Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Zaila da imaginatzea bertsoak eta dantzak bat eginda eman dezakeena»

Dokumentuaren akzioak

«Zaila da imaginatzea bertsoak eta dantzak bat eginda eman dezakeena»

Barne sentimenduekin bidai eder bat egiteko aukera izango da datorren larunbatean Hernanin. Hunkitu, haserretu, poztu eta barre egingo dute ‘Errimak oinetan’ emanaldia ikustera gerturatzen diren herritarrek. Bertsoa eta dantza uztartzen ditu ikuskizunak «gutxik imaginatu dezaketen moduan, gainera». San Joan Konpartsak antolatu du emanaldia, Kiroldegiko frontoian, gaueko 22:30etan. Xehetasun guztiak jakite aldera, Unai Elizasu eta Aiert Beobide zuzendariekin elkartu gara.
Komunikabidea
Kronika.net
Tokia
Hernani
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/10/11
Lotura
Kronika.net

‘Errimak oinetan’. Izenburuak bi hitzetan definitzen du emanaldia. Gehiagotan azaltzerik bai?
Aiert Beobide: Batetik, bertso egitura du, horretan oinarri­tzen dela esan liteke. Eta bestetik, fisikoki sentitzen den hori adieraztea bilatzen da. Bost laguni eman zaie horretarako aukera, eta dantza aukeratu dute tresna gisa.  

Beraz, bertsolariek sentipen eta emozioak transmititzen dituzte. Eta dantzariek, jasotako hori interpretatzen dute. Nolakoa izan da elkartruke hori?
Unai Elizasu: Prozesu luzea eta interesgarria oso. Bertso mundutik nator, eta ideia proposa­tzea erabaki nuen. Dantza oi­nari hartuta, jakin nahi nuena da norai­no iritsi zitekeen ber­tsoaren testua eta esen­tzia. Guk  mekanismo propioak di­tugu bertsoak ulertzeko. Dantzariek ordea, interpretatzeko modu ezberdina dute.  Lan haundia egin dute eta ikusi dugu dan­tza bertsoa interpretatzeko modu oso erakargarria dela, garbia eta ulergarria. 
Prozesuaren hasieran, ber­tso pieza ezberdinak entregatu genizkien dantzariei. Handik aurrerako lana beraiek egin zuten;  pieza horiek interpretatzeko gai ote ziren aztertu zuten. Bide interesgarria zabaldu zen: dantzariak ber­tsozaleak ziren, eta gustoko bertso piezak dantzatzea posible zen galdetu ziguten. Honi esker, bertsoa oso barrutik eta kanpotik ulertzeko modua izan dugu.

Dantza tradizionalak dituzue gogoko. Baina beste teknika batzuetara ere, zabalik dituzue ateak. Hortik diozue, emanaldi honetan dantza berriak ikusiko ditugula?
Aiert Beobide:  Bai, noski. Ema­naldiaren azpi izen bezala erabiltzen dugun leloa da Dantza berriak bertsoei jarriak. Hau da, dantza guztiak bereziki sortuak izan dira. 
Dantzari guztiok euskal dantzetan oinarritu dugu gure formazioa. Baina beste dantza estilo batzuk ere landu ditugu, eta gauza interesgarri asko aurkitu ditugu. Denarekin bat egin, eta dauzkagun gaitasun guztiak erabiltzen ditugu emanaldi honetan. Dantza oinarri hartu, eta bertsoen esanahi eta sentimendu guztiak transmititu nahi dizkiegu ikusleei.

Zuzendari lanak bion artean egiten dituzue. 2011 urtean hasi zuen ibilbidea Haatik taldeak, eta badira bi urte ikuskizun hau martxan dela. Nondik ideia?
Unai Elizasu: Irratian entzundako elkarrizketa bati bueltaka sortutako ideia da. Dantzari bati entzun nion zaila zela ikusleengan eragitea. Orduan kontu­ratu nintzen, bertsolarien kasua kontrakoa zela. Eta zergatik ez, biekin bat egin? 
Taldekideak diren Aiert eta Onintza, ikaskideak izan ziren.  Ideia buruan bueltaka nuen, eta biharamunean deitzea erabaki nuen, kafe baten bueltan azaltzeko. Dantza konpainia berri bat sortzeko lanetan ziren buru belarri. Proiektua azaldu nien, eta biek bidea batera hastea erabaki genuen, elkarrekin egitea.  

