez. Ez zuen asmatu. «Oso ondo!», oihuak entzun ziren. Eta txaloak. Bakarrak eman zion astindua edalontziari. Bukaeran, topa egin zuten.

Eta hori hasiera besterik ez zen izan. Kate nahaspilatuak, dantza lasaiak eta erritmo eroak. Denetik izan zen. Kolorez bete zuten oholtza: arropa deigarriak, zintzarriak, ispiluak, zintak, makilak, sagarrak, kapelak, mozorroak... Iruleen dantza izan zen bigarrena; erritmo geldokoa, aurrekoarekin alderatuta. Koloretako zintekin dantza ederra ehundu zuten, eta txalo ugari jaso. Otsagabiako inauteriak iritsi ziren ondoren. Dantza zalapartatsua, mugitua, ergelarena egiten zuen Bobo pertsonaia buru zuena. Zaldiko-maldikoak, puxikekin, dantzariak makilekin eta kriskitinekin...

Sagar dantza zen hurrengoa: oinetako eta gona gorriz, denak berdin jantzitako neskek aurreko dantzako anabasa ordenatu zuten, bekatuaren zuhaitzetik sagarrak hartu ahala. «Dantza polita, e!», zioen atzeko emakumeak. «Bai, eta jantziak dotoreak». Aldapeko sagarraren adarraren puntan... musikaren doinura ikusle asko hasi ziren kantuan, pozik: «Txiruliruli-txiruliruli...».

Bosgarren dantza soldadu itxurako dantzariek egin zuten, makila luzeen puntan oilarrak zituztela: Besta Berri. Eta dantza eskolako gaztetxoen erakustaldia etorri zen ondoren: dantza jokoak. Mutil gazteak eta haurrak aritu ziren dantzan. «Begira txiki horri...», ikusle batek hunkituta, «...zein ondo, zein xalatuak!». Txalo zaparrada izan zen erantzuna. Luzaide dantzarekin amaitu zen ikuskizuna, errusiar itxurako ipotxekin eta mozorro koloretsuekin. Eta dantzari guztiak -40 bat- oholtzan agertu ziren unean, txaloak euri tantekin nahastu ziren.

40. urteurrena aurten

«Egundoko zortea izan dugu!», zioen Aitzol Iriondo dantzariak, euria eta izerdia kopetatik behera zituela. «Gu Parte Zaharreko taldea izanda, Konstituzio plazakoa etxeko emanaldia da». Ilusioa egiten die. «Giro polita izan da; nik uste dut jendea gustura egon dela, eta gu ere bai, noski».

Makina bat emanaldi izaten dute. Herbehereetan egon berri dira. Sehaska ikuskizunarekin ere badabiltza. Hori bai, aurtengoa urte berezia da: 40. urteurrena dute. Astean hirutan egiten dituzte entseguak, urte osoan, baina ez dira kexu. «Ikuskizun borobilak egitea da gure helburua, baina lagunartea ere garrantzitsua da. Gustatzen zaigulako egiten dugu».

 

 

Dokumentuaren akzioak