Dokumentuaren akzioak
XV. mendean Euskal Herrian agerturiko buhameek utzitako aztarnak aztertzen
Zein eragin izan dute ijitoek Euskal Herriko kultura eta folklorean? Herritar horiek XV. mende aldera agertu ziren Euskal Herrian, eta horietariko zenbait XIX. mendera arte aritu ziren gure artean kokatzen. Artzain, laborari eta arrantzale izan ziren bete zituzten lehenengo ofizioak. Egun buhameen bizilekuak ongi ezagutuak badira ere, mendez mende Europa osoa zeharkatu duten herritar horiek euskal kulturan izandako eragina gutxi aipatu da. Hori aztertzeari ekin dio Nicole Lougarot Hebendik elkarteko kideak eta Zuberoako kultur animatzaileak. Zuberoako tradizioan hasi du bere ikerketa. Hori bai, Euskal Herriko beste leku batzuetako antzeko erritoak ere aztertu ditu.
Xiru festibalarentzat ijitoekin kontaktuan jartzeko datu batzuk bilatzen ari zela, uste gabean, Zuberoa eta Nafarroa Beherean 1802an buhameen kontra izandako sarekadaren berri izan zuen Lougarotek. «Ez nuen sekulan entzun hori aipatzen», azaldu zigun zuberotarrak.
Orotara, bostehun bat ijito atxilotuak izan ziren garai horretan, eta gizonak galeretara edo armadara bidaliak izan ziren. «Buhameak aipatzen dira noski, baina, Zuberoan ez da esaten ijitoak zirela. Aipamen ez horrek populu horri buruzko hainbat galdera piztu dizkit», gehitu zuen Lougarotek.
Horiek horrela, Zuberoan bizi izandako ijitoei buruzko ikerketak abiatu ditu, eta bereziki XV.mendetik goiti Zuberoako kulturan populu horrek izandako eragina aztertu du. «Hori ikusiz, pentsatu dut: baina zer demontre egiten dute buhameek maskaradetan? Xorrotxak ba al dira Zuberoan esaten den bezala benetan Auverniakoak, eta kauterak Saint-Godens herrialdetik etorritakoak?», galdetu zuen Nicole Lougarotek. Honela, ikerlari zuberotarrak uste duenez, maskaradetako gorri eta beltzen desfilea ijitoek osatzen dute.
Hori frogatzeko, maskaradetako barrikadei buruz 1897an J.D.J. Salaberrik idatzitakoa gogoratu zigun: «Gure gazte herritarrak, denak maskarada jasotzeko jantziak, erratzak eta makilak eskuan dituztela herriko sarrerara doaz korrika, emakume eta haurrak hurbiltzen zaizkie, inbaditzaileei aurre egiteko. Baina, barrikadak ez du luzaz iraunen. Cherrero buru dagoela, buhame jaunak tiroka egin orduko, katea hausten da, eta desfile osoa herrian sartzen da». 1721eko Zuberoako Estatuetan benetazko buhamiak era berean kanporatu behar direla erraten da.
Nicole Lougarotek maskaradetako pertsonaiak banan-banan aipatzen ditu lotura nabarmena agerian jartzeko asmoz. «Maskaradetan gorriak izeneko pertsonaiek ez zuten gaur egungo noble eta zintzotasun irudia», argitu zigun.
Buhame jaunak, kauterek edo musikariek ijitoen populuari erreferentzia zuzena egiten diotela argitu ondoren, gathuzaina, kantieniera, zamaltzaina edo xorrotxa bezalako pertsonaietan ere erreferentziak ikusten dituela aipatu du. Kantiniera, esate baterako, buhame emakumea deitzeko erabiltzen zen XIX.mendea aitzin. Georges Herellek, garai horretan idatzitako liburuan, hurrengoa dio emakume hori aipatuz: «Bere arrazako emakumeek bezala jantzita, elikagaiak zaldunari eskaintzen zizkion goraturiko soinekoaren tolesturan. Emakume proxeneta izena eman ohi zioten, eta ikusgarri guztian zehar botatzen zituen irainek izendatze hori justifikatzen zuten». Georges Herellen liburuan, xorrotxak beraien lanbideari eta neskei buruz «zozokeri» andana azaltzen dituzten kalakariak bezala definitzen dira: «Jendeari hurbildu eta, txanpon batzuen truke, konplimenduak botatzen dizkiete bertsoz, baina deus ematen ez bazaie, konplimenduak irainak bilakatzen dira laster».
Pertsonai horiek aztertu ondoren, Lougarotek galdera zehatz bat pausatzen du: «Maskaraden bidez ez al gara trufatzen hain gaizki jaso dugun populu horretaz?». Izan ere, garaiko liburuetan ijitoak maskaradetan agertzen diren pertsonai horiek bezala deskribatzen dira.
Pertsonai askok ijitoei erreferentzia zuzena egiten badiote ere, beste batzuk nondik datozen argitzeko duela azaldu zigun Lougarotek. «Ihauteria neguaren eta udaberriaren arteko lotura egiten duen erritoa da. Azken hamarkadetan egituratu den eran, ijitoen populuaz trufatzeko era ikusten dut», jarraitu zuen esaten.
Horrenbestez, oraindik gauza asko ikertzeko geratzen zaizkiola aitortu zuen, baina ihauterien erritoan «historialariak ijitoak ahantzi» dituztela uste duela gehitu zuen. Nicole Lougarotek argi utzi nahi izan zuen maskaradak ez zirela ijitoen etorrerarekin asmatuak izan, eta lehenagotik ere Euskal Herrian bazegoela errito hori. Baina, bere ustez, urteak aurrera egin ahala bilakaera bat izan dute maskaradek. «Ez dakit zuzen zein garaitan hasi ziren buhameak ihauteriaren pertsonaiak izaten, baina ez da bakarrik maskaradan gertaturiko bilakaera. Izan ere, Europako beste ihauterietan ere ikusten dira buhameak», gehitu zuen.
Influentzia anitzak
Thierry Truffaut antropologoa da, eta Euskal Herriko ihauteriei buruzko ikerketa ugari burutu ditu. Nicole Lougaroten teoriak aipatzerakoan, gauza asko interesgarritzat jo bazituen ere, zenbait puntutan zalantzak azaldu zituen. Bere esanetan, Hebendik elkarteko ordezkariaren erranak sakonago aztertzea merezi dute. «Lougarotek azterturiko txostenak hainbat galdera pausatzen ditu. Nire irudiko berak azaltzen dituen konklusioak baino konplexuagoa da gaia», argitu zuen. Azaldu zigunez, ijitoen eragina ikerlariek duela laurogei bat urte aztertu zuten jada. «Euskal populuaren kulturan influentziak anitzak dira. Oso herri irekia izan da beti euskalduna, beti azaldu die interesa kanpoko kulturei. Beraz, euskal kulturan Euskal Herria zeharkatu duten populu ezberdinen isla dago. Horien artean ijitoak daude», goraipatu zuen ikerlariak. Hala ere, ijitoekin lotura zuzena egitea sobera erratea zela esan zuen. «Ihauterietan itsusi eta ederraren nozioak argiki agertzen dira. Urte zahar eta urte berriaren arteko lotura da. Europako kulturetan zer dela eta erabiltzen da pertsonai bat urte berria adierazteko eta beste bat urte zaharra adierazteko? Errito hori arrazakeria baino urrutiago doa», azaldu zuen.
Thierry Truffautentzat ihauterietan «beldurrak» adierazten dira. «Arazoa berdina izan da agoteekin, lepradunekin edota mairuekin. Gipuzkoako herri batean, esate baterako, asto baten gainean doan arabiarra harrapatzeko alardez janzten dira ihauteri garaian. Irudi arrazista horren gibeletik beste nozio bat dago: beldurrarena. Galdera hurrengoa da: Zergatik agertu behar dituzte beraien beldurrak era trufakor batean? Arazo hori aipatzea interesgarria da, baina argi dago auzia arrazakeria arazo hutsa baino askoz ere sakonagoa dela», azaldu zuen Truffautek. Amaitzeko Lougarotek aipatutakoak sakontzea merezi duela nabarmendu zuen.
Dokumentuaren akzioak