Talde haundia dago emanaldi honen atzean: bertsolariak, musikariak, abeslariak, argia, jantzia… Nolakoa izan da prozesua? 
Aiert Beobide:  Bai, jende ugarik hartu du parte guzti honetan, pixkanaka joan gara emanaldia osatzen. Oinarria finka­tzen hasi ginenean,  gau­za batek bes­tera eraman gintuen. Orandik gogoratzen dut Sustrai Kolinare­kin elkartu ginen aurreneko aldia. Momentu ho­rretan konturatu ginen, zailtasunik haundiena zela gaia bera aukeratzea.  Erabakia har­­­tuta hasi zen proiektua martxan: dantzak sortu, musikak, ahotsak, gidoia, jantziak, argiztapena... Ez genuen aurkezteko presarik. Partaide guztiek sinesten zuten prozesuan, eta oso atsegina izan zen.

Bertsolaria beraz argi zenuten Sustrai Kolina izango zela; emanaldia bera antolatzen ordea, zailtasun gehiago izan zenituzten.
Unai Elizasu: Hala da. Emanaldia osatze aldera, ber­tso kanta batzuk proposatu genituen. Aukeraketa egin ostean, Sustrai Kolina eta biok elkartu ginen, eta saioa egituratzen hasi ginen. Azken finean, emanaldiak bertso saio baten egitura izan behar zuen. Aukeratutako bertso-kantak egituran kokatu genituen, eta saioa osatzeko falta ziren ariketak ere, sortu zituen Sustraiek. Hala nola, hasierako agurrak, puntutako ariketa...
Lehen aipatu bezala, gaiak zehaztea izan zen beste lanetako bat. Emanaldiko kide guztion artean erabaki genituen. Dantzariak ere kontuan izan behar ziren, beraiek defendatu behar baitute pieza bakoitza taulagainean; gertukoak sentitu behar dituzte, barrutik sentitu behar dituzte.

Musikak ere izan du pisua prozesu guzti horretan.
Aiert Beobide:  Berehala sentitu genuen bertsoek musika izan behar zutela. Eta horretarako, Bixente Martinezekin jarri ginen harremanetan. Propo­samen eta froga ezberdinak egin genituen, bertsoz bertso, melodia, erritmo eta xehetasun guztiak zehazten joan gi­nen. Zorte haundia izan ge­nuen, garai hartan Bixente Ige­laren Banda musika taldea sortzen ari baitzen. Aukera hori aprobetxatu, eta abestien melodiak Azkarate estudioetan grabatu zituzten, eta hauek prest zeudenean, ahotsak ere bai.

Abeslariek ere badute tartea emanaldi honetan. Olatz Prat, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Saroi Jauregiren laguntza izan duzue. 
Unai Elizasu: Emanaldirako sortu genituen bertso piezak, testuz idatziak ziren, eta kantatu egin behar ziren. Kanta bakoitzak bazuen berezitasunen bat, eta ahots tono eta kolore propioa behar zuten. Ederra izan zen grabazio egunetan, ahots hauek egindako lana eta aportazioa; abeslariek ere, berea sentitzea nahi ge­nuen, eta hala izan zen. Au­keratutako abeslari hauek oso onak dira bertsoak kanta­tzen; kontuan da, abeslari batek ez duela zertan bertso bat guk nahi dugun bezala kantatu. 
Ahotsak anonimoak izateari ere eman genion garrantzia. Ez genituen bertsolari ezagunik nahi. Nork kantatzen duen da gutxinekoa, ez genuen fokoa ahotsaren izen abizenean jarri nahi. Fokoa, ahots horrek transmititzen duen horretan jarri nahi genuen; eta ezin hobeto egin dute lana.

Abestiak ezagunak izateari ere eman diozue garrantzia. Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amurizaren kantak dira, emanaldian zehar entzungo direnak.
Aiert Beobide:  Beraiek sortutakoak dira.  Guztiak bertso musikatuak badira ere, oso interesgarria iruditu zitzaigun ikusleek identifikatu zitzaketen abestiak egotea emanaldiaren pasarte ezberdinetan. Musikari bakoitza arrazoi ez­berdinengatik aukeratu bagenuen ere, guztiak emanaldiaren parte izatea nahi genuen.

