Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zapia buruan, ibili kalean

Dokumentuaren akzioak

Zapia buruan, ibili kalean

Badatoz San Andres, San Tomas eta Eguberri egunak. Ane Albisu jantzi adituaren iritziz, bururako txapela edo zapi zuria ezinbestekoak dira garai bateko moduan janzteko.

Egilea
Jon Ordoñez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lazkao
Mota
Erreportajea
Data
2008/11/12

Baserritar jantzia, amona jantzia, artzain-andre jantzia... Denak ez dira igoalak, baina denetan burukoa janzten da. Gizonen artean txapela janzteko ohitura mantendu da, baina emakumeen artean ez da horrela gertatu, eta egun berezi horietan batzuek besterik ez dute buruan zapi zuria janzten. «Baserritar janzten garenean ezinbestekoa da gizonek txapela janztea, eta emakumeek, zapi zuria. Euskaldunok gure janzkera tradizionalean galdu dugun azken janzkia da».

Herenegun Albisuk Lazkaon (Gipuzkoa) tailer batean azaldu zuenez, ordea, janzkiak eta jantzia bakarrik ez, janzkera ere oso garrantzitsua da; izan ere, janzteko modu asko galdu egin dira, esate baterako, emakumezkoek zapia lepoaren aurrean paparreko batekin ixtea, abarkak orkatila baino pixka bat soilik gorago lotzea, gizonezkoek jaka ezkerreko sorbaldan zintzilikatzea... Horregatik, janzteko modua zaintzeko eskatzen du, nahiz eta janzki bakarra jantzi izan.

Behar bezala janzteko legeak

Baserritar janzteko ohitura XIX. mendearen bigarren erdialdean eta XX. mendearen hasieran sortu zen. Lore jokoen garaian, herritarrak baserrietara igotzen hasi ziren euren janzkiak janztera. Denborarekin jantzi hori uniformatu egin zen, eta horren ondorengoa da gaur egun baserritar jantzi moduan ezagutzen dena. Albisuren hitzetan, honelakoa izan behar du emakumezkoen kasuan: buruko eta lepoko zapi zuriak; gona eta txanbra urdina edo beltza, tanto edo koadro zuriekin; mantal beltza; eta oinetan, artilezko galtzerdiak eta abarkak. Gizonezkoenean, berriz: txapela; brusa beltza edo milakoadrokoa; azpian alkandora zuria; gerriko beltza; praka mila-arraiadunak edo mahoizkoak, «jeansak inoiz ez»; eta oinetan, artilezko galtzerdiak eta abarkak; zapia ez da beharrezkoa, baina izatekotan, koadroduna.

1990eko harmarkadan hasi ziren Atondun XIX. mendeko jantziak eta janzkera berreskuratzen, eta jendeak berehala, argazki zaharretatik jantziak kopiatu izan dituen bezala, euren lanak ere kopiatzen hasi zen, batez ere saltokietan. «Gehienetan irizpiderik gabe egin dira kopiak, zer oihal erabili eta zer ezaugarri zituzten ez zekitela, modaren arabera».

Albisuren arabera XIX. mendeko emakumezkoen jantzien imitazioak honela behar du: «Buruan, zapia. Gona eta mantala, luzeak, hedadura handikoak eta orkatilara artekoak. Gona kolore ilunekoa, beltza edo urdina, edo bestela marraduna; mantala, beltza edo zuria. Txanbra koloreduna izan daiteke, eta horren ordez, gorontza ere jantz daiteke. Alkandorak eta jakatxoak, artilezkoak. Lepoan zetazko zapia, mantoia edo xala; eta oinetan abarkak edo alpargata zuriak». Gizonezkoenak, berriz: «Alkandorak lihozkoa behar du, eta paparra brodatua. Gerriko beltza jantzi behar da, eta prakak mila-arraiadunak, beltzak marra zuriekin edo artile ilunekoak. Oinetan alpargata zuriak, botinak edo abarkak».

Dokumentuaren akzioak