Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka XVII. mendeko inkisizioa salatuko du Gero Axular Dantza Taldeak ikuskizun berri baten bidez

Dokumentuaren akzioak

XVII. mendeko inkisizioa salatuko du Gero Axular Dantza Taldeak ikuskizun berri baten bidez

'Higa' ikuskizuna larunbatean eskainiko dute 110 dantzarik Donostiako Victoria Eugenia Antzokian
Egilea
Sara Ibarguren
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2021/12/09
Lotura
Noticias de Gipuzkoa
Juan Luis Unzurrunzaga zuzendaria, Ane Rincón eta Aimar Pérez dantzariekin.
Juan Luis Unzurrunzaga zuzendaria, Ane Rincón eta Aimar Pérez dantzariekin. Iker Azurmendi

Gero Axular Dantza Taldeak Higa izeneko ikuskizun berria eskainiko du larunbat honetan, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, arratsaldeko 19.00etan. XVII. mendearen hasieran Donibane Lohizuneko emakumeek sufritu zuten inkisizioaren jazarpena islatzen duten 26 dantza desberdinez osatuta dago ikuskizuna eta guztira 110 dantzarik hartuko dute parte. Horrez gain, bederatzi musikarik zuzeneko musika eskainiko dute ordu eta erdi irauten duen emanaldi horretan. Higa ikusi nahi duenak eskuragarri ditu sarrerak Donostia Kulturaren webgunean.

Juan Luis Unzurrunzaga koreografo eta Gero Axular Taldeko zuzendariak aurkeztu du Higa gaur goizean, Victoria Eugenia Antzokian, eta berarekin izan dira Ane Rincón eta Aimar Pérez dantzariak ere. "XVII. Mendean Donibane Lohizunen emakumeek ikaragarri sufritu zuten emakume izateagatik. Emanaldiaren lehenengo zatian ikus daiteke nola gizonezkoak Terranova aldera joaten ziren baleak arrantzatzera. Bitartean, emakumeak bakarrik geratzen ziren herrian beraien familia eta etxea zaintzen. Garai haietan liskar batzuk izan ziren Lapurdin eta Frantziako erregeak Pierre de Lancré epailea bidali zuen bertara auzi hori konpontzeko. Lancré konturatu zen lurralde osoan emakumeek gobernatzen zuten gizarte-antolamendua zegoela eta baita berak ezagutzen ez zituen hizkuntza eta kultura berezi bat ere. Hori Frantzian pentsaezina zen, beti gizonezkoa baitzen etxea gobernatzen zuena", azpimarratu du Unzurrunzagak.

Horrez gain, Lancréri ezinezkoa omen zitzaion ulertzea emakumeek sendabelarrekin pertsonak sendatzen zituztela, medikurik gabe. Mutiko eta neskatoei galdeketak egin zizkieten, eta ondorioztatu zuten lapurtarrak ez zirela frantziarren edo espainiarren ezpalekoak. Lancréri ez zitzaion gustatu ez hain bizimodua, lan egiteko modua eta ezta haien janzkera edota dantzak ere. "Zuzenean sorgin gisa izendatu zituzten, eta torturatu eta bizirik erre zituzten. Ikuskizuneko historia gizonak Terranovatik itzuli zirenean eta liskarrak pixka bat baretu zirenean amaitzen da", azaldu du.

Unzurrunzagaren arabera, historian zehar inkisizioak indar asko izan du eta emakumeak oso gaizki tratatuak izan ziren. "Egoera hori salatu nahi dugu ikuskizun honen bidez. Gaur egun, oraindik ez dago gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun hori eta nahiz eta historikoki inkisizioa oso markatuta egon, gaur egungo egoerak ere injustua izaten jarraitzen du", azpimarratu du.

Higa lau zatitan banatu dute. Lehenengoan Donibane Lohizuneko marinelen bizimodua kontatzen da; bigarren zatian bertan gertatu ziren liskarren eta Lancréren etorreraren inguruan hitz egiten da; hirugarrengoan Lancrék emakume horiek sorginak zirela uste zuela azaltzen da; eta laugarren zatian gizonezkoak itzuli eta nolabait "bizitza normala" bueltatzen dela adierazten da. "Zuzeneko musika egongo da eta abesti batzuk Andoni Iparragirrek, gure musika zuzendariak, egin ditu. Beste abestiak aurretik ezagutzen genituen, baina moldaketa batzuk egin dizkiegu. Erabiltzen ditugun koreografia eta dantza guztiak berriak dira, baina pauso tradizionalak erabiltzen ditugu, eta jantziak ere berriak egin ditugu ikuskizun honetarako. XVII. Mendean gure kostaldean erabiltzen ziren jantzien itxura dute", zehaztu du.

Nabarmentzekoa da gizarte-konpromisoa praktikara eraman dutela lan berri honetan Emaus Fundazioarekin eta ApoyoDravet elkartearekin egindako hitzarmenak baliatuta. Hori dela eta, ikuskizuna hasi baino lehen ApoyoDravet elkarteak sari bat emango dio Gero Axular Dantza Taldeari.

Dokumentuaren akzioak