Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Zer pentsatu emango dizun une atsegin eta dibertigarri bat pasa nahi baduzu, aukera ona da 'Esnatu naiz' kabareta"

Dokumentuaren akzioak

"Zer pentsatu emango dizun une atsegin eta dibertigarri bat pasa nahi baduzu, aukera ona da 'Esnatu naiz' kabareta"

Andoni Mutiloak ia hiru urteko prozesu baten ondoren garatu zuen 'Esnatu naiz' kabareta, eta Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian estreinatu ostean, Tabakaleran ikusi ahal izango da ostiralean, hilaren 14an, Kutxa Kultur Gauak egitarauaren baitan. Kabaretaren nondik norakoak kontatu dizkigu autoreak.
Egilea
Beñat Parra
Komunikabidea
Irutxuloko HItza
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/08/12
Lotura
Irutxuloko HItza

andoni mutiloa

Nondik atera zenuen ‘Esnatu naiz’ kabareta egiteko ideia?
Ni, berez, kazetaria naiz, eta Euskadi Irratian egiten nuen lan, duela hiru urte eszedentzia hartu nuen arte. Hasiera batean, ez nuen inolako planik, eszedentzia helburu jakinik gabe hartu nuen.

Lehenengo urtean, bidaiatzen ibili nintzen, eta kabaret honen hasierako ideia etorri zitzaidan: Beyonce izan nahi zuen baserritarra. Une horretan, ideia horrekin antzezlan baterako gidoi bat idazteko asmoa nuen, baina kostatu egin zitzaidan idazten hastea. Pixka bat idatzi nuen, baina utzi egin nuen. Alde batera utzi nuen gaia, bi lagunek The Artist’s Way [Julia Cameron, 1992] liburua gomendatu zidaten arte. Liburu horrek sormenari buruz hitz egiten du, eta esaten du sormena denok daukagula, baina askotan blokeatuta egoten dela. Oso liburu praktikoa da, eta proposatzen dituen ariketen bitartez, blokeatuta dagoen sormen hori desblokeatu dezakezu. Horretan ari nintzela, ia urtebete lehenago sortu zen ideia hori idazteari ekin nion, berriz ere. Hori duela bi urte izan zen.

Kostata, baina antzerki horren lehenengo bertsioa 2019ko urtarrilaren 1ean bukatu nuen, eta niretzat sekulako lorpena izan zen. Idazten ari nintzen bitartean, ordea, antzerki obra baino gehiago, kabaret itxura hartzen ari zela ikusi nuen. Horrekin batera, sentitu nuen gidoi hori taularatu egin nahi nuela, eta argi ikusi nuen nik neuk eraman nahi nuela oholtza gainera, bakarrik. Era berean, pentsatzen nuen erokeria zela hori egitea, obra bat idazten nuen lehenengo aldia zelako eta horrelako gidoi bat taularatzen nuen lehenengo aldia zelako; gauza txikiak egin izan ditut antzerki eskolaren batekin, baina ez da gauza bera.

Ez dut kasualitateetan sinesten, baina garai berean, antzerki klaseetara joaten hasi nintzen berriz ere, Zestoako antzerki eskolako Amancay Gaztañagaren klaseetara. Oso gustura ibili nintzen, eta iazko udan Amancay bisitatzera joan ginen lagun bat eta biok, eta gauza bat idatzita neukala kontatu nion Amancayri, obra hori gauzatzeko laguntza eskatuz. Bi aldiz pentsatu gabe, baietz esan zidan.

Horrela, Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiko deialdira aurkeztu nuen nire kabareta, eta aukeratu egin zuten. Hori izan zen niretzako ezustekorik handiena. Urrian izan zen, eta hiru hilabeteko epea nuen proiektua gauzatzeko, urtarrilean lau emanaldi izango nituelako, jaialdiaren baitan. Hiru astetik behin Amancayrekin elkartzen nintzen obrari bueltak emateko, eta berak gomendio asko ematen zizkidan. Azkenean, urtarrila iritsi zen eta ni izan nintzen lehenengo harritua, iruditu zitzaidalako oso gauza interesgarria sortu genuela. Prozesua ederra izan da niretzat.

Kazetaria izanda, nola sentitzen zara oholtza gainean?
Oholtza gainean egotea ez da gauza berria niretzat, txikitatik dantza egin izan dudalako, euskal dantza, batez ere. Antzerki obra batzuetan ere parte hartu dut, beti ere, talde baten babesarekin. Hala ere, ez da gauza bera.

Nahiz eta gauza bera ez izan, asko lagundu didate aurreko esperientzia horiek. Bestalde, azken urtean izandako bizipenek ere lagundu egin didate obra taularatzeko garaian. Duela hiru urte ez nintzen gai izango kabareteko pertsonaietan sartzeko, baina orain gozatu ere egiten dut.

andoni-mutiloa-kabaret

Andoni Mutiloaren ‘Esnatu naiz’ kabaretaren promozio irudia. (Argazkia: Andoni Mutiloa)

Zeri buruzkoa da kabareta?
Obra Londresko klub batean hasten da, The Pink Flamingo klubean. Han, gauero, Elur izeneko artistak bere ikuskizuna egiten du, eta gau horretan ere oholtzara igo da. Elur trans kolektiboko artista bat da. Egun horretan, zerbait gertatu zaio, eta ez da gai ikuskizuna egiteko; etxera joateko zorian dago, baina azkenean, ikusleei egun horretan gertatu zaiona kontatzen hasten da. Horrela, jakingo dugu Elur berez Pello izeneko gizon bat dela, Gipuzkoako herri txiki bateko baserritarra. Oso zaila egiten zitzaion herri horretan bizitzea, eta hamar urte lehenago Londresera joatea erabaki zuen. Beraz, Elurrek Pelloren azken hamar urteetako ibilbidea kontatzen du.

