Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zamarroen zilar ezteiak

Dokumentuaren akzioak

Zamarroen zilar ezteiak

25 urte bete dira Olatzagutiko herri inauteak berreskuratu zituztenetik. Ospakizun handia egin zuten herrian larunbatean, eskualde osoko herrietako pertsonaiak ere segiziora gonbidatuta.
Egilea
Ion Orzaiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/02/27
Lotura
Berria

Zintzarrien hots bakartiek urratzen dute, dulun-dulunka, karriketako isiltasuna. Herriko frontoitik datoz arratseko soinu bakan horiek. Makil kolpeak gehitu zaizkie gero. Egurrezko sarde bat, harrizko paretaren kontra. Klak. Klak. Gero eta maizago entzuten dira, frontoira gerturatu ahala. Barruan, dozena erdi bat gazte, mozorroa janzten. Lurrean botata daude ardi larruak, baita larruzko uhalak, odolez —edo odola dirudien beste zerbaitez— zipriztindutako mantalak ere. Saltoka hasi dira gazteetako batzuk. Joare eta kaskabilo hotsak, azkarrago orain. Prest daude ateratzeko. Suziri batek urratu du zerua. Pun! Eta, horren ostean, bukatu da isiltasuna: oihuak, zintzarriak eta txarangaren doinuak. Hasi da zamarroen inautea.

Olatzagutiko (Nafarroa) herri inauteriko pertsonaiak dira zamarroak: zamar handiak, zamar txikiak eta neskak. Ardi larruekin estalita, lur bustiz beteriko gurdia daramate, mozorrorik gabe doazen ikusleei botatzeko. Amaren atzean ezkutatu dira haur txiki batzuk. Beldurra ematen die segizioak. Ez da harritzekoa, horretarako sortu baitzen, izua emateko.

Aurten, gainera, 25 urte bete dira galduta zegoen tradizio hori berreskuratu zutenetik. Horregatik, zamarroez gainera, inguruko hainbat herritako inauterietako pertsonaiak ere gonbidatu dituzte, Olatzagutiko karrikak umore onez betetzeko. Han dira Altsasuko momotxorroak, Urdiaingo momuxarroak, Unanuko mamuxarroak (Nafarroa) eta Zalduondoko (Araba) Markitosen segizioa. Horiez gain, Navalosa herriko (Avila, Espainia) cucurrumacho izeneko pertsonaiak ere parte hartzen ari dira kalejiran. Txarangaren doinuekin egin dute denek pilotalekuaren eta futbol zelaiaren arteko bidea. Han, haurrak nahiz helduak xaxatzen ibili dira mamuxarro eta zamarraundiak. San Sebastian baselizaraino joan ostean, San Miguel plazan amaitu da desfilea, eta Olaztiko Zortzikoa dantzatu dute zamar handiek, zamar txikiek eta neskek.

Frankismoak isildua

1936ko gerrak eta frankismoak itzali zuten Olatzagutiko ihoteen sua. Zehazki, 1937. urtean utzi zioten olatzagutiarrek inauteria ospatzeari, eta, 1940an, behin-behinekoa zen debekua iraunkor bihurtu zuen Francoren gobernuak. Herriko euskara-ikasle talde bat izan zen, 1992. urtean, zamarroen tradizioa berriz piztu zuena: Olatzagutiko zaharrenekin hitz eginda, garai bateko usadio, dantza, pertsonaia eta jantzien berri izan zuen Adelaida Kintana filologo eta euskara irakasleak, eta, ikasitakoarekin txundituta, tradizioa berritzea proposatu zien ikasleei. Ordutik, zamarroen segizioak ez du etenik izan, eta, aurtengo ospakizunak agerian utzi duenez, inoizko sasoirik onenean dago.

Bideoa: herri inauteriak (Jaizki Fontaneda / Argazki Press). 

Dokumentuaren akzioak