Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zazpi egunez ganbara da zure etxea eta herritarrak zure familia»

Dokumentuaren akzioak

«Zazpi egunez ganbara da zure etxea eta herritarrak zure familia»

Egilea
Tttipi-ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Ituren
Mota
Albistea
Data
2023/01/27
Lotura
Erran

«Iturengo mutil alai eta saltseroa» da Egoitz Gorosterrazu Elizagoien, «lagunei laguntzeko beti prest» dagoena. Reala ikustea eta bertsotan aritzea du gustuko, eta herriko inauteriak «urteko egunik inportanteenak» direla dio, «sortzen den giro eta lagunarte politarengatik. Urte guzia horren esperoan egoten gara eta bertan bizitzen dena ezin da esplikatu».

Ttikitatik emozio handiz bizi izan ditu Iturengo inauteriak; «gurasoekin ganbarara joaten nintzen joaldunez jantzita, eta bertan zegoen jendetza, bai mahai inguruan baita joareak jartzen ere, hain haundia ikusten nuen, ez nintzela lekutik mugitzen ere». Hiru urterekin hasi zen joaldunen aitzinetik ateratzen, «joare gabe pausua egiten hasi nintzen, ttikitatik ikusten duzun zerbait da eta barren barrenean duzuna. 14 urterekin berriz hasi nintzen eta ordutik urtero atera naiz joaldun, urtez urte hobetzen».

Joaldun izatea «hagitz berezia» dela dio, «ezin dut deskribatu zer sentitzen dudan». Hala ere, «nekagarria» dela ere aitortu du, «egun aunitz dira eta ez bakarrik joareak jotzeko momentuan; ganbarako otorduak, dantza, edariak, lo egiteko ordu gutti… baina gustuko tokian aldaparik ez».

Gainerako egunak ere «gogo eta intentsitate haundiarekin» bizitzen ditu; «zazpi egun dira eta denaz gozatzeko aukera dago, egun batean joaldun, bertze batean mozorro, puskak biltzen… eta kontuen egunean herri kiroletan ere parte hartzen dut. Bakoitzari bere neurria hartuz dena egin daiteke eta hori da politena».

«Bakoitzari bere neurria hartuz dena egin daiteke eta hori da politena»

Baina dena ez da besta, inauterietako antolatzaileen komisioko kide baita Gorosterrazu; «sukaldariak lortu, musika lotu, erosketak egin, bertsolariak lotu… hiru kide gara eta hiruron artean banatzen ditugu ardurak. Lan dexente da, baina herritarrek laguntza haundia ematen digute eta denon artean errazagoa da». Lan gehiena eginda utzita, «besta lasaiago disfrutatzen da».

Iturengo, Zubietako eta Aurtizko inauteriak «herri giroak» egiten ditu berezi; «zazpi egunez ganbara da zure etxea eta herritarrak zure familia. Gazteak, zaharrak, neskak, mutilak… denak batera ibiltzen gara eta sortzen den giro goxo eta politak egiten ditu hain berezi».

Azken urteetan aldaketa haundirik izan ez badute ere, «aspaldiko urteetatik gaur egunera bai. Lehen joare gutti zeuden eta gaur egun etxe guzietan pare bat edo gehiago izaten dira. Gainera, orain jende gehiago izaten da otorduetan, lehen arrazoiren bat edo bertze tarteko egoten ez zena. Aldaketa positiboa izan da iturendarrentzako».

Dokumentuaren akzioak