Kabareta izanda, dantzak garrantzia handia izango du, ezta?
Bai, eta estilo askotarikoa: euskal dantza –kabaretaren estilora ekarria–, dantza garaikidea, koreografia modukoren bat, strip-tease bat, eta abar. Elurrek abestu ere egiten du, beraz, osagai asko ditu kabaret honek.

Komedia eta drama asko nahasten ditu kabaret honek: Pelloren bizipenetako oso momentu argitsu eta alaiak ikusiko ditugu, baina baita momentu ilunak ere. Horretarako, aparta da kabaretaren formatua.

Zure bizipen pertsonalak ditu oinarri ‘Esnatu naiz’ obrak?
Abiapuntua burura etorri zitzaidan ideia bat da, besterik gabe. Idazten hasi nintzenean, ordea, ikusi nuen nire bizipenetatik asko zuela. Ez da autobiografikoa, baina badago paralelismo nabarmen bat. Nik bizi izan dudan aldaketa agian ez da hain muturrekoa izan, baina ezagutzen nautenek nire bizitzako gauzak ikusiko dituzte obra honetan.

Urtarrilean izan zen kabaretaren estreinaldia. Nolako harrera izan du orain arte?
Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian estreinatzera nindoanean, pentsatzen nuen, ‘etorriko al da norbait?’. Oso harrituta gelditu nintzen, tabernak bete egin baitziren, bereziki Botanikako estreinaldian. Asko ez ziren ni ikustera etorriko, jaialdiak berak jende asko mugitzen duelako, baina ilusio handia egin zidan. Oro har, uste dut oso harrera ona izaten ari dela, eta jende askok zoriondu egin nau, lehendik ezagutzen nuen jendeak eta ezagutzen ez nuenak.

Ondoren, udaberrirako emanaldi batzuk lotzen hasi nintzen, baina konfinamendua iritsi zen. Ekainean, ia promoziorik egin gabe, hainbat proposamen egin zizkidaten, obra herri txiki batzuetara eramateko. Esaterako, ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunaren harira, Adunara eta Altzora eraman nuen obra. Gainera, Pello pertsonaia herri txiki batekoa izanda, kabareta herri txikietara eraman nahi dut. Izan ere, kabaretak badu mezu bat eta kritika bat. Bestalde, ostiral honetan Tabakaleran egingo dut emanaldia, eta abuztuaren 28an Olaberrian.

mutiloa-andoni-kabaret

Andoni Mutiloaren ‘Esnatu naiz’ kabaretaren promozio irudia. (Argazkia: Andoni Mutiloa)

Kabareta ez da oso ohikoa gurean, eta are gutxiago euskaraz?
Bai, niri asko gustatzen zaidan estiloa da, eta pixka bat kamikazea izan nahi zela uste dut. Baina egia da oso kabaret gutxi daudela gure inguruan, eta are gutxiago euskaraz. Beraz, hori interesgarria izan daiteke jende askorentzat.

Proiektua luzatzeko asmoa duzu, ezta?
Proiektuak hazten jarraitzen du eta nik amesten jarraitzen dut. Aspalditik nuen buruan obra pixka bat luzatzeko ideia, eta horretan nabil. Asmoa da udazkenerako bertsio luzatua egin ahal izatea.

Bestalde, aspalditik izan dut musika sortzeko gogoa, baina ez naiz musikaria. Ordea, melodiak etortzen zaizkit burura tarteka; abesti ezagunen melodiak batzuetan, baina sortuta ez dauden melodiak beste batzuetan. Melodia horiek mugikorrean grabatzen daramat pare bat urte, eta horietako batean oinarrituta, abesti bateko melodia osoa eta hitzak idatzi nituen, duela urtebete. Horrela, konfinamenduko egun batean horretara jarri nintzen, eta abestia osatu nuen.

Kanta hori grabatu eta kabaretean sartu nahi nuen, eta laguntza eskatu nuen, beste behin ere. Amancayk Grises taldean jotzen du, bere anaia Eñautekin batera. Eñauti laguntza eskatu nion abestia garatzeko, eta hiru asteko epean kanta egina genuen. Beraz, abesti hori kabaretaren bertsio luzean sartzeko asmoa dut. Bestalde, abesti gehiago grabatzeko asmoa dut, kabaretetik kanpo.

[Jarraian, Mutiloak osatutako abestia]:

Zer esango zenioke jendeari ostiralean zure emanaldira joatera animatzeko?
2020ko uda ezohiko uda izaten ari da, eta jende askorentzako ez da uda erraza eta gozoa izaten ari. Baina tarte batean, ostiral iluntze batean, zer pentsatu emango dizun une atsegin eta dibertigarri bat pasa nahi baduzu, aukera ona da Esnatu naiz kabareta. Gozatzeko gogoz etorri behar da, ondo pasatzeko asmoz eta irekita.

Dokumentuaren akzioak