Dokumentuaren akzioak
Xiru jaialdiak antzerkia, musika eta karriken koloreak barneratuko ditu
Aurten, lehen aldikotz, artisten egonaldiak antolatu ditu Gotaineko jaialdiak
Artista sortzaile zuberotarrez gain, lapurtarrak ere izanen dira bertan, baita frantziarrak ere. Kanpotarrekin trukaketak garatzea beharrezkoa sentitzen baitute, hain zuzen. Horretarako, aurten, lehen aldikotz, artista egonaldiak antolatu dituzte.
Kanpoko artisten egonaldiak
Bordeleko Le Grain konpainia heldu den astean bertan jarriko da Gotainen. Antzezlari, dantzari, musikari eta kantariak elkartzen dituen tropak, Mixel Etxekopar txirulariarekin, elkarlan bat muntatuko du. Hegalak deituko dute obra eta martxoaren 23an aurkeztuko dute.
Kanpoko bigarren tropa Aupres de Ma Blonde Nimeseko txaranga da. Aste batez Maulen jarriz, Euskal Herriko soinuak harrapatuko dituzte. Ondoren, martxoaren 24an emanen dituztenak. Alabaina, igande egun horrek Gotaineko karrikak harro-harro jarriko ditu. Karrika aipatzen dela, nolaz ez ekarri Mescagne obra. Le Petit Theatre de Painen Larresoroko antzerki taldeak lan horren bertsio berria emanen du 15:00etan Gotainen
Kabanak ere, maskaradetan hitza gehien erabiltzen duen pertsonaiak, bere lekua ukanen du igande horretan. Alabaina, egia guztiak azaltzen dituen aztia izanen da iaz Matalaz-en parte hartu zuten Zuberoako antzerkilarien lan berriaren gaia eta Gotainen aurkeztuko dutena.
Larunbatean ere, karrikako arteak bere lekua ukanen du. Izan ere, Eskiulako maskaradak Maulen ikusten ahalko dira. Aupres de Ma Blondetekin, elkarren musikak trukatuko dituzte, egun berean Gotaineko gelan La Moscheta lana aurkezteaz gain. Gelak ere karrikako usaian hartua izanen du Uztaro taldeak, Gotaineko gela apainduko baitu karrika bat bihurrarazteko.
Ostiralean, Gaü pasa, gaü basa ikusgarriko 50 dantzari, musikari eta antzezlari bilduko dira. Uztaritzeko inauteriko musikari eta dantzariak Mauleko gaineko plazara bilduko dira, besteak beste.
Titika ReKalt Tokia antzerki konpainiako kidea
«Pastorala eta maskaradak sinpatikoak dira, baina sentitzen da kanpoan egiten direnak ikasi eta irakasteko behar bat»
Nora Arbelbide / Baiona
Titika Rekaltek joan den irailean sortu den Tokia antzerki taldean parte hartzen du. Honek Xiru jaialdian, larunbateko 21:00etan bere sorkuntza eskainiko du lehen aldiz.
La Moscheta deitu duzuen lan berriak zer aipatzen du?
La Moscheta
XVI. mendeko Ruzante autoreak idatzi obra da. Historia, hiri bateko bazter- auzo zikin batean iragaiten da. Emazte libre bat dago, hiru mutil inguruan. Trageria bat bada, komedia del arte moduan idatzi izan zen. Lau antzerkilari ariko gara, bik euskararik ez baitzekiten, ez dugu euskaraz egiteko astirik ukan. Ondoko sorkuntzetan, euskaraz hartzea da xedea. e
Tokia deitu elkarteak ematen duen lehen sorkuntza da. Aurkezten ahal diguzu konpainia?
Urriatik geroz, benetazko antzerki talde bat bilakatua da. Aitzin, Michel Foucher-ek antzerki formakuntza batzu eskaintzeko sortu elkarte bat zen. Ohizko antzerkia emateaz gain, Zapalduaren antzerki bat egiten saiatuko gara.
Zuen konpainia berrikitan hertsi den Alozeko enpresa batean entrenatzen da, ezta?
Bai, ez baita antzerki tokirik. Duela urte zenbait Zuberoan gaindi ezker paretak altsatu dira. Baina nehor ez da axolatu kultur bizi bat planteatzen. La route du Fromage edo Donejakue bideaz arduratzen badira, eguneroko kultur erabilpenik ez dute proposatzen agintari publikoek. Tokiko jendeari da egitea.
Zuberoako sorkuntza nola ikusten duzu?
Bada nahikeri bat gauzak profesionalki egiteko. Azken bost urte hauetan, geroz eta sorkuntza gehiago ikusten da, azken 15 urteetan ere senditzen bazen. Baiona edo Pabeko ekitaldi kulturaletatik 1:30etara gaude. Gure gain da beraz zerbait egitea. Pastorala eta maskaradak sinpatikoak badira ere, senditzen da behar bat beste zerbait egiteko, kanpoan egiten diren gauzak ikasi eta ondoren irakasteko.
Zuberoko sorkuntza eukal munduan gelditzen ote da?
Iaz Matalaz eman eta, ohartu gara euskal kulturaz batere axola ez dutenek ere lan egiteko gogoa badutela. Mauleko musika eskola, adibidez, arras idekia agertu da.
Dokumentuaren akzioak