Dokumentuaren akzioak
Ygor Yebra, klasikoaren zentzua
Hau guztia jakinik, ez da batere harritzekoa Ygor Yebraren esana. Gogo biziz etorri zen Bilbora bi arrazoik bultzatuta. Batetik, Euskaldunako irekieran parte hartu ez izanak sortu zion amorrua ahazteko nahia, eta bestetik Euskal Herriaren aurrean dantza klasikoak eta Ygor Yebrak oholtza gainean daukan balioa erakusteko guraria.
IKUSKIZUN aberats bezain zaila ekarri zuen. Lau koreografia ezberdin, punta-puntako sei dantzari (bera tartean) eta zenbait koreografia berrien aurkezpenak. Euskalduna bi egunetan bete zen, prentsak oihartzun nahiko handia eman zion, eta Ygorrek ondo jaso zuen apustua. Komunikabideen aurrean gauza garrantzitsu batzuk aldarrikatu zituen, eta oholtza gainean gehien dizdiratzen duen izarra erakutsi zuen. Estilo bakar batean ezezik, bikotea lagun zuela, ariketa teknikoenetan, bakarka edota sentimendu berezia eskatzen zuten agerraldietan aritu zen. Ricardo Cue-k zuzendu zuen ikuskizuna, eta berak azpimarratu zuen batez ere Ygor Yebrak egin zuen ahalegina. 50 minutu baino gehiago egin zituen oholtza gainean, ariketa fisiko zein psikiko garrantzitsua egin zuen, baina lortu zuen bilbotarrak liluratu eta haren estiloarekin maitemintzea. Lehenengo, «Daphnis y Chaloe» koreografia aurkeztu zuen Lola Greco lagun zuela. Jose Granero argentinarraren koreografiarekin eta Maurice Ravel-en musikarekin bikain moldatu zen bikotea. Granero binakako pausoen errege omen da sormen lanean, baina Greco eta Yebra baino bikote hobeagorik topatzea urratsak gauzatzen ez da erraza. Lehen aldiz baita ere «La muerte del cisne» dantzatu zuen. Sarri ikusi ohi da koreografia triste eta zail hau neskek dantzatuta, baina Ygorrek mutilentzako bertsioa taularatu zuen. Laster, gainera, bi bertsioek topo egingo dute Moskun, bertan bilbotarrak Maya Pliestseseskaya-rekin egingo baitu bikote. Azkena, aldiz, obra erromantiko batekin egin zuen: «Romeo eta Julieta». Klasiko bat; baina sentimendu osoz egina. Taldekide bikainak izan zituen (Lola Greco, Johan Kobborg, Letizia Guilliani eta Natalia Ogneva), baina denen ahotan etxeko semea geratu zen. «Oholtza gainean hitz egingo dut» aipatu zuen agerraldiaren aurretik egin zuen prentsaurrekoan. Berak ondoen menderatzen duen hizkuntza da dantza klasikoa, eta hortan moldatu zen ondoen. Etxeko dantzarien balioa aldarrikatu zuen ordu eta erdian. Dantzarekin zer erakutsi daitekeen azaldu zion 5.000 laguni, eta batez ere gure artean izar haundi bat badagoela erakutsi zuen.
ORAIN lau urte izan zen dantzan azken aldiz Bilbon. Ordutik hona asko aldatu dira gauzak Ygor Yebraren baitan, eta hori ere erakutsi zien bere bizilagunei. Orduko Ygor Yebra ez zen orain besteko Ygor Yebra. Jauzi handiak egin eta oholtzan teknika handiz mugitzen zen gazte horrek 26 urte egin ditu, oholtza gainean sentitzen ikasi du, eta sentimendu hori ikusleari helerazten dio. Teknika handidun dantzari asko daude; oso onak gainera, baina sentimendua erakusten dutenak ez horrenbeste. Hori da dantzari on eta handien arteko ezberdintasuna. Ygorrek igaro du bien arteko muga, eta bada dantzari handi.
Ez da erraza izango horrelako altxorra etxean gordetzea. Dantza klasikoaren bidea Euskal Herritik urrun dago, eta Ygorrek bide hortatik darrai bakarrean. Konpainia ospetsuenekin oholtza gainean, baina bakarrik darrai lanean. Berak nahiago horrela. Hala ere, Euskal Herriak badu altxorra etxean gordetzeko aukera. Ygorrek iragarri du oholtza uztean bere konpainia eratuko duela. Non ez daki. Erraztasun gehien ematen dion lekuan dio oraingoz, eta hori ere izan liteke Euskal Herria. Dantzaren bidea bertatik igarotzeko laburbidea izan daiteke Ygor gure artean edukitzea. Baina, laburbidea ez da aukera bakarra. Bidea eraikitzeko oinarri sendo eta asko behar dira. Ygor Yebra oinarri bat da, beste asko bezala. Sendoa bada, beste asko izan daitezkeen bezala, baina zerbaitegatik hasi behar. Ygor eta beste askorekin bidea eraiki daiteke
Dokumentuaren akzioak