Mendeurrena ospatzeko, Zarauzko Udalak erakusketa bat antolatu du Zarauzko Merkatu plazan, ehun urte hauetako bizipenak gogorarazteko helburuarekin. Abuztuaren 29an hasi zen erakusketa, eta irailaren 22an amaituko da. Horrez gain, hainbat urtean hain garrantzitsuak izan diren karrozen lehiaketa berreskuratuko dute, besteak beste.
Historia
Duela ehun urte hasi zen guztia. Mauricio Flores Kaperotxipi margolari zarauztarrak, uda luzatzeko asmotan, festa hau antolatu zuen. Bertako kultura, ohiturak eta folklorea aldarrikatzea zen jaiaren helburua. Horretarako, euskal jai handi bat egitea bururatu zitzaion, Arantzazuko Amaren egunean, hau da, irailaren 9an. Bertan, karrozarik onenarentzako, itxurarik oneneko taldeentzako eta gusturik onenarekin jantzitako bikoteentzako sariak zeuden, eta sari horietako batzuk urteetan zehar mantendu dira.
Festa antolatu eta berehala lortu zuten udalaren babes ofiziala Kaperotxipik eta ideia hura babesten zuten haren lagunek. Herritarrek ere gogo handiz erantzun zuten, eta laguntza handia eskaini zuten. Lehenengo aldiak arrakasta handia izan zuen. Ezkontza zaharra-ren antzezlana egin zuten, urteetan euskal jaiarekin lotu izan den antzezlana. Gaur egun, egun nagusia irailaren 9a den arren, Euskal Astea ospatzen da irailaren 1etik 9ra bitartean. 60ko hamarkadan erabaki zuten hori, euskal giro dinamikoa sustatu nahi baitzuten herrian.
Alproja, beti presente
Pentsaezina da Zarauzko euskal jaia Alproja taldearen herri antzerkirik gabe. Zarauzko antzerki talde amateurra da Alproja, herritarrek herriarentzat egina. Euskal jaian, antzezlan berri bat aurkezten dute urtero, eta, horrez gain, hainbat kultur ekitaldi antolatzeaz arduratzen dira. «Festa bizitzeko modu bat da Alproja», adierazi du Martiarenak. Alproja ere Ezkontza zaharra-ren emanaldiarekin hasi zen, 1978. urtean. Ordutik, 2020an soilik huts egin du —pandemia zela eta, pelikula bat egin zuten—, eta presente egon da beste urte guztietako euskal jaietan.
«Garai batean, herriko kuadrillek estanpak egiten zituzten —antzerki txikiak— euskal jaiaren aurreko astean, eta horiek izango lirateke Alprojaren aurrekoak», azaldu du Gorrotxategik. Izan ere, Alproja taldea sortu aurretiko urteetan «nolabaiteko hutsune bat» zegoen, eta urteak zeramatzaten irailaren 9a «behar bezala» ospatu gabe. «Estanpak jada ez ziren egiten, karrozak ere baztertuta zeuden, eta goiza oso hutsik geratzen zen», adierazi du Martiarenak. «Lagun batek galdetu zidan ea zergatik ez genuen antzerki emanaldi bat egiten, eta Ondartza dantza taldekoen urteurreneko emanaldia aprobetxatu genuen horretarako», gaineratu du. Ondartza taldekoekin batera eskaini zuten emanaldia, eta «ederki» atera zen. Hura izan zen Alproja taldearen hasiera —nahiz eta oraindik ere ez zuen izen hura—, oraindik ere lanean diharduena.
Mendeurreneko abestia
Telmo Esnal zinemagile zarauztarrak, Xabier Zabala musikari eta konpositorearekin eta beste hainbat zarauztarrekin batera, Euskal jaiak 100 urte! abestia eta bideoklipa sortu ditu. Abestiko zein bideoklipeko abeslarietako bat izan da Gabilondo. «Ikaragarri esperientzia polita izan da abestia grabatzea», aitortu du. «Deitu zidatenean, batetik, poz handia hartu nuen, eta, bestetik, ardura handia iruditzen zitzaidan». Ahots arazoekin ibili da Gabilondo, baina une oro Zabala musikariak eskaini dion babesa goraipatu nahi izan du. Grabazio aurreko egunak «gorabeheratsuak» izan zirela aitortu du: «Abestia ikasteko bidali zidaten, eta, noski, ezin nuen kantatu etxean, ez bainuen ahotsik. Umeak etengabe kanta hori kantatzen aritu ziren gure etxean, eta nik haiei entzundakotik egiten nuen nire entsegua. Lehen aldiz, grabazio egunean kantatu nuen kantua». Martiarenak ere eskaini dio laguntza Esnali. «Zoragarria geratu da urteurreneko abestia», adierazi du.
Gaur egun
Gaur egun Zarauzko euskal jaia hartzen ari den itxuraz ere eduki dute zeresana Gabilondok, Martiarenak eta Gorrotxategik. Gabilondoren ustetan, euskal jaiaren esentzia «galtzen» ari da apur bat. «Pena ematen dit horrela esateak, eta jende asko ari da hori ez gertatzeko lanean, baina garaiak aldatzen ari diren heinean, uste dut esentzia pixka bat galtzen ari dela». Gorrotxategik ere aurkitu dizkio gabezia batzuk gaur egungo jaiari: «Lehen, jaia herrikoiagoa zen. Orain, berriz, kanpoko jende mordoa etortzen da. Jendea etortzearen kontra ez dago ezer egiterik, baina nik uste garrantzia eman behar diegula guk oinarrizko sentitzen ditugun elementu horiei. Jendeak jaia pixka bat gehiago sentitzea eta ulertzea gustatuko litzaidake, ez izatea soilik baserritarrez janzten garen festa bat».
Etorkizuneko euskal jaien inguruko kezka adierazi du Gabilondok: «Ez dakit ehun urte barruko euskal jairik ikusten dudan ere, hori da nire kezka. Hor lanean jarraitzeko indarra daukaten horiek, pixkanaka desagertuz doazen heinean, beste arlo askotan gertatu den bezala, ez dakit behar besteko erreleborik etorriko den. Ni egongo ez naizen arren, kezka sortzen dit, gure nortasunaren parte dela iruditzen zaidalako». Gorrotxategik, aldiz, etorkizuneko euskal jaietan adin desberdinetako jendea «konektatuta» ikusi nahiko luke, horixe da berarentzat «herrigintza» eta horrexek pozten du.
«Herriko festa nagusia da, batetik, eta nire familian oso errotuta dagoen ospakizun handi bat, bestetik», adierazi du Gabilondok. Martiarenarentzat, «herriko festarik politena» da. «Gehiena gozatzen dudana eta gehiena ematen didana, gainontzeko festekin zerikusirik ez duena». Gorrotxategiren ustez, «herriko inauteri nagusi bat» izango litzateke. «Festa total bat, herri guztia partaide sentitzeko egokia». Gaur egungo joerak joera, hirurek argi utzi dute herritarrentzat eta beraientzat biziki festa berezia dela euskal jaia, eta «lanean jarraitu beharra» dagoela jaiaren esentzia gal ez dadin eta hain festa «berezia» izaten jarrai dezan.