Dokumentuaren akzioak
Xemeingo Ezpata Dantza, San Migel Egunez, Arretxinagan
Jaietako egun nagusiagaz amaitu dituzte festak Arretxinagan. Ohiturazko dantzak plazaratu zituen Zerutzuk: Xemeingo Ezpata Dantza eta Mahai Gainekoa
Jai eguna izan zuten atzo, markina-xemeindar askok, eta Arretxinagara joan ziren ohitura zaharra ikusteko prest. Meza ostean hasi zen ikuskizuna, eta berehala bete ziren plazaren inguruko jarlekuak. Maisu Zaharreren papera egin duen Eneko Amutxastegi dantzaria, aizto biak eskuan, besteen lepora altzatu zenean entzun ziren txalorik gogorrenak.
Ezpata dantzaren ondoren, Aurreskua dantzatu zuten Zerutxuko mutilek, eta gogoaren gogoagaz, txapel gorria arbolako adarretaraino bidali zuen batek. Ikusleen artetik, Soka Dantza, Fandangoa eta Arin Arin-a egitera gonbidatu zituzten zortzi emakume gero, eta denak batera dantzaldi dotorea eginda, Biribilketa alaian sartu ziren berriro, udaletxe zaharraren azpira.
Mokadutxoa hartzeko tartea hartu zuen jendeak, Brazztet taldea, plazaren albo batean kokatuta, jazz doinu ezagunak jotzen hasi aurretik. Horrela, jarlekuak lekuz aldatu eta musikarien inguruan batu zen publikoa, era guztietako doinuak entzuteko asmoz.
Giza probak
Arratsaldeko ekintzak ordu erdi atzeratu zituen Arretxinagako Jai Batzordeak. Horrela, herri kirol saioa 18:30ean hasi zen.
Mendaro eta Berriatuko taldeak neurtu ziren Arretxinagako probalekuan. Guztiek eraman zuten lazo beltza, asteburuan zendu den herritarra gogoan.
Giza proban egin zuten lehenengo Berriatuko eta Mendaroko neska-mutilek. 20 minutuko saioan eta zortzi lagunen artean 650 kiloko harria eramanda, 42 untze, laurden bat, 4 metro eta 20 zentimetro egin zituzten Berriatukoek. Mendarokoa atera ziren probalekura gero, eta 42 untze, laurden bat 4 metro eta 30 zentimetro; Berriatukoek baino 10 zentimetro gehiago.
Giza proba estu-estuaren ondoren, trontzan, txingak eramaten eta txokor batzen ere egin zuten bi taldeetako kirolariek, zein baino zein gehiago zen jakiteko.
Dokumentuaren akzioak