Dokumentuaren akzioak
XIX. mendean oso bestelakoak ziren
Donostiako inauterien inguruko liburua argitaratu du Juan Antonio Antero musikariak. Urtetako ikerketa lanaren emaitza bildu du ‘Eraldeak. Donostiako Inauteriak XIX. mendean’ lan mardulean.
Hiria 1813ko abuztuaren 31an suntsitu ondoren, Donostiako inauteriak suspertu egin ziren. XIX. mendean sorturikoak dira gaur egun neguan ospatzen diren jai nagusienak. Ordutik, ordea, asko aldatu dira. Horregatik, eta iraganeko ondare hura galdu ez dadin, Juan Antonio Antero musikariak (Parte Zaharra, 1947) Eraldeak. Donostiako Inauteriak XIX. mendean: Istorioak, eraldeak, bertsoak, poesiak eta musikak (Kutxa Fundazioa) liburua argitaratu du.
1816. eta 1900. urteen arteko Donostiako inauterien deskribapen aberatsa jaso du Anterok. Liburuan, jaiak imajinatu zituzten sortzaileak, parte hartu zuten herri kolektiboak, agertokiak, programak eta elementuak agertzen dira. Era berean, himnoak, martxak eta koreografiak nola sortu ziren kontatzen du. Horretarako, partituren eta literatura piezen bolumen zabal bat berreskuratu du. Izan ere, irakurtzeko liburua ez ezik, entzuteko liburua ere bada. Partitura batzuen alboan QR kode bat txertatu du pieza horiek entzun ahal izateko.
Eta zer dira eraldeak? Anterok euskarazko hitz hori berreskuratzea erabaki du. Eraldeak konpartsen sinonimo dira. Jose Bizente Etxagarai idazle donostiarrak erabili zuen aurreneko aldiz XIX. mendeko Bai, bai, bai izeneko olerkian: «Egunero badatoz / jende kanpokoak / ikustera eralde / plaza berrikoak; / bai, bai, bai, festatxo / iñauterikoak».
Antzinatik datoz
Inauteriak eta eraldeak antzinatik daude Donostiari lotuta, baina ez dago hiriaren suntsiketaren aurreko informaziorik, sutean udal artxiboa erre zelako. Horrela ere, hiriko inauteriei buruzko aipamenik antzinakoenetako bat 1595ekoa dela dio Anterok. Epai batek inauterietan gertaturiko borroka baten pasadizoa jaso du liburuan: «Otsailaren 8an gertatu zen, Santa Katalina auzoko atsedenleku publikoan. Jan, edan, emakumeekin dantzatu eta kartetan dirua jokatu ondoren, desafio eta duelu bat egin zen ezpata eskuan hartuta. Pedro San Martin izeneko batek zauri bat egin zuen buruan».
1732. urteko beste gertaera bat ere aipatzen du Anterok: «Felipe V.a errege zela, Espainiak Oran berreskuratu zuen. Ekintza militar hartan, hainbat euskal ontzik parte hartu zuten. Hori ospatzeko hainbat ekitaldi egin zituzten Donostian, eta haien deskribapenak erakusten du inauteri izaera zutela». Bestalde, Donostian ohikoa zen errege-erreginei, militarrei, politikariei eta pertsona ospetsuei harrera bikainak egitea, eta, horretarako, jai handiak antolatzea. «Jai horietan, inauterietako eralderik onenak irteten ziren», dio Anterok.
Ehun baino gehiago
1816. urtetik aurrera, ehun eralde baino gehiago sortu ziren Donostian. Estudiantina, Andaluzada eta Valentziako Itsuen eraldea izan ziren lehenengo konpartsak. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa batean kontatu du garai hartako testuingurua: «Donostiako gizartean harresi barruan bizi zen jendea goi mailakoa zen, eta kanpoan bizi zena, aldiz, maila apalekoa. Harresi barruko jendeak negozio handiak zituen, eta harreman handia izaten zuten Europarekin, produktuak saldu eta erosteko. Euren seme-alabak kanpora bidaltzen zituzten ikastera, dirua zutelako. Seme-alaba horiek hasi ziren inauteriak ospatzen 1816. urtean, estudiantina batekin».
