Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zazpi urte igaro dira

Dokumentuaren akzioak

Zazpi urte igaro dira

Kritika, 'Recital'

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/10/05

1998ko Maiatza Dantzan-en izan genuen Käfig konpainia ezagutzeko parada, Donostiako Gazteszenan. Harrez geroztik zazpi urte igaro dira eta igandean ikusitakoak aukera bikaina ematen digu konpainiaren eboluzioa ezagutzeko eta hip-hop lengoaiaren ahalak eta mugapenak aztertzeko.



Dantzaren munduan azkar, oso azkar, igarotzen dira urteak, batez ere koreografo eta dantzariei eskatzen zaien prestakuntza eta ahalegin fisikoari erreparatuta. Are gehiago gaztetasunaren eta bizi-gogoaren adierazle nagusia den hip-hop-aren kasuan. Zahartze azkar horrek eragin negatibo bi izan ditu haren onespenean eta eboluzioan: alde batetik, artisten iraunkortasun faltak asko mugatzen ditu dantzaren arteari ekarpenak egiteko aukerak, eta bestetik, hip-hop-a artista gazteen artean bakarrik praktikatzeak ezinezko bihurtzen du dantzari haiek nagusitan zer eman ahalko zuketen jakitea. Horrek nolabaiteko kezka sortzen du Frantziako eremu artistikoan, eta Lyongo konpainia hau egoeraren adierazle garbia da.Duela zazpi urteko fitxarekin konparatuta, Mourad Merzoukirena da errepikatzen den izen bakarra, baina Recital-eko dantzari guztiak parekideak izanik, zilegia da kasurako konparazioak egitea, oraingoan askoz leunagoak eta helduagoak direlako dantzarien mugimenduak, eta askoz garatuagoak direlako bikote, hirukote zein denen arteko koreografiak: paraleloan burututako mugimendu-segidek perfekzio matematikoa erakusten dute, gorputzen malgutasunari keinu-zehaztasun erabatekoa eransten zaio eta oso interesgarria da normalean gutxi irauten duten mugimendu zailak hainbat figura estatiko edo dinamikotan banatzeko ahalegina. Alde horretatik harrigarria izan da bihurrikatzeetan, airetiko itzulipurdietan, buruz beherako bira zorabiagarrietan eta mugimendu akrobatikoetan erakutsitako trebezia, eta soinu-bandan ere ez da rap estiloa nagusitzen, harekin batera magrebtar doinuak eta jungle erako erritmoak tartekatzen baitira.Horrek guztiak frogatu egin digu posiblea dela eboluzioren bat izatea hip-hop-aren estiloan, urteek emandako heldutasunak bultzatuta. Aldi berean, baina, argi geratu da erraietatik jaiotako lengoaiak asko galtzen duela koreografia jakin batean mugatuta egotekotan, eta askoz bizigarriagoa suertatzen dela norberaren matxino-energiaren adierazlea denean, txaloen osteko bisetan gertatu zen moduan. g Agus Perez

Dokumentuaren akzioak