Dokumentuaren akzioak
Txantxoaren apologia bat
Mozorroa, maskara edo mozorrotutako pertsona da txantxoa, hainbat hiztegiren arabera. Tolosako inauterietan, horrela esaten zaio ganbarako trapu zaharrak hartu eta inauterietan atontzeko moduari. Izaera horri heldu nahi izan dio Udaberri dantza taldeak, “aldatzen eta galtzen ari den inauterien muinera itzultzeko”, eta euskal inauteriak bilduko dituzte, otsailaren 14an, Gaur txantxo naiz ikuskizun berezian.
Estanislao Urruzola Uxola Tolosako idazleak izenburu bera jarri zien Tolosako inauteri errepertorioko 23. habanerari idatzitako bertsoei, eta Udaberri dantza taldeko kideei ez zaie modu hoberik bururatu txantxo jantzia eta inauteria aldarrikatzeko.
Neguko emanaldi bat prestatzeko gogotik sortu da proiektua, Xanti Nazabal Udaberri dantza taldeko kideak azaldu duenez. Antza, dantza taldeei luze egiten zaizkie uda ondorengo hilabeteak, eta sukaldeko lanetarako baliatu ohi dute garai hori. “Taldean motibazioa pizteko, inauterietan zerbait egitea bururatu zitzaigun”.
Ideia horretatik, gainera, beren ezagutza handitzeko bideak ere ireki nahi izan dituztela dio Xabi Artola Udaberri dantza taldeko kideak: “Inauteri dantza asko egin eta irakatsi izan ditugu, baina zantzu gutxi batzuk bakarrik genituen. Ikuskizuna aukera polita izan da euskal inauteriak osotasunean ezagutzeko”.
Azken hiruzpalau hilabeteotan, Gaur txantxo naiz prestatzea izan da Udaberri dantza taldearen jardun nagusia. Dokumentazio lanarekin ekin zioten prozesuari, dantzez gainera euskal inauterietako pertsonaia, material eta ohiturak jasoz: “Ondo informatu nahi izan dugu, erreprodukzio ahalik eta benetakoenak egiteko; liburuak eta argazkiak baliatu ditugu, besteak beste, horretarako. Gabonetako oporraldian, inauterietako pertsonaiak eta elementuak eskuz egiten aritu gara”.
Dokumentazio eta artisautza lanaren eskutik joan da, noski, dantzena ere, eta Udaberri dantza taldeak arreta berezia jarri nahi izan die Tolosaldeko inauteriei: “Eskualdean oso inauteri aberatsak dauzkagu, dantza, izaera eta jantzi propioak dituztenak. Konturatu ginen Euskal Herriko hainbat tokitara joanak ginela hango dantzak ikastera, eta, aldi berean, ez genituela ezagutzen Tolosaldeko zenbait dantza. Aukera baliatu dugu, horrenbestez, Amezketako talaiak, Abaltzisketako txantxoak eta Lizartzako inauteri dantzak ikasteko”, azaldu du Urruzolak. “Bertako dantzariek zuzenean irakatsi dizkigute dantzak, prestutasun osoz, eta asko eskertzen diegu. Dantza horiek ikastea arnasa hartzea izan da, nolabait; zor hori kitatu dugula sentitzen dugu”.
Gaur egun Udaberri dantza taldean ari direnekin batera, gazteagoak ere ari dira ikuskizuna prestatzeko lanetan, eta Nazabal eta Artola bat datoz prozesua aberasgarria izango dela: “Jendea ordu asko eskaintzen ari da honi, eta arrastoa utziko du”.
Ordubete inguruko saioan, emanaldi pedagogikoaren tankera ere hartuko du ikuskizunak, Ziripot, Pitxu, Mielotxin eta halako pertsonaia ezagunez harago inauteri bakoitza ospatzeko moduak erakutsiko baitituzte taula gainetik: “Ez da dantza emanaldi klasikoa izango; inauterien berezko izaeratzat daukaguna azaleratu nahi baitugu: dantzarekin batera, musika, kantuak, bertsoak eta antzerkia ere izango dira. Istorio txiki baten bueltan eraikiko dugu saioa, eta bidaia bat egingo dugu euskal herrietako inauteriak ezagutuz”.
Kultur adierazpenen uztartze horretan, 50 pertsonak parte hartuko dute guztira, eta Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa zeharkatuko dituzte Tolosako Zerkausitik. “Inauteri asko kanpoan geratu dira, euskal inauteri ikonikoenak aukeratu baititugu, eskualdekoekin batera”.
Atarikoaren atarikoa
Datorren otsailaren 15ean helduko dira kaldereroak Tolosara, eta haiek iritsi bezperan izango da Gaur txantxo naiz: “Gure saioa ostiralean izango da, txupinazo ekitaldi baten pareko, dena irekiz. Alde horretatik ere oso gogotsu gaude, lana bukatu eta festa hasiko dugulako”.
Nabari da Tolosako inauterien atariko egunak direla, eta bat baino gehiago dantza taldeko kideen grina berberarekin joango da emanaldira. Taldekideek, dena den, ez diote inori atea itxiko: “Musika eta dantza gustuko dituztenak, inauteriak maite dituztenak, kulturaren inguruko interesa dutenak eta edozein herritar gustura egongo da emanaldiari begira. Ez dugu egin publiko jakin bati begirako lanketarik, eta gozatzeko ikuskizun erraza izango da”.
2017an ere, dantza taldeak hirurogei urte bete zituenean, taldeak Zerkausia baliatu zuen euskal jantzi tradizionalekin moda desfile bat antolatzeko; probaleku kutuna dute espazio hori. “Argi genuen emanaldi irekia izango zela; areto batean, jendearengandik urrun geratzen zara. Inauteria kaleratu nahi genuen, inauteria benetan kalean bizitzen delako. Gainera, Udaberri beti izan da herriari begira egon den talde bat, eta gure bidea kultur eragilearen bidea izango da beti: daukaguna herritarrei transmititu nahi diegu”.
Otsailaren 14an, beraz, gogo horrek eta Euskal Herriko txantxo eta pertsonaiek hartuko dute Tolosako Zerkausia. Ikuskizuna 20:30ean hasiko da, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko.
Dokumentuaren akzioak