Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Yoga, dantza eta abstrakzioa

Dokumentuaren akzioak

Yoga, dantza eta abstrakzioa

Egilea
Haizea Barcenilla
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/11/16
Lotura
Berria

Abstrakzioaren berrikuspena pil-pilean dago. Guggenheim museoko Emakumeak abstrakziogile erakusketa azken hamar urteetan eman den abstrakzioaren sorrerari buruzko eztabaidaren emaitzetako bat da. Ismael Manterolak kontatzen zigun bezala, gizonek egindako abstrakzioa arrazionalismoarekin lotu izan den bitartean, egun esoterismoak izandako indarra berraztertzen ari da Hilma af Klinten lanaren ezagutzearen ondorioz; horrekin batera, dantzaren esparrutik iritsi ziren ekarpenak ere argitara ekartzen ari dira.

Hain zuzen, esoterismoa, dantza eta abangoardiak lotzen zituen mintegi bat antolatu du Malagako Picasso museoak. Esoterismoak pinturan izandako eragina ezagunagoa da jada, aipatutako Af Klinten, Josefa Tolraren zein Georgiana Houghtonen margolanei esker, besteak beste. Dantzaren eragina aztertzea zailagoa da, praktika iragankorra izanik: XX. mendearen hasierako dantzarien grabazioak gutxi dira, eta hortaz, kritika, argazki eta deskribapenen bidez saiatzen dira ikerlariak memoria hori berreraikitzen. Badago, gainera, esoterismoa eta dantza bigarren mailan geratu izateko beste arrazoi bat: esparru feminizatuak ziren biak, gorputzari oso lotuak, eta historia gizonezkoen ikuspegitik idatzi denez, funtsezko ekarpen intelektual zein esperimentalak egin zituzten emakume asko musa pasibo edo aberats eszentriko eta lizun gisa pasatu dira historia ofizialera. 

Azken hau da Valentine de Saint-Pointen kasua. Mintegira arte, izenez bakarrik nuen ezaguna artista; irakurriak nituen bere Emakume futuristaren manifestua (1912) zein Lizunkeriaren manifestu futurista (1913), baina kostatzen zitzaidan testu horiek erabat misoginoa zen futurismoaren barnean kokatzea. Berari buruzko testu urriek satelite bakarti, aberats zein pribilegiatu gisa aurkezten zuten; helduleku gutxi nituen bere ekarpena ulertzeko. Adrien Sinaren hitzaldia entzun nuen arte.

Dantzan espezializatutako ikerlari eta komisarioak Saint-Pointen erretratu liluragarria eskaini zuen. Batetik, bere lan koreografikoak yogarekin zuen harremana aztertu zuen, praktika honek gorputzaren eta izpiritualtasunaren gainean izan zuen eragina erakutsiz; eta, ondoren, Saint-Pointek garatutako gorputz-irudi eta formek garaiko beste artistengan izan zuten eragina azaldu zuen. Horien artean Rodin da ezagunena; hain zuzen, zoragarria izan zen yogako posizioak, Saint-Pointen performanceen argazkiak eta Rodinen eskulturak batera ikustea eta euren arteko ageriko lotura ulertzea. Handik abstrakziora pauso txiki bat besterik ez zegoen.

Izan nuen «historia dena da» esan zidan irakasle bat, eta, bere harridurarako, arrazoia emango diot. Historia dena da, ados; baina ez dugu bere zati txiki bat ere ezagutzen, eta, hortaz, beti izango du gu txunditzeko indarra.

Dokumentuaren akzioak