Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zamalzain ikuskizüna

Dokumentuaren akzioak

Zamalzain ikuskizüna

Egilea
Jean Louis Davant
Komunikabidea
Herria
Mota
Kronika
Data
2002/11/07

Mündüko bi gerlen artean ohatzen da istorio, espartiñaren üngürüan, Mauleko besten kariala. Aragoi aldetik (eta Erronkariko nafar ibarretik), negüko sasuaren egitera horra ziren espartiña lankietara horra ziren hanko neskatilak, “ainera” famatüak. Arren Mauleko bestetan dantzan eta kantan ari dira Xiberoko eüskaldünak “Ibar” ostatüaren üngürüan, aragoitarrak aldiz “Glaria” tabernaren ützülian. Dantzari esker algarrez gustatzen dira ainera bat eta zamalzaina. Bena bere herrian senargeia badü neskatila horrek, eta mutikoa bestazale jinik lagünekin, zamalzainari oldartzen zaio.

Xiberotarra erorten da, nabela kaldüz kolpatürik. Ihes egiten düe aragoitar bestaliar gazteek. Hautserik da besta, desgustüan Mauleko xokoa.

Astelehen goizean, denak espartiña jostera. Biziak berriz gaina hartüko dü. Istoria txipi horrek asmatzera üzten dü, eta Historia handiak erakusten, emeki-emeki hebenkotü zirela ainerak, horien senarrak, eta süstut haurrak, mauletarren herena izaterano.

Estetika handia

Berzaitzekin üsatzen den bezala, estetika handia düe kantü eta dantzek, Tulusako taula züzendariaren lagüngoarekin, xiberotar dantzen irakasle anderea eta sonügileak ahatze gabe. Hebenko dantzari saldo ederra zen, haatik aditüen arabera, hoberenen ikustetik epantxatzen dü joritarzün horrek. Gaineala, Xiberoko dantzer üsatürik izanez, bereziki hunki gütüe Zaragozako aragoitar jota ikusgarriek eta kriskitinen (kastañeten) joküek. Eüskal Herrian gainti kurritüko da ikuskizün hori, Donapaleün, Donibane Lohizünen, hegoaldean, baita Aragoian.

Bertzaitzen laugerrena da, beste hiruak zirelarik Oihenart Ikusgarria (1992, muskildiarrek Maulen emanik) , Elkanoren Semeak (1995 Paue, 1996 Maulen) eta Euskal Spriritu (1999 Berrogainen). Gaineala hiru pastoral badütü emanarazirik : Harizpe (1991, Muskildi), Atharratze jauregian (1997, Atharratze), Madalena de Jaureguiberry (2000, Eskiula) ; eta laugerrena düke daigün urtean Ramuntxo, Idauze-Mendin emanen dena.

Hanitx da prefosta, eta gaineala etorkizün ederra dü bere aitzinean Berzaitzek, berrogeita hamar urteetan. Adin horren üngürüan pastoral idazten hasi ginen Junes Casenave eta ni, 44 urteetan Etxahun Iruri. Ez da hainbat gazteen afera pastorala, salbü berak holako batetan erauntsirik direlarik. Arren, modari sobera jarraiki nahiz trajeriaren desgisatzea eta llabürtzea beno hobe da beste antzerki mota berri baten hontzea, Berzaitzek eta Patrick Queheillek egiten düen bezala.

Dokumentuaren akzioak