Dokumentuaren akzioak
Zalgizen elkartuko dira maskarada osatzen duten pertsonaiak lehen emanaldia egiteko
Maskaradaren emanaldiak otsailaren 15ean hasiko dituzte
2003ko urriaren erditsuan hasi ziren Iruriko eta Zalgizeko herritarrak aurtengo maskarada antolatzen. Talde hori osatzen duten 40 bat dantzari, abeslari eta ipuin kontalariak otsailaren 15etik aitzina hasiko dira emanaldiak egiten. Zalgizek izango du, hain zuzen ere, Pitxu, Kabana, buhameak eta xorrotxak pertsonaien bihurrikeria eta istorioak lehen aldiko entzuteko aukera. Emanaldia, usaian bezala, goizean hasiko da barrikaden bidez. Eguerdia arte herriko karrika guztiak zeharkatuko dituzte, eta arratsaldeko hiruretan hasiko da ekitaldi nagusia. Ondotik, asteburuz asteburu hamar herritan agertuko dira.
IRURI
Hilabete bateko atzerapenarekin hasiko dira aurten maskaradak Zuberoan. Urtero, herri guztietako inauteriei aitzina hartuz, urtarrilaren hasieran egiten dute emanaldia. Aurten, aldiz, maskaradaren lehen antzezpena otsailaren 15ean Zalgizen eginen dute.
Aurten, Iruriko eta Zalgizeko herritarrak elkartu dira Zuberoako inauteriak antolatzeko. Beñat Etxegoien maskarada bultzatu duen elkarteko kideak adierazi zuen: «Urri erditsuan hasi ginen maskarada prestatzen. Lehenik, dantzak ikasi behar izan ditugu, eta, ondotik, pertsonaiak».
Ondoko hilabetean ikusgarria egingo dutela-eta, astean bi aldiz elkartzen dira taldeko kideak. Ostiral arratsetan Zalgizen dantzariak batzen dira; larunbatean, berriz, Irurin, herri antzerki hori osatzen duten pertsonaia mitikoak biziarazten saiatzen dira.
Izan ere, usaian gertatzen den bezala, 2001eko uztailean Roger Idiart apezak egindako Etxahun Iruri pastorala agertzeak eman die maskarada antolatzeko gogoa.
«Pastorala egin eta berehala maskarada egiteko gogoa izan genuen. Lehen urtean ez genuen denborarik izan prestatzeko. Iaz, berriz, Atharratzek azaldu zuen maskarada egiteko asmoa zuela, beraz, guk 2004rako utzi genuen antolaketa», gehitu zuen Beñat Etxegoienek. Pastorala elkartea osatzen duten gazteak dira aurtengo maskarada horren antolatzaileak. Orotara, Iruriko eta Zalgizeko 20-40 bat bizilagunek parte hartzen dute ikusgarri horretan. Horien artean hamar aitzindari edo dantzari elkartuko dira ikusgarrian. Zalgizeko eta Iruriko parte-hartzaileekin batera, Mendikotako bi lagun heldu zaizkie abesteko. «Mendikotako herritarrak ditugunez, ekainaren 6an izan beharko lukeen azken emanaldia bertako herriko bestetan eskaintzekotan gara. Baina hori ez da oraindik arras finkatuta», adierazi zuen Beñat Etxegoienek.
Alde horretatik, antolatzaileak nabarmendu zuen 17 herrik maskarada izateko deia egin dietela. «Usaia den bezala, maskarada antolatzen duen herriak beste Zuberoako herrien eskaerak eskuratzen ditu, emanaldiren bat beren karriketan ukan ahal izateko. Aurten 17 izan ditugu, eta hamar aukeratu ditugu. Mendikotan ez genuen pentsatua egitea, bereziki ekainean egitekoa baita», jakinarazi zuen azkenik Beñat Etxegoienek, maskarada bultzatu duen elkarteko kideak.
Hiru hilabete eta erdiz Zuberoako herriak zeharkatuz
A.B.
IRURI
Iruriko eta Zalgizeko herritarrak prestatzen ari diren maskaradak ez du berrikuntzarik izango. Izan ere, iaz Atharratzeko herritarrek berezitasunen bat azaldu nahi izan bazuten ere, aurten tradizioari eustea erabaki dute. Datorren otsailaren 15etik goiti, hamaika bat herri zeharkatuko dituzte, asteburuz asteburu, aurtengo maskaradaren antzezleek.
Hiru hilabete eta erdi iraunen du ibilaldi luze horrek, eta bertan, Zuberoako maskaradaren berezitasun diren pertsonaia nagusiak ikusten ahalko dira. Usaian bezala, barrikadek emanen diote goizean hasiera emanaldiari. Hainbat kantu, istorio eta dantza antzezten joanen diren bi talde kontrajarri agertuko dira. Lehendabiziko taldean, Gorriak deritzonan, Txerreroa, Gathusaina, Kantiniersa, Zamaltzaina, Entseinaria eta beste daude. Bigarren taldean, berriz, Beltzak izenaren pean izendatutako taldean, pertsonaia irrigarrienak ikusten ahalko dira. Talde horretan ditugu, izan ere, Pitxu, Kabana, buhameak, txorrotxak eta beste. Beñat Etxegoienek adierazi zuenaren arabera, pertsonaia ospetsu horien guztien jantziak egiteko Donibane Garaziko jostun baten laguntza izan dute Iruriko eta Zalgizeko herritarrek. Horretaz gainera, zenbait herritar Atharratzeko AEKra bertaratu dira euskara ikasteko helburuarekin.
«Beste herri guztietan gertatzen den bezala, guk ere hizkuntzarekin arazoak ditugu. Pastorala egin eta herriko talde batek euskara ikasteko gogoa izan zuen», nabarmendu zuen Beñat Etxegoien antolatzaileak.
Dokumentuaren akzioak