Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Zailtasunean, heldu eskutik

Dokumentuaren akzioak

Zailtasunean, heldu eskutik

Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2012/04/22
Lotura
Berria

Banatzen dituenaz ahaztu eta batzen dituenari sendo eusteko burubideari lotzeko erabakia agertu zuten atzo eguerdian euskal dantzaren munduko ehunka ordezkarik —Euskal Herriko lurralde guztietatik bilduak—, Eibarren, Euskal dantzaren adierazpena plazaratu etaBiharamuneko sokadantza dantzatuz. Eibarko bonbardaketa —Gernikakoaren bezperan gertatua— gogoratzeko ekitaldia izan zen Eibarkoa, baina dantzarien eta dantzaren munduko eragileen arteko elkartasun ituna sinatu eta irudikatzeko ere balio izan zuen. 

Euskal dantza tradizionalari «ondare izaera» aitortzea eta «ezagutza, transmisioa eta hedapena sustatzeko» neurriak hartzea «premiazkotzat» jotzen du Euskal dantzaren adierazpena-k, eta neurri horien artean «dokumentazio zentro publikoa» eta «ikastegia» aipatzen ditu, eta baita ikerketa «sistematizatu» beharra ere. 160tik gora sinatzaile ditu dokumentuak, eta haien artean Euskal Dantzarien Biltzarreko lurralde guztietako lehendakariak daude, Euskal Herri osoko dantza talde askotako ordezkariekin eta Juan Antonio Urbeltz, Philippe Oianburu, Edu Muruamendiaraz, Jon Maia, Jose Inazio Ansorena eta beste hainbat dantzari eta dantza aditu ezagunekin batera. Ikuspegi ezberdinak —eta arlo batzuetan kontrajarriak— dituzten dantzari eta dantzazaleak daude, beraz, sinatzaileen artean.

Agiria sinatzeaz gain, haietako asko Eibarren izan ziren atzo, hala nola Urbeltz eta Oianburu, eta baita Kepa Junkera musikaria ere. Guztira, ehundik gora lagunek egin zuten Biharamuneko sokadantza, Eibarko udaletxeko patioan, euriak ekitaldia Untzaga plazan egitea eragotzi baitzuen. 

Eibarko bonbardaketaren inguruko ekitaldia antolatzen hastean, bururatu zitzaien Eibarko Kezka dantza taldeko kideei atzo aurkeztutako agiria lantzen hastea. «Eibarren 60 lagun hil zituen bonbardaketak», komentatu du Oier Araolaza Kezka dantza taldeko kideak. «Horrelako zerbait aurrez aurre duzunean, gure eguneroko liskar txikien neurriaz jabetzen zara, ez dutela putzik ere balio, txikikeria horiek ezin dutela oztopatu elkar ulertzea, badaudela gauza benetan garrantzitsuagoak. Horietan erabateko adostasuna dugu, eta horiei begira jartzea erabaki dugu, lezioa aplikatuz, gutxieneko oinarri batzuk adostuta».

Orri batean agirirako proposamen bat idatzi eta bidaltzen hasi ziren, eta hura jasotako bakoitzak berea gehitzen edo aldatzen zion gero. «Askoren artean joan da gauzatuz eta biribilduz adierazpena», Araolazak dioenez. «Bi edo hiru hilabeteko prozesuaren adierazpena da. Horretan jarri gara ados, eta horretan ez dago inolako aitzakiarik elkarri leporatzeko. Eta hori adostea eta hori elarri aitortzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu».

Eskola bat, ezinbesteko

Agiriak aipatzen dituen premien artean ikastegiarena izatea ezinbestekoa da, Araolazaren ustez. «Euskal Herrian ez dago eskola bat dantza tradizionala ikasteko. Bilbon arte eszenikoen goi mailako eskola bat egingo dutela iragarri dute, antzerkia eta dantza irakasteko. Dantza garaikidea irakatsiko dute han. Munduan mila eskola daude maila horretan dantza garaikidea ikasteko, baina bakar bat ere ez euskal dantza tradizionala ikasteko».

Richard Wacko Utahko Unibertsitateko ballet irakaslea harri eta zur geratzen, 2008an, bere ikasleekin etorri eta euskal dantzen eskolarik ez zegoela esan ziotenean.

«Horrelako gabeziak dauzkagu, oinarrizkoak», dio Araolazak. «Eskolarena bezala, dokumentazioarena eta ikerketarena. Zenbat topiko esaten diren euskal dantzaren inguruan, dantza klasikoaren ama dela, ez-dakit-noiz sortu zela… Baina ez dago ikerketarik horren inguruan. Ez dago ez EHUn ez beste inongo unibertsitatetan euskal dantza ikertzen duen sail bat».

Dantzaren egoera ezin da txartzat jo, hala ere. «Egoera nahiko kaxkar batean egituratuta egon arren, formaziorik gabe, dokumentaziorik gabe, ikerketarik gabe, gizartean eta hedabideetan interes mediatiakorik sortu ez arren, ez baita modako gauza bat, ez baitu saltzen… hala ere milaka dantzari dauzkagu herri guztietan banatuta, eta ia-ia ez dago herri bat dantza talderik gabe».

Agiriaren planteamendua «aldarrikatzailea» ez izan arren, erakundeek ere aintzat hartu beharko luketela uste du Araolazak. «Geure buruari begira diagnostiko bat egitea zen asmoa, denon artean. Ez dakit zenbateraino erakundeei eskatzen zaien gai horien inguruan ekimena hartzea, edo behintzat ez bestaldera begiratzea. Horretan ez da sartzen adierazpena, eta horretan irizpide desberdinak izan daitezke sinatzaileen artean. Baina gutxienez argi dago gure ardura dela, baina ez gurea bakarrik. Erakundeek beste arlo batzuetan ekimenak beren gain hartu dituzten moduan, dantza tradizionalaren alorrean ere zerbait martxan jarriz gero gutxienez babesa ematea, edo hor parte hartzeko prest izatea, ezinbestekoa litzatekeela uste dugu».

Agiria osorik irakurtzeko, jo helbide honetara:

www.dantzan.com/blogak/biharkosoka/euskal-dantzaren-adierazpena


null

Ehunka lagunek hartu zuten parte adierazpena aurkeztu ondoren egin zen Biharamuneko sokadantza-n. / GARAIALDE / ARGAZKI PRESS


null

Dantzazaleen arteko elkartasuna sinbolizatu zuen sokadantzak. / G.G. / ARP

Dokumentuaren akzioak