Dokumentuaren akzioak
Zabalik da Zinetika jaialdira lanak helarazteko epea
Dantza oinarri duten laburrak, performanceak, tailerrak eta masterclassak barne hartzen dituen Zinetika jaialdiaren edizio berria datorren udazkenean egingo dute Iruñean, Donostian eta Bilbon, eta bertan parte hartu nahi duten sortzaileentzako deialdia zabaldu dute antolatzaileek maiatzaren 15era arte.
Click For Festivals, FestHome eta FilmFreeway plataformen bidez, 2021eko Zinetika jaialdian parte hartzeko deialdia zabaldu dute jada. Dantza oinarrian duten ikus-entzunezko proposamenak helarazi daitezke bertara maiatzaren 15era arte, eta ekimenaren oinarriak zein ekitaldi berriaren ezaugarriak jarraian kontsulta daitezke.
Gorputzaren mugimendua eta teknologia berriak, dantza eta ikus-entzunezkoak, eta kultur esperientzia aberasgarriak partekatzen dituzten alor artistiko eta jatorri anitzeko sortzaile eta entitateak biltzen ditu ekimenak orain bost urtetik. Lehen edizioa 2016an egin zuten Iruñean, eta hurrengo urtean Donostia batu zitzaion ekimenari. 2018an Bilboren txanda izan zen, eta ordutik, Iruñeko Baluarte, Donostiako Trueba eta Bilboko BilbaoArte bilakatu dira jaialdiaren egoitza.
V. edizioa iragan urrian egin zuten, eta bi astez, bi masterclasse, 21 film, tailer bat eta performance bat eskaini zituzten hiru hiriburuetan. Naïs Grazianiren At Night laburrak jaso zuen film onenaren gararikurra, eta Ryan Renshawk zinemagile onenarena, Bubble Gum proposamenagatik. Osasun krisiak eraginda aretoen edukierak murriztu behar izan zituzten arren, ikusle andana hurbildu zen emanaldietara, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren jasotako erantzunarekin. Edizio berria atontzen ari dira gogotsu.
Dokumentuaren akzioak