Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zer gehiago eska dakioke lagun bati?

Dokumentuaren akzioak

Zer gehiago eska dakioke lagun bati?

Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea zenari omenaldi beroa egin diote adiskide eta lankideek, Andoainen

Musika, dantza eta literaturaren bidez haren oroimena bizi-bizi dela gogoratu dute
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2013/06/07
Lotura
Berria

«Zer gehiago eska dakioke lagun bati?». Horra behin eta berriro Jaime Otamendi kazetariak eta Harkaitz Cano idazleak ahots goraz egindako galdera. Donostiako Morgan jatetxeko aulki huts bat parean, eta adiskide bat gogoan. «Oharkabean, ia ezer egingo ez balu bezala egiten zituen gauzak», gogoratu du Otamendik, Joxan Lizarribar laguna gogoan hartuta. Hilean behin afaritarako biltzen ziren jatetxe horretan eta gogora ekarri dituzte hark esandakoak. Eta berriro galdera bera. «Zer gehiago eska dakioke lagun bati?». Eta eurek erantzuna: «Pasioa erruz eta kemena ere bai. Baina gerri malgua eta gentlemanaren dotorezia gero. Dotorezia eta zehaztasuna hitz egitean». Zer gehiago eska dakioke lagun bati?: «Bromak serio hartzea eta serio omen dena ironiaz». Adiskidearen gomuta hurbilekoa eta hunkibera, umorez zipriztindua. «Adiskide bakoitzari puzzleko zati bat eman digu. Denei utzi digu zerbait, eta denak batuta osatu liteke Lizarribar zenaren puzzlea».

Puzzlea osatzeko piezak behar dira. Aulki hutsek osatu dute puzzlea. Haiek eta haiekin datorren guztia. Aulki hutsek ausentzia dakarte gogora lehen kolpean. Ez dagoena dakarkigute akordura; ez dagoenaren presentzia indar biziz agertzen da hurrena. Ausentziatik presentziarako bidaia, emozionala, objektuak bideratzen du, hark iradokitzen du falta denaren presentzia. Aulki hutsen bitartez Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea zena —iragan apirilaren 9an zendu zen— oroitu eta omendu zuten atzo haren adiskide eta lankideek, Andoaingo Bastero Kulturunean. Eneko Olasagastik zuzendu zuen Zenbat aulki huts bete ikuskizuna. Dozenaka lagunek parte hartu zuten aulki huts horien inguruko kultur eta oroitzapen jolas biribilketarian, omenduaren jarduera, zaletasun eta bizipenen errotari haizea emanez, keinuz-keinu ibilbide pertsonal eta profesionala aletuz, aitortuz eta omenduz. Aulki hutsetatik pertsonaren presentzi bizira bidaiatu ahal izan zuten bertaraturikoak. Lagun eta lankideak izan ziren bidaide eta bitartekari.

Argiak itzalita, publiko arteko eserleku argiztatu bakarrarekin ekin zion ikuskizunak, a capella ahotsez norbaitek Goizean argi hastean kantatzen zuelarik, eta pantailan Lizarribarren beraren irudia agertzen zelarik. Lizarribar gazte eta galai bat. kapela buruan. Bukatzean teloia altxa eta aulki bat oholtzan. Jean Mixel Bedaxagar zen kantaria, puzzleetako beste pieza bat.

Argia dantza taldeak ekarri zuen hurrengo aulkia, hurrengo ausentzia, presentzia bizi bihurtua. Hiru pieza dantzatu zituzten , Juan Antonio Urbeltz eta enparauek, taldekide izan zutena oroimenean izanik. Halatsu egin zuen Ertizka abesbatzak, omenduak gogo zituen Elurra mara mara eta Euskal Herriko semeak gera kantatuz. Eta Andoni Mendiola lankideak, Kelsen adreilu enpresako kideak hurrena. «Nazioartekoa eta saltzailea zen. Oso herrialde desberdinetan ibili zen. Bidaiatzea asko gustatzen zitzaion. Lagun ona zen bidaiatzeko. Inoiz ez zuen galdu gertutasuna eta taldea egiteko ahalmena. Askatasuna maite zuen. Lan egiteko modu onena askatasuna zela zioen. Askatasunak ardura dakar berarekin eta ikasi egiten da». Hamaika txoko ezagutu zituen Euskal Herrian eta munduan barrena. Hegazkineko aulkiak sinbolizatu zuen bere izaera bidaiaria, eta hamaika lekutako lagunen testigantzek osatu zuten bere profil nazioartekoa: Malasiakoek, AEBekoek, Alemaniakoek, Palestinakoek, Espainiakoak, Egiptokoek, Australiakoek... eta Euskal Herrikoek... Guztiek bidali zuten beraien mezua bideo bidez.

Euskal Herriko lagunen artean BERRIA taldeko lankideak ziren. Lantokiko aulkia igo zuten haiek oholtzara. 2003ko otsailaren 20an Euskaldunon Egunkaria itxi ostean hartu zuen BERRIA taldeko lehendakaritza Lizarribarrek. «Aurrera egitea deliberatu genuen, eta baita Lizarribarrek ere..Egoerarik zailenean ere baikorra zen eta aurrera egitekoa. Gauzak egin egin behar baitira eta ez negarretan ibili. Adoretsua zen eta taldekoa. Ez diogu ikusi protagonismo nahirik. Errespetua azaldu izan die guztiei, langile guztiei. Hurbilekoa izan da eta proiektua jendearekin egiten dela erakutsi digu. Harrokeriarik gabe baina harrotasunez. 'BERRIA estrategikoa da eta ezin dugu huts egin', zioen behin eta berriz. BERRIAk lankide bat galdu du, baina, batez ere, laguna galdu du», gogoratu zuen Joan Mari Larrartek, oraintsu arte BERRIAko Kontseilari ordezkari zian denak, alboan Iban Arregi kontseilari berria eta Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria zituela .

New Yorkeko lagunak

New York zuen hiri kutuna Lizarribarrek. Eta han ere lagunak. Bideoz euren oroitzapenak bidaliz. Eta baita Euskal Herrikoak, New Yorken topo egindakoak: «'Gauza inportanteak oso gutxi dira', zenioen: Maitasuna, seme-alabak, adiskidetasuna, kultura, aberria eta heriotza... Dena nahi izan behar dugu ia dena erdiesteko. Hain zinen bitala, ez zenuela nahikoa gorputz bakar batekin. Ez zinela kabitzen zure hezur haragietan. Gu denongan hartu duzu bizia. Ohi bezala jar ezazu zuk eguna , Joxan», errezitatu zuen Kirmen Uribek. Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin eta Rafa Ruedarekin batera New Yorken izan zen Uribe. Zaharregia, txikiegia agian ikuskizuna aurkeztu zuten, eta lehen lerroan zen Lizarribar, «bere irribarre eta ilusioa transmitituz». Ikuskizun hari izenburu ematen dion kantuarekin agurtu zuten oholtza, euren aulkia bertan utzita.

Eta lagun gehiago. Lizarribarren lagun minak Lizarribarren ibilbide geografiko sentimental kulturala eginez, irudiez lagunduta. Arkaitz Mendoza pianistak John Denverren Take Me Home Country Roads jotzen zuen bitartean.

Eta puzzlearen zatirik inportanteena, eta omenaldiko unerik hunkigarriena, Lander eta Laida Lizarribarren seme-alabak oholtzara igotzean. Semearen hitzak: «'Lander zuk zer izan nahi duzu?' Ez dakit, neuk erantzun. Eta berak. «Hori da deskubritu behar duzuna'». Eta alabaren hitzak: «Oheratzen naizenean Killing Me Softly datorkit burura, aita». Eta txalo zaparrada, eta hunkidura areto osoan, lagun guztien azaletan, eta aulkiek iradokitako bizipen eta gomutetan.

Ainhoa Arteta sopranoa entzutetsuari lehen urratsak ematen laguntza handia eskaini zion Lizarribarrek.Haren ahotsarekin agurtu zuten atzoko ekitaldia. Haurtxo polita abestu zuen sopranoak, bi seme-alabak besarkatzen zituen bitartean. Oholtzaren gainean, ekitaldian parte hartu zuten adiskide eta lankide guztiak, eta haiek utzitako aulki hutsak. Ausentziari presentzia bete-betea eta bizia emanez. Guztiok elkarrekin abestuz agurtu zuten ekitaldia, eta oroitu zuten Lizarribar.

Ainhoa Artetak Haurtxo polita abestu zuen Joxan Lizarribarren seme-alabekin, Lander eta Laidarekin. / GORKA RUBIO


Kantuan Jean Mixel Bedaxagar eta atzean Lizarribarren irudia. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS


Kirmen Uribe, Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda. / G.R./ARP


Jaime Otamendi eta Harkaitz Cano, Lizarribarrekin hizketan. / G.R. / ARP

Dokumentuaren akzioak