Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zalakain Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Zalakain Iruñean

Erripan gora
Egilea
Enrike Diez de Ulzurrun
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Iritzia
Data
2018/01/07
Lotura
Noticias de Navarra

Jende aunitzentzat ez luke arrotz izan behar Barojak sortutako pertsonaiaren abizenak, hainbat ikasle belaunaldik Martinen ibilerak irakurri behar izan baitzituzten. Hura euskal mundura hurbiltzeko leiho txiki bat izan zen erdal munduaz gain bertzelakorik bazenik ere ez zekiten milaka ikaslerentzat. Pio Baroja lau urtez bizi izan zen Iruñean, azken karlistaldia bukatu eta sei urtera iritsi baitzen, 1882an, 9 urte zituela. Xabier karrikako Huarte ikastetxean ikasi zuen hasieran (egungo Karrikiri euskal dendaren ondoan), Pablo Fermin Irigarai Larreko euskal idazle auriztarra ikaskide izan zuela (gero, 1890ean, ikastetxea karrika Nagusira eraman zuten;egun Katakrak dagoen eraikinera). Lau urte baizik ez hiri buruzagian baina Iruñeak arrasto sakona utzi zuen kozkortzen hasia zen mutiko harengan, bai eta oroitzapen mikatz ugari ere, eta ez bakarrik herio-tzara kondenatutako gizon baten segizioaren lekuko izan zelakoz. Heriotzazko segizio hura etxeko leihotik ikusi zuen pasatzen, kale Berrian. Gizona (Toribio Eguia) harresiz kanpora zeramaten gurdi ziztrin batean, jendaurrean garrotez hiltzera, Gaztelugibelera. Hiriaren gaineko oroitzapen hitsa han eta hemen isuri zuen Barojak bere lanetan. Adibidez, Iruñea bezala, Zalacaín el aventurero liburuko Urbia hiri asmatua harresiz dago inguratua, eta Urbiako harresi-ate batek Frantziako portalea du izena. Azken karlistaldian girotutako liburua da. “¡Viva Espartero, Viva erreguiña!. ¡Ojalá de repente ilcobalizaque bere ama ziquiña!” oihu egiten du pertsonaietako batek, lehen karlistaldia gogora ekarrita. Liburuan, Martin gaztea 1876an hiltzen da eta Zaron dago ehortzia (lur santu onetan dago Martin Zalacain lo…). Bada, guztion gozamenerako, Martin Zalakain Iruñean biziberrituko zaigu heldu den larunbatean, Urbeltzek ondutako ikuskizun eder, bizi eta koloretsuan.

Dokumentuaren akzioak