Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zartagina eskutan

Dokumentuaren akzioak

Zartagina eskutan

Egilea
Aitzpea Leizaola
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2005/01/25

Inoiz baino goizago baitatoz aurten kaldereroak, Kandelariari aurrea hartuz. Inoiz baino zalapartatsuago ere bai, emakumeen parte-hartzearen inguruko ika-mikak direla eta.



Hungariatik Euskal Herrirako bideetan barrena, Donostian egingo dute geldialdia kaldereroek larunbatean: behinola Euskal Herriko bideetan zehar zartagin eta pertzak konpontzen bai eta bestelako ofizioetan ere jarduten zuten ijito koadrilak gogoraraziz ageri zaizkigu urtero, musika eta kantu artean, espektakulua hiriko kaleetara ekarriz. Aurtengoan bereziki izango da zer ikusia. Beste esparru batzuetan normalkuntza bidean dagoen emakumearen parte-hartze aktiboa dela-eta, festa kontuetan hautsa harrotzen baita bazterretan.



Aurten bi konpartsa ibiliko dira kalez kale. Emakumearen parte-hartzearen aldeko erabakia modu ezin demokratikoagoan, asanbladan, hartua izan bazen ere, ados ez zirenek Konpartsa Primitiboa sortu berri dute. Konpartsa Tradizionalak gizonezko eta emakumezkoen funtzio banaketa bertan behera utzi du. Izenak eta pertsonaiak desberdinak diren arren, gidoia ezaguna zaigu. Inauteri garaietara moldatuta heldu zaigu oraingo honetan. Sesioan ari direnek azkar ahazten dute, ordea, inauteria ohitura eta usadioak ederki moldatu eta aro berrietara gaurkotzen jakin duen festa dela. Tradizioa ezer bada, moldagarria dela aspaldi erakutsi dute antropologoek.XXI. mende hasieran harrigarria bada ere, hainbat ospakizunetan emakumearen parte-hartzeak notizia izaten jarraitzen du oraindik ere. Hainbat esparrutan oraindik ere desberdintasunezko jokabideek ohiko ez ezik, arau izaten jarraitzen dute. Jakin badakigu zein zaila den emakumeen eta gizonezkoen arteko benetako parekidetasuna lortzea. Denbora kontua besterik ez da. Hala ere, kuriosoa da tokian tokiko jarrera nola aldatzen den egoera bertsuen aurrean: Gipuzkoako beste herri batzuetan ez bezala, Donostiako Udalak babes esplizitua agertu dio emakumeak kantuan eta zartagina jotzen gizonaren pare hartzen dituen kaldereroen konpartsari. Irungo alkateak badu bere partidukide den Donostiako alkatearengandik zer ikasia. Zartaginak Irungo alardeko eskopetak baino femeninoagoak direlako ote da? Sukalde usainak alde batera utziz, eta errefrauak dioen moduan, zartagina eskutan edukitzea ez da txantxetako gauza.

Dokumentuaren akzioak