Gerraostean, Donostiako gizarteak ezaugarri sozial eta ekonomiko aldakorrak izan zituela dio Anterok liburuan. 1816tik 1990ra inauteriek izan zuten bilakaera laburbildu du: «Hasiera batean, 1816tik aurrera, inauterietako egunetarako prestatutako emanaldietan nabariak ziren 1813an gertatutakoaren zirrararen oihartzunak. Geroago, Hirurteko Liberaleko gorabeherek eta ondorengo Ehun Milen inbasioak (1823) eta bi karlistaldiek (1836-1839 eta 1972-1876) eragina izan zuten jaian, eta jaia etenda geratu zen aldi luzeetan».
Donostiako inauteriak 1880ko hamarkadan eraldatu ziren. «1881etik 1900era bitarte, Donostiako gizartea, aberatsagoa eta ikuspegi kosmopolitagoa zuena, Europako hiriburu handietako inauteriekin lehiatzeko moduko mailara iritsi zen. Ikusgarritasun eta erakargarritasun handiagoa izateko, eraldeak kabalgatetan txertatu ziren», azaldu du Anterok. 1891tik 1899ra bitarte, inauterietan ez zen kabalgatarik eta eralderik atera, eta jaia dantza lokaletara eta elkarteetara eraman zen. Nolabait «pribatizatu» egin zela adierazi du Anterok.
San Sebastian eguna
XIX. mendeko Donostiako inauteriak San Sebastian egunean hasten zirela nabarmendu du Anterok: «Urtarrilaren 20tik aurrera, jaiegunetan eta igandeetan sokamuturra egoten zen goizez, arratsaldez eta gauez. Danborradaren eta inauterien artean hiritarrek festak izan zitzaten, kaldereroen eta inude eta artzainen konpartsak ateratzen ziren, zubi moduan edo». Hain zuzen ere, San Sebastian eguneko danborradak, eta otsaileko kaldereroen zein inude eta artzainen konpartsen desfileak dira gaur egun arte iraun duten bakarrenetakoak.
Inauterien nolakotasunari dagokionez, Anterok dio XIX. mendeko Donostiako inauteriak «hiri inauteriak» izan zirela. Juan Garmendia Larrañagaren Iñauteria eta Julio Caro Barojaren El Carnaval liburuak erabili ditu hori berresteko. Batez ere, Caro Barojak aipatzen duena berreskuratu du: «Hainbat hiritan, eralde musikalak ateratzen ziren, eta bertako poetek eta konpositoreek jaia goresteko melodia eta letra berriak idazten zituzten haientzat urtero».
Hain zuzen ere, Anteroren ustez, hiru dira XIX. mendeko Donostiako inauterien oinarrizko elementuak: musika, poesia eta dantza.
«Altxor kulturala»
Garai hartako inauterietatik ezer gutxi geratzen da gaur egun. «Hautsi egin da lehengo istorioa, eta, orain, beste istorio bat da, guztiz desberdina», adierazi du Anterok. «Gaur egungo inauterietan ez dago horrelakorik. Errespetu guztiarekin diot. Ez dute hemen egindako musikarik, eta hemen badaude elementu onak musika egiteko. Bertsolariak eta poetak ere letrak egiteko. Hemen abesbatzak eta elkarteak ditugu. Elkarlan bat behar da era moderno batean gure kulturaren elementu horiek mantentzeko».
Iraganeko inauteria berreskuratzearen aldekoa da: «Donostiako altxor kulturala da, eta saiakera egin behar genuke denon artean berriz ere antolatzeko». Beraz, eraldeek hartuko ote dute berriz ere Plaza Berria?
Dokumentuaren akzioak