Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Xemeingo azken ezpata dantza

Dokumentuaren akzioak

Xemeingo azken ezpata dantza

San Migel eguna ospatuko dute gaur Xemeinen; zehatzago esanda, Xemeingo Arretxinaga auzoan. Ohiturari jarraikiz, euskal dantzak eta herri kirolak izango dira nagusi

San Migel jaien egun handia ospatuko dute gaur Markina-Xemeinen (Bizkaia). Xemeindarrek, ordea, argi daukate sanmigelak zehazki Xemeingoak direla, eta ez Markinakoak. Hori horrela, Zerutxu dantza taldearen eskutik, jada ohitura bihurtu diren Xemeingo ezpata dantza, aurreskua eta mahai gainekoa ikusi ahal izango dira, bai goizean, bai iluntzean. Arratsalderako, herri-kirol saio ikusgarria antolatu du Arretxinaga auzoko jai batzordeak.
Egilea
Pello A. Zuazo
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/09/29
Lotura
Berria

18:30 aldera, giza probak egingo dira. Berritxuk (Bizkaia) eta Mendarok (Gipuzkoa) indarrak neurtuko dituzte Xemeingo probalekuan. Zortzi pertsonako talde mistoak izango dira, lau neska eta lau mutilez osatuak. «Berritxuko taldeko gazteenak 22 urte ditu, eta zaharrenak, 40», argitu du Eder Bergarak; hura da herri-kirol erakustaldia kudeatzeaz arduratuko dena. Berritxuarrek bi urte daramatzate entrenatzen, eta inguruko plazetan erakustaldiak egiten ibiliak dira; hala ere, ez dira inoiz Bizkaia mailan lehiatu. Mendaroko taldea, aldiz, profesionalagoa da alde horretatik, maiz aritutakoak baitira Gipuzkoako txapelketetan.

Hogei minutu izango ditu talde bakoitzak probalekuari ahalik eta buelta gehien emateko. «30 plaza [buelta] inguru egingo dituzte; hala ere, zaila da emaitza aurreikustea», esan du Bergarak. Probalekua 28 metro luze da, eta, tradizionalki 650 harria erabili izan den arren, oraingo honetan 550 kilokoa bultzatu beharko dute.

Jarraian, trontzalariek hartuko dute plaza. Emakumezkoen arteko lehia antolatu dute: Irati Arrate (Xemein) eta Uxue Ansorregi (Mendaro), Josune Laparre (Xemein) eta Irati Astondoaren (Zeanuri) aurka. Sei edo zortzi mozketako ohiko trontza saioa egin beharrean, lau txanda azkar egingo dituzte, bakoitzean hiru mozketa eginez. Txanda baten eta bestearen arteko atsedenaldietan, txokorrak bilduko dituzte bi mutil gaztek, eta Eder Bergarak bera eta beste lagun batek txingetan neurtuko dituzte indarrak. Azaldu duenez, Xemeingo txingak bereziak dira. Txinga klasikoen aldean, eurenak baxuagoak eta zabalagoak dira, eta kirtena mugitu egiten zaie. Bergararen esanetan, «zailagoak dira eramateko, belaunetan jotzen dutelako; hori dela eta, atzerago bota behar da gorputza». Esku bakoitzean 50 kilo altxatuko dituzte, eta lau plaza egitea da asmoa.

Asteburua jaietan

Ostiralean hasi zituzten jaiak xemeindarrek. Sustrajah Band eta Zea Mays taldeen doinuak entzun ziren herriko plazan, eta, gero, Fun&go erromeriarekin dantzatu ziren parrandazaleenak.

Asteburuan kirol eta kultur ekitaldi ugari izan dituzte. Larunbatean, goizean goiz hasita, BTT martxa egin zuten, eta, arratsaldean, Artibaiko beteranoen triangularra futbol partida jokatu zuten. Bitartean, Mus eta Briska Txapelketan aritu ziren kartazaleak, nor baino nor zuhurrago, sari nagusiaren bila. Igandean, irrintzi lehiaketa egin zen eguerdi aldera, eta arratsaldean Ez da kasualitatea bertso eta musika ikuskizunak bete zuen plaza.

Gaur, meza nagusia izango da Arretxinagako baselizan. Jarraian, dantza taldearen emanaldia eta herri-kirol saioa izango da. Iluntzean, antzezlana, eta, ondoren, jaien amaiera iragarriko da, su, argi eta txupinazo eta guzti.

Zerutxu dantza taldea Xemeingo ezpata dantza dantzatzen.

Zerutxu dantza taldea Xemeingo ezpata dantza dantzatzen. MADDI IBAIBARRIAGA / BUSTURIALDEKO HITZA

Dokumentuaren akzioak