Dokumentuaren akzioak
Zazpi neska gorri
Kritika, dFeria
Lisboako Companhia do Chapitoko lagunei egokitu zaie aurtengo Donostiako Antzerki Feria zabaltzeko ohorea eta, beren ibilbidean ohikoa den bezala, beste pertsonaia ezagun baten kronika erotua eszenaratu dute. Euskal Herrira ekarritako aurreko bi ikuskizunetan -Talvez Camões eta O grande criador- Portugalgo idazlerik handiena eta Jaungoikoa bera aztertuak zituzten oso umore zorrotz eta ikonoklastarekin, eta oraingoan Drakula izan da parodiako protagonista.
Konpainiaren betiko ezaugarriei jarraiki, taula gaineko hiru aktoreek hamaika roletan ibili dira eta era guztietako giroak eratu dituzte, ia kanpoko karakterizaziorik gabe eta betiko antzerkiko gauza sinpleenei muturreko etekina ateraz. Gauzak horrela, antzerki txiroaren arloko goia jo dute hainbat momentutan -gogoratu bestela nola girotu dituzten trena, diligentzia edota dentistaren kontsulta-, nahiz eta, amaiera aldera, argumentua gehiegi korapilatu eta gehiegizko luzera eman dioten lanari.
Arratsaldeko bigarren saioan Silvia Vlamivsky konpainiak El nombre izeneko pieza aurkeztu du Gazteszenan. Ordubeteko pieza estimagarri honetan antzerki eta dantzaren arteko estiloan aztertzen dira Argentinako historia hurbilak markatu dituen nortasun pertsonalak, Astor Piazzollaren tangoen eta Salo Pasiken hitz poetikoen laguntzarekin.
Dudarik gabe, Victoria Eugenian aurkeztutako Shoku (Ukimena) dantza lana Feria honetako ikuskizun handien artean dago. Taula gainean gorriz jantzitako zazpi neska dira protagonistak eta, izenburuak dioenaren kontra, ez dute emanaldi osoan elkar ukitzen. Hala ere, emanaldian zehar behin baino gehiagotan azaleratzen da sexuaren gaia, nahiko era esplizituan batzuetan eta era subliminalean besteetan.
Ikuyo Koruda japoniarrak maisutasun handiz uztartzen ditu Batik konpainiako kideen heziketa klasikoa eta dantza garaikidea. Era berean, erritmo aldaketa aberasgarriak sortzen ditu perkusio indartsua eta musika klasikoa tartekatuz, baina dantzari guztien teknika bikaina eta koreografiaren diseinu efektista ez dira nahikoak ikuskizunari norabide jakin bat emateko. Bitartean, badirudi gizatasuna galdu duten gorputzen eta izpirituen esplorazioa egin duela koreografoak, horrek dakarren artegatasun guztiarekin, eta azken eszenako irudiak garbitasun eta sosegu mezua utzi nahi izan digula.
Dokumentuaren akzioak