Dokumentuaren akzioak
Zehaztasuna nagusi
Kritika, Wiesbadengo Balleta
Haietariko lehena, Musika-eskaintza pieza, Bach eta Prusiako Federiko II.aren arteko topaketetariko batean oinarritzen da. Koreografoak eszenako oihalak erabiltzen ditu Potsdameko Sans-souci jauregia berrasmatzeko, eta dantzarien gorputzek jarrera estatiko askori eusten diete, guneen arteko mugak ezarriz eta hango eskulturen ugaritasuna gogoraraziz.
Bitartean, pasarte kasual asko garatuko dituzte bospasei dantzari solistek, keinu bakoitzaren zehaztasun itzelean gorputzen malgutasuna tartekatuz eta jantzien kolore apurrekin zuri-beltzaren nagusitasuna apurtuz. Amaiera baino lehen, bikote batek sentsualtasun eta poesiaz beteriko pasarte bat dantzatu du, baina hala ere, pieza ikustean artifizio-sentsazio handia geratu zaigu dantzarien kalitate teknikoaren gainetik, eta Bachen musikako esaldi distiratsu ederrak eta baretasun paisaia sakonak dira lan honetatik gehien gogoratuko ditugunak.
Gaueko bigarren atalak -Irudipen iheskorrak- Prokofieffen hamabost konposizio labur hartzen ditu oinarritzat. Ilargiak argiztatutako lorategi bat kontzeptualki iradokitzen duen dekoratu batean aritzen dira koreografiako lau bikoteak eta, aurrekoan bezala, beltza da jantzien kolore ia bakarra. Koreografoak oso ondo islatu du futurismoaren urteei zegozkien atmosfera eta estetika, eta giro horretan dantzarien orro eta eztarri-hots batzuk tartekatu ditu, zenbait umore-ukitu eta keinu groteskorekin batera.
Amaieran, kontraesanez beteriko No cha-cha-cha etorri da. Hasierako eszenak oso kontraste gogorra sortu du cha-cha-cha bezalako doinu beroak argi urdin hotzaren pean entzutean eta dantzari guztien jantzi beltzak ikustean, Karibeko musikak eta dantzarien keinu hotz eta abstraktuek pantomima sentsazio deserosoa sortzen zutelako. Zorionez, bigarren zati batean Arvo Part-en musika zoragarriak bere onera ekarri du guztia, eta dantzariek edertasun handiko pasarte batzuk eraiki dituzte, etereoaren poesia keinu zehatzen gainetik jarriz. Azkenik, ordea, norabiderik gabeko beste atal nahasi bat etorri da eta horrek apur bat zapuztu du koreografiaren azken emaitza.
Koreografiak: Stephan Thoss.
Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.
Eguna: Urtarrilak 16.
Dokumentuaren akzioak