Dokumentuaren akzioak
XX. mendeko familia baten bizitza dantzaren bidez irudikatua 'Urraska'-n
Zarena Zarelako elkarte berriaren lehen sorkuntza da Baionako antzokian emanen dutena asteburuan
Ikusgarria bost zatitan banatu dute, agerraldi bakoitzak familiak bizi
memento esanguratsu bat irudikatzen duelarik. Koldo Ameztoi ipuin
kontalariak idatzi eta irakurri testuak eginen duela agerraldien arteko
lotura, Urraska oroz gainetik dantza ikusgarria da,
proiektuaren oinarrian dagoen Benoit Lamerainek dioenez, xede nagusia
dantzari zuzendua: «Euskal dantzari ikuspegi berri bat eskaini nahi
diogu».
Lamerain, berez, txistularia da. Getariako (Lapurdi) dantza
taldean ari bereziki, beste leku zenbaitetan musikariak eskas zituztela
eta, han eta hemen ibiltzeko aukera izan duela dio azken hamar urte
hauetan . Eta hortik, ohar hauek bururatu: «Ideia eta sosa eskasa,
taldeen motibazioa apal, tradizioaz akituak anitz, beti dantza berak,
bereziki turisten aitzinean ematen direnak... Horren aitzinean bi
aukera ikusi ditut: egoera usteltzera utzi edo zerbait proposatu.
Dantzari onei proiektu berri batean parte hartzeko aukera eman nahi
nien. Euskal dantzaren urratsak oinarritzat hartuz, gustukoak ditugun
beste herrialdeetako musika eta eraginak sartu ditugu. Zeltak eta
georgiarrak, adibidez». Dantza koreografiak Pascale Lascanok eginak
ditu, hau ere Getariako taldekoa. Urraska lehena du.
Hogei dantzari dira orotara eta zortzi musikari. Hazparne,
Donapaleu, Getaria, Itsasu, Bardoze, Zuraide, Lekorne eta Senperekoak,
Lamerainek aukeratuak: «Emaitza bisuala garrantzitsua zait. Jantziak
ongi eramaten dituztenak dira denak. Gorputzetatik zerbait jalgiarazten
dutenak». Zenbatekin zuzenki harremanetan sartzeaz gain, hautaproba bat
antolatu zuen Getarian, eta bertan aurkeztuen artean egin zuen azken
hautaketa. Jantziak ere ikusgarriko beste «puntu nagusi» bat dira.
Garaiko jantzi zibiletatik inspiraturik, Catherine Kraushaarek eginak
ditu.
Proiektuak 15.000 euro balio du, antzokiaren alokairua barne.
EKEren laguntzarik gabe ezingo zutela gauzatu proiektua azpimarratu
nahi izan du Lamerainek. Hori bai, ikusgarria antzoki eder batean
ematea ezinbestekoa zitzaion Lameraini: «Baldintza onak beharrezkoa
dira, bai dantzari, musikari baita ikuslearentzat. Errespetatu behar
dira. Euskal dantza ikusgarri batentzat inportanta da jarleku erosoak
proposatzea». Sartzeak Baionako Elkarren salgai dira.
Dokumentuaren akzioak