Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zazpi herrialdeetako taldeak elkartu dira Irunen, eta Dantzari Egunaren zentzua biribildu dute

Dokumentuaren akzioak

Zazpi herrialdeetako taldeak elkartu dira Irunen, eta Dantzari Egunaren zentzua biribildu dute

Aurreikusita zegoen bezala, giro aparta bizi izan zuten atzo Irunen elkartu ziren dantzariek. Azken unean Nafarroa Behereko talde bat ager-tu izanak, gainera, jai egunari zentzu biribila eman zion.

Egilea
Itziar Amestoy
Komunikabidea
Gara
Tokia
Irun
Mota
Albistea
Data
2008/09/29

Dantzari Eguneko antolatzaileak ilusioz beteta ziren atzoko hitzorduaren zain eta, azaldu zutenaren arabera, partaidetza oso pozgarria izan zenez, balorazio positiboa egin daiteke ospaketaz. «Eguraldiak lagundu digu; baina horrez gain, zazpi herrialdeetako 50 talde elkartzeak oso irakurketa positiboa du», esan zuen Euskal Dantzarien Biltzarreko kide Estibalitz Iturriak. Lurralde guztietako ordezkariak egoteak osotasuna eman zion ospakizunari; gainera, azken orduko albistea izan zen hori, Nafarroa Behereko talderik ez baitzegoen iragarrita.

Dantzari Eguneko unerik bereziena eguerdi aldean egin zen emanaldia izan zen. Irungo kaleetan barrena desfilea egin ondoren, den-denak batu ziren Stadium Galen. Herrialde bakoitzeko ordezkariek euren dantzak erakutsi zizkioten han bildutako publikoari. Talde bakoi- tzak bere zatitxoa eskainiz ikuskizun osoa, benetan biribila lortu zuten.

Baina 40 urte baino gehiago dituen egun hau ez da emanaldira murrizten, jardunaldi osoan egon baitziren dantza tradizionaleko eta folklorearen inguruko ekintzak. Esate baterako, Urdanibia plazan Folklore Azoka jarri zuten. Bertan, Iturriak azaldu zuenaren arabera, 15 artisauk dantza eta folklorearekin loturiko materialak ikusgai egon ziren.

Egunari jai kutsua gehitzen dioten ekintzak ere ez dute hutsik egiten horrelakoetan. Hartara, eguerdian bazkari herrikoia antolatu zuten Uranzu frontoian. Ondoren, eguneko antolatzaileek materiala jasotzen zuten bitartean, Urdanibia plazan Imuntzo eta Belokik erromeriaz giroa alaitu zuten.

Ospakizun honen historia 1967 urtean hasi zen, eta hasiera batean soilik Ipar Euskal Herrian antolatzen zen. Baina 1978an nazio osora zabaldu zen. «Garaiak asko aldatu dira, baina ekintza honen helburuari eutsi egiten diogu. Dantzarien eta dantzazaleen jaia izateaz gain, gure dantzaren eta folklorearen aberastasuna erakusteko tresna handi bat dela uste dugu», ziurtatu dute Euskal Dantzarien Biltzarrekoek.

Elkarte honek 250 dantza talde eta 8.000 dantzari inguru ordezkatzen ditu, eta, atzoko eguna antolatzeaz gain, hainbat argitalpen bultzatzen ditu «gure dantza eta ohituren alde».

Bidelagunak omendu dituzte, txistulariak

Euskal Herriko Txistulari Elkarteari egindako omenaldia izan zen atzo ospatu zuten Dantzari Egunaren ezaugarririk bereziena. Dantzariek, horrela, txistulariei aitortu nahi izan zieten musika eta dantza tradizionala mantendu, berreskuratu eta zabaltzeko egindako lana. Omenaldia egiteko unean, dantza emanaldia amaitzear zegoela, publikoaren aurrean argi erakutsi nahi izan zuten bi kolektiboak bidelagun bikainak izan direla eta izaten jarraituko dutela. Omenaldiak, besteak beste, honako zioa zuen: «Dantza taldeen antolakuntza eta garapenean txistulari askok egindako lana baloratzea».

Dokumentuaren akzioak