Musika, abesti eta doinuak entzun egingo dira. Zuzenean ikusiko duguna, dantza izango da, ezta?
Unai Elizasu: Hori da. Zu­ze­neko emanaldian dantza izango da protagonista; gainerako guztia entzun egingo dugu megafoniatik. Azken finean, dantza emanaldi bat da eta inprobisaziorako aukera dan­tzariek bakarrik izango dute. Beraiek dira protagonista.

Beste zenbait herritan izandakoak zarete. Zein izan da publikoaren erantzuna?
Aiert Beobide:  Berrogei emanaldi eskaini ditugu dagoeneko. Eta guztiak amaitu ditugu oso sentsazio onarekin. Ikusle asko etortzen zaigu lanagatik zoriondu eta pasa duten mo­men­tua­gatik eskerrak ematera. Askok adierazi izan digute be­rriz ikusteko desira. Badira birritan edo gehiagotan ikusi dutenak ere.

Zer  da gehien gustatu zaiena, edo harritu dituena.
Unai Elizasu: Gehien harritzen duena da, ezin imaginatzea zer den emanaldiak eskainiko duena. Denok badugu bertsoaren berri. Denok dugu dantzaren berri. Baina inork ezin du imaginatu bertsoak eta dan­tzak bat eginda, uztartuta, eman dezakeena. Emanaldia bukatzean, ondo ulertzen dute guztia. Eta gehienak, berriz ikusteko gogoz geratzen dira. Horrek liruratu gaitu gu ere. Esan ohi dugun bezela, dantza emanaldi bat ikusiko du jendeak, eta bertso saio bat entzungo du; hortaz, sentituko duena bi hauen uztarketa eder bat da.

Hernanin izango zarete hilaren 18an. Zer espero duzue?
Aiert Beobide:  Jendea gertura­tzea. Ikusle eta dantzarien artean konplizitate berezia sortzen da. Une berezia biziko dutela uste dugu. Barne sentimenduekin bidai eder bat egitea bilatzen du emanaldiak; hunkitu, haserretu, poztu eta baita barre egin ere.

Nola animatu herritarrak?
Unai Elizasu: Euskal herrian, herri bertsozale eta bertsolaririk bada, Hernani bera da. Ema­naldia sortu genuen lehen egunetik, begiz joa genuen Hernani. Bertsozalea dena, asebetea irtengo da. Dan­tzazalea dena, asebetea irtengo da. Hortaz, imaginatu bien uztarketak zer emango duen... Emanaldi guztiek oinarri bera izan arren, ezberdinak dira. Bertso plazan bezela, entzuleak, lekuak eta une bakoitzean dan­tzariek duten aldarteak, emanaldia bera berezi bihur­tzen du. Eta Hernanin, gauza bereziak maite dituztela badakigu... 

San Joan Konpartsa:
«Ondo ateratzen bada, ate bat zabaldu daiteke» 

Sarrerak salgai daude lau puntutan, 10 euroan.

Ekitaldi ugari antolatzen di­tu San Joan Konpartsak urtean zehar, eta Errimak oinetan bat gehiago izango da. Ez or­dea, tipikoa. Saia­kera berezia egin du San Joan Konpartsak emanaldi hau antolatzen, eta he­rritarren erantzuna ona iza­tea espero dute. Ideia Dan­­­tzari Festa antolatzen ari zi­rela suertatu zen: «Ra­mon Gar­cia, euskal jantzien inguruko azal­penak ema­tera etor­tzen de­­na, talde honetan da­bil. Be­rak eman zigun honen be­rri, eta interesgarria iruditu zitzaigun. San Joan Kon­par­tsan ez­ta­baidatu eta egitea era­baki zen, halako gutxi iku­si liteke eta he­rrian». Gaine­ra, 2016an Ar­gen­tinako Ne­co­cheara joateko asmoa ere ba­dute, eta dirurik ateraz ge­ro, ho­rre­ta­ra­ko erabiliko lukete. Ondo ate­ra­tzen bada, ate bat zabaldu daitekeela era azal­du dute: «ha­lako taldeen es­kaera ge­hiago ere, jaso ditugu. Ondo ateraz gero, etor­kizunean gehiago antolatu ditzakegu».

Sarrerak, salgai
Errimak oinetan emanaldia iku­si nahi dutenek salgai di­tuz­te sarrerak, 10 euroan, lau pun­tutan: Jaione Konge­la­tuak, Monika mertzeria, eta On­di eta Garin tabernak. Egu­nean bertan ere, izango dira.

Unai Elizasu eta Aiert Beobide dira zuzendariak.

Dokumentuaren